Eibarko kopla zaharrak

Eibarren 17. eta 18. mendeetan gertaturiko bi auzi judizialetan, herrian kantatutako kopla batzuk izan ziren auzirako motiboa. 1685. urteko kasuko koplak Tolosako artxibategian berreskuratu ahal izan dira, eta Bergarako artxibategian 1688. eta 1721. urteetako kopla bana agertu dira. 1688ko agiriak ez daude egoera onean eta oraingoz ez da argitalpen akademikorik egin, baina beste bi urtetakoak aztertuak eta argitaratuta daude.

Bergarako artxibotik berreskuraturiko 1721eko auziko koplen hitzak, orain Eibarko udal artxiboan gordeak.

1685eko koplakː Kontu barri bat aldatu

1685. urteko abuztuaren 5ean, igandearekin, Migel Bazterretxeak kopla batzuk kantatu zituen Eibarko Untzagako plazan, jendearen aurrean, herrik erromerian, herriko Tomas Eltzartzaga bikarioaren bizitza sexuala astinduz. Bikarioa laster izan zen jakitun eta, bere aldeko lekukotasun batzuk bilduta, auzitara jo zuen. Bazterretxea atxilotu eta kartzelaratu ere egin zuten hargatik. Auziaren agirietan, koplak osorik ageri dira.[1]

Hitzakː Migel Bazterretxea aldatu

Hona, grafia berrituta, koplen edukiaː

Kontu barri bat zuzedidu da Errebaleko kalean,
Errebaleko kalean eta andra gazteen artean

Zeloak gora zeloak beera zeloan euren artean,
Ugartek orain aterako dau saltsea bere gainean
Bikarioa dogoa legez alegre eta librea,
andra guztiok beteren beste a darabile maitea.
Amodioa zoro da beti amoraduen artean,
Ugartek orain probatzen ditu zeloak zertzuk direan
Barikua soila da legez arik zapatu goizeko,
ordubietan presente dago Bikarioaren aurrean.
Zeloegatik enojaduta aserre zite zanean,
bere boltsearen eskatu jako publiko kale batean.
Aek alanik iragoarren Ugarte beti kalean,
Magdalentxori bentanarako bidea galdu artean.
Falta eztitu adiskideak Ugartek bere aldean,
Ibarrekoak egin ditue bakeak aen artean
San Kristobalgo señaladuta meriendia formatu
San Kristobalez akordatuta Mirabailesen juntadu.
Aldatzetikan Bikarioa ta Matxarirean Ugarte,
Ibarrekoak aldean ditu bere laguntzat an bere
Etxean ondo giaduarren ara ordu(ko) otzitu,
berotu baga meriendea jan ezin leike ziertu
Sua da legez gauza bearra aldean dabe ifini,
ango abarrak argi dakie erri guztiti (ageri)
Mirabailesko Palazioak obato dakiz kontuak,
ostera bere egingo dituz bakotxak bere kantuak

Azterketa akademikoa eta egokitzapen musikalak aldatu

1992ko liburu batean, kopla hauen analisia argitaratu zuen Eibarko Udalak[1]. Kantuaren metrika aztertu zuen Juan Mari Lekuona eta analisi musikologikoa egin zuen Jose Ignazio Lopez de Luzuriagak. Hizkuntza, kontestu historikoa eta auzi judizialaren nondik norakoak Antxon Narbaizak tratatu zituen. Liburuxkak Juan San Martin euskaltzainaren hitzaurrea ere badauka.

Narbaizaren analisiaren arabera, badira arkaismo interesgarriak testuko bizkaieran:

  • -rean ablatibo zaharra ('...ta Matxarirean Ugarte'ː Matxaritik Ugarte)-
  • sasi-subjuntibo baten arrastoren bat: zite zanean.
  • Lexiko mailako batzuk: yrago, amoradu...
  • Esapide guztiz ez-ohikoren batː 'baterren beste', zeinaren arrastoa 1596ko atsotitzetan baizik ez zegoen.

Lopez de Luzuriagak doinu eta partitura bat ere prestatu zien koplei 1992ko argitalpen horretarako[2]. Fran Lasuen musikari eibartarrak beste egokitzapen bat egin zuen[3], eta harekin grabaketa parea egin, bata Fran Lasuen & Eskuadra Zarra izenarekin argitaraturiko Aztarna diskoan (1996)[4], eta beste bat Hiru Truku taldearekin 1997an.[5]

1721eko koplakː Gitarria ta biolintxua aldatu

 
Armarri bat Eibarko Arragueta kaleanː Trupin botikarioa honen paretik igaroko zela pentsa liteke 1721eko koplen arabera.

Kopla hauek zekartzaten agiriak Bergarako Artxiboan zeuden. Eibarko eskribautzari zegozkiola eta, akordioa erdietsi zuten bi udalek, eta 2009an Eibarko Udal Artxibora idazkiz beteriko 158 kaxa iritsi ziren, 1537. urtetik 1866. urtera bitarteko dokumentuekin. Horien artean Yolanda Ruiz artxiboko arduradunak kopla hauek aurkitu zituen.

Eibarko bi emakumezkok apailatu eta kantatu omen zituzten kopla hauek, 1721. urtean. Angela eta Ana Maria Armona ama-alabak izan omen ziren eta haien kontra herriko botikario Agustin Ezenarrok aurkeztu zuen salaketa, bere kontrako koplak baitziren.[6]

Zera da koplen gaiaː "Trupin" jaunari (Ezenarro botikarioari) neska ederrak gustatzen zazikio eta horien atzetik ibiltzen da, ezkondu zein ezkongabeen atzetik. Lekeition ere antzera ibili omen zen eta horregatik bota zuten herritik. Ezenarrok zortziretan irteten du etxetik eta Eibarko Arragueta kale-auzuneko dama ederrei dei egiten zaie kontuz ibil daitezen.[7]

Hitzakː Angela eta Ana Maria Armona aldatu

Hona koplak, gaur egungo grafia eta puntuaziora ekarriakː

Gitarria ta biolintxua, / ederrak jakuz etorri,
ederrak jakuz etorri [eta] / Jaungoikuak baixe eztaki.
Arrabaleko dama ederrokd / ez arren urten etxerikǃ
Trupin jauna orra nun datorren / dama ederren ondorik.
Gitarria ta biolintxua / Atxakiatzat arturik,
Kaballeria ta perrukia / enkaxe puntaz beterik.
Tabakera bi or dabiltza / z-/sorabedarrez beterik,
zein ezkonduba zein ezkontzakia / Eztau iminten dudarik.
Orregaiterren atera eben / leen bere Lekaitiorik,
Arraguetako jentiak / leenago dauko jakinik.
Trupin jaun orrek zortzirak jota / urtetzen dau etxerik,

urtetzen dau etxerik [eta / dama ederren alderik

Musika ezezaguna bada ere, "Limosnatxo bat" doinuarekin kanta daiteke.[8]

Azterketa akademikoaː Kaltzakorta aldatu

Kopla hauen edukiaren azterketa Jabier Kaltzakorta euskalariak argitaratu zuen 2010ean.[9] Kaltzakortak ondorioztatzen du transkripzioa partziala dela, eta kopla gehiago kantatu behar izan zirela. Testuan zenbait arkaismo ere nabarmentzen ditu, hala nola ezkontzaka izena (ezkontzakia, artikuluarekin, ezkongabea) edo orregayterren forma (horregatik).

Azterketa historikoa: Iturbe aldatu

2018an argitaratutako azterketan, Aitor Iturbe ikerlari lekeitiarrak artxibo lan garrantzitsuaren ondorioak biltzen ditu. Besteak beste:[10]

  • Argi dago Agustin Ezenarro neskazalea zela; ez dago hain argi bortxatzailea zenik. Orduko testuingurua aztertuz, Iturbek ondorioztatzen du XVIII mendeko gizarte hartan ohikoak zirela: ezkontzatik kanpoko harreman sexualak, bai gizon (apaizak barne) eta bai andrazkoetan; hirukoteak (familia bereko kideak barne); abortoa...
  • Zentzu horretan, izan daiteke Ezenarrori egotzitako errua ez izatea zer egin zuen, norekin egin zuen baino (familia ospetsu bateko alaba gaztea), eta desterruarena familia boteretsu horren mendekua izatea.
  • Ezenarrotarrak, jatorriz Elgoibartarrak, familia berezia zirela: dirudunak, musikariak, ahoberoak... oilar xamarrak, nolabait esateko.Pleito asko izan zituzten behintzat (dokumentuetan jasota geratu direnak) eta ez Agustinek bakarrik, baita bere aurreko eta ondorengo belaunaldiko kideek ere, Elgoibarren, Lekeition eta Eibarren.
  • "Sorabedarrarena", Iturberen arabera, lo hartzeko belarren baten aipua litzateke. Eibarren Ezenarroren kontra emandako testigantzetan aipatzen da akusazio hori, eta ahozko literaturatik ere jakina da antzinan erabiltzen zela sistema hori (ikus: Isabelatxu balada ezaguna).

Erreferentziak aldatu

  1. a b Lekuona, Lopez de Luzuriaga, Narbaiza. (1992). 1685 Kopla Zaharrak. Ego Ibarra, Eibarko Udala ISBN 84-7086-286-3..
  2. Elkartea, Xenpelar Dokumentazio Zentroa – Bertsozale. «Kontu barri bat suzedidu da I - Doinutegia - BDB. Bertsolaritzaren datu-basea» bdb.bertsozale.eus (Noiz kontsultatua: 2018-02-09).
  3. Elkartea, Xenpelar Dokumentazio Zentroa – Bertsozale. «Kontu barri bat suzedidu da II - Doinutegia - BDB. Bertsolaritzaren datu-basea» bdb.bertsozale.eus (Noiz kontsultatua: 2018-02-09).
  4. Fran Lasuen & Eskuadra Zarra. (Noiz kontsultatua: 2018-02-09).
  5. Mendebaleko euskal kantuak II. (Noiz kontsultatua: 2018-02-09).
  6. «Eibarko Artxiboak Eskribautzako (1537-1866) 158 kaxa berreskuratu ditu» Egoibarra.eus (Noiz kontsultatua: 2018-02-08).
  7. Sarasua, Asier. «XVII-XVIII gizaldietako euskarazko koplak Eibarren — Eibar.ORG | Eibarko peoria» eibar.org (Noiz kontsultatua: 2018-02-08).
  8. «Gitarria ta biolintxua» https://tbx.eus/ (Noiz kontsultatua: 2018ko ekainaren 21a).
  9. Kaltzakorta, Jabier. (2010). «1721. urteko Eibarko kopla zaharrak» Litterae Vasconicae (Labayru Ikastegia) 11 (Noiz kontsultatua: 2018-02-10).
  10. Iturbe Gabikagojeaskoa, Aitor. (2018). «Gitarria ta biolintxua» Kurik (Lekeitio) (3): 66-70..

Kanpo estekak aldatu