Drapetomania XIX. mendean esklaboek ustez zuten buruko gaitza zen. Samuel A. Cartwrightek "ihesaren gaitza" moduan deskribatu zuen. Gaur egun, pseudozientziatzat hartzen da eta arrazismo zientifikoaren baitan kokatzen da.

Samuel A. Cartwright (1793-1863) psikologo estatubatuarra.

Samuel A. Cartwright

aldatu

Ondo trebatutako sendagilea zen Cartwright. John Brewer doktorearen aprendiz gisa hasi zen lanbidea ikasten. Ondoren Filadelfiako Benjamin Rush medikuaren apopilo izan zen eta, azkenik, Pennsylvaniako Unibertsitateko Medikuntza Eskolan osatu zituen ikasketak. Gerora AEBetako presidente izango zen Andrew Jacksonen zirujau ere aritu zen. Bestetik, konfederatu porrokatua zen; beltzak zuriak baino gutxiago zirela uste zuen eta hori zientifikoki frogatzen ahalegindu zen, abolizionisten aurka egiteko.[1]

Deskribapena

aldatu

1851ean, New Orleansen (AEB), Samuel A. Cartwright medikuak idatzitako Diseases and Peculiarities of the Negro Race (Arraza beltzaren gaixotasunak eta berezitasunak) artikulua argitaratu zen New Orleans Medical and Surgical Journal aldizkarian. Bertan, berak izendatutako gaixotasun baten berri jaso zuen: drapetomania edo gatibutzatik ihes egiteko gogoa. Ustezko gaitza esklabo beltzen artean oso zabalduta zegoela zioen, eta prebenitu eta sendatzeko aholkuak ematen zituen.[1]

Gizon zuria”, zioen artikuluan, “Jainkoaren borondatearen aurka, menpeko beltza bere mailara jasotzen saiatzen bada, edo Jainkoak beste gizakiarengan eman dion botereaz abusatzen badu [...] beltzak ihes egingo du; baina jabeak esklaboa Bibliak esaten digun tokian atxikitzen badu, hau da, mendekotasunean; eta jabea bihozbera eta errukitsua bada, haren nahietara egokitu gabe, eta haren behar fisikoak ase eta gehiegikerietatik babesten badu, beltza liluratuta geratzen da eta ezin du ihes egin”.[1]

Beraz, errua ez zien esklaboei egozten, haiei “tratu xumeegia ematen dieten eta berdintzat dituzten” jabeei baizik. “Haurrak bailiran jokatu behar da haiekin, iheserako grina prebenitzeko eta sendatzeko”. Esklaboren baten ihesa hurbil sumatuz gero, “barruko deabrua zigorradez ateratzeko” gomendatzen zuen “prebentzio neurri” gisa. Baina batzuetan prebentzioa ez zen nahikoa, eta behatz lodien anputazioa gomendatzen zuen kasu larrietan, esklaboa lasterka ihes egiteko gai izan ez zedin.[1]

Esklaboen “alferkeria” ere patologia mentaltzat zuen Cartwrightek, eta izena jarri zion: Dysaesthesia aethiopica.[1]

Erreakzioak

aldatu

AEBetako hegoaldeko estatuetan zabalkunde handia izan arren, iparraldean barregarri utzi zituzten haren teoriak. Frederick Law Olmsted arkitektoak 1856an idatzi zuen langile zuriek ere iheserako joera zutela eta gaitza ziurrenik europar merkatariek eraman zutela Afrikara.[1]

Erreferentziak

aldatu
  1. a b c d e f Irazustabarrena, Nagore. (2016ko urriak 23). «Drapetomania, ihesaren gaitza» Argia CC-BY-SA lizentzia.

Kanpo estekak

aldatu