Dolo (zuzenbidea)
- Artikulu hau zuzenbide-terminoari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Dolo».
Doloa[1] delitu bat edo zigorra merezi duen ekintza bat egitearen ezagutza eta borondatea da. Doloa, beraz, bi elementuz osatuta egongo litzateke: bata, ezagutza elementua, eta, bestea, borondatea, delitua egitearen borondatea. Zuzenbide zibilean, berriz, kontratu-adostasunaren akatsa: kontratugile batek, hitz edo azpijokoen bidez, beste kontratugilea bultzatzen du kontratua egitera; hitz edo azpijokorik izan ez balitz, kontratugileak ez zukeen kontratu hori egingo (Espainiako Kode Zibileko 1269. artikulua).[1]
Hitzak latinezko jatorria du: «dolus» hitz klasikoa latin arruntez «dolo» bilakatu zen. Manuel Larramendik, "dolo" ordezteko, bere hiztegian atzipe nafar-lapurtar hitza –"engainu" esan nahi duena, eta "atzipetu" aditzaren erro dena– erabili zuen, eta Euskaltzaindiaren Hiztegiak ere jasotzen du.[2][3][4]
Definizioak
aldatuDoloa, autore asko eta garrantzitsuek definitu dute. Horien artean, Grisanti, Carrara, Manzini eta Jimenez de Asua aurki ditzakegu. Hauek, dolo bezala ulertzen denaren kontzeptu oso bat eman dute.
Hernando Grisantiren arabera, doloa, legeak, delitu bezala ulertzen duen ekintza bat egitera bideratuta doan borondatea da.
Francesco Carrararen arabera, legearen aurka doan ekintza bat egiteko asmoa da.
Vincenzo Manzinik honela definitzen du doloa: Eduki ezin daitezkeen beste baten legezko interesak urratu edo arriskuan jarri ditzakeen ekintza bat egitearen asmoa, inork behartu gabe, legeak ekintza hori erreprimitzen duela jakinda edo ez.
Luis Jimenez de Asuak, justiziaz kontrako emaitza baten produkzioa dela, eginbeharra hausten ari den kontzientziarekin, izatezko baldintzen jakintzarekin, eta baita giza ekintzen eta kanpoko munduaren aldaketen arteko berezko ibilbidearena ere, ekintza egiteko borondatearekin edo nahi den emaitza irudikatuz.
Fernando Castellanos Tenarentzat, justiziaz kontrakoa eta tipikoa den emaitza bat lortzeko asmoz egindako ekintza bat da.
Testuingurua
aldatuOraingo eskola penal ezberdinetan, doloari buruzko eztabaida, bereziki, jakintza kontzeptuari ematen zaion irismenari eta honen kokapen sistematikoari buruz irudikatu da.
Honela, kausalismoarentzat, (klasikoa eta neoklasikoa), bere momentu gorena 1870 eta 1930 artean izan zuen eskola penal alemaniarra, doloaren jakintza elementuak, ekintzen jakintza, hau da, egiten ari den portaeraren jakintza, eta, izatez, justiziaz kontrakoa dela jakitea, hau da, egiten ari den portaera, zigor zuzenbideak debekatzen duela jakitea. Doloa, kausalismoan, erruduntasunaren elementu edo ezaugarri gisa pentsatua dago. Kategoria honetan neurtzen dira zigorra merezi duen ekintzaren alderdi subjektibo edo psikologikoak.
Finalismoarentzat, bere momentu gorena 1945 eta 1960 artean izan zuen eskola penal alemaniarra, aldiz, doloaren jakintza elementuak, ekintzen ezagutza baino ez du bere barnean hartzen, hau da, egiten ari den portaeraren ezagutza. Doloa, finalismoan, tipikotasunaren elementu gisa kokatzen da, dolo-delituaren tipo subjektiboa delakoa eratuz. Justiziaz kontrakoa izatearen ezagutza, berriz, dolotik erabat aparte geratzen da eta erruduntasunaren elementu gisa hartzen da.
Doloaren elementuak
aldatuDoloak bi elementu garrantzitsu ditu:
- Jakintzarena edo intelektuala. Hau, pertsonaren barnean ematen da, bere burua eta ingurua ezagutzen baitu, eta, beraz, badaki bere ekintzak, errealitatearen aldaketaren jatorri izan daitezkeela, baita arau kulturaletan ezarriak dauden eginbeharren bortxakeriena ere.
- Borondatearena. Hau, pertsonaren nahietan dago giza kontingentziaren beharretan jatorria duten estimuluek motibaturik. Hemen dago nahia, zeinek inguruko mundua aldatzeko borondatea berresten duen, prozesu kausala sortuz, edo baita aldaketa hori onartzearena, parte hartzeaz at geraturik, berau gera dadin.
Doloaren bi elementu hauen eratorriz, gizakiak, ezagutzen duen bere adimenaren bidez, bere borondatea nahi duenera bideratzen du, eta hau, fenomenoki, ekintza edo ez ekintzetan agertzen da, batak zein besteak, emaitza batzuk sortuz.
Ikus daitekeen bezala, bi elementu hauek, ezagutza eta borondatea, elkarloturik, asmoa sortzen dute, kanpoko mundua aldatzen duten prozesu kausalen jatorri bezala edo baita euren jatorria arau kulturaletan duten arau penaletan ezarritako eginbeharraren bortxa, bietako edozein kasutan, hauek zaindutako ondasun juridikoen lesioa edo arriskuan jartzea eratuz.
Dolo motak
aldatuDolo mota ezberdinak daude. Honako hauek dira garrantzitsuenak
- Doloa bere intentsitatearen arabera: Generikoa edo espezifikoa. Generikoa, edozein pertsonari zuzendutakoa da. Espezifikoa, pertsona konkretu bati zuzendutakoa.
- Doloa bere zabalkuntzaren arabera: Zuzena edo inoizkakoa. Zuzena, emaitza zuzen bat lortzera bideratuta dagoenean izango da. Inoizkakoa, emaitza zuzen hori bilatu ez denean, baina irudikatu denean, eta, biktimari, txarren bat egitea bilatu duenean izango da.
- Baldintzatutako doloak edo inoizkakoak, hainbat kasu hartzen ditu, non, ez den batere erraza borondate elementua agertzen den edo ez erabakitzea. Toki zalantzatsu honek ezaugarri hau du: Bertan, egileak emaitza posiblea edo balizkoa bezala pentsatzen duela esaten da.
Inoizkako doloa, egileak, nahi ez duen emaitza baten posibilitatea irudikatzen duenean, baina, azkenean, berresten duenean gertatzen da.
Beste batzuentzat, halabeharrak jasandako minarekin zerikusia izan behar du, eta, honela, inoizkako doloaz, bakarrik, emaitza posible bezala aurreikusten denean, baina ez gertatzea nahi denean edo emaitzak berdin dionean hitz egin behar da.
Kontutan hartu behar da, erruduntasun eskalan, doloa tokirik gorenean dagoela. Erruduntasunak hiru maila ditu, behekotik goikora: ustekabeko kasua (errurik ez), errua eta doloa.
Erreferentziak
aldatu- ↑ a b Euskalterm: [Hiztegi terminologikoa] [2007]
- ↑ «Euskaltzaindiaren Hiztegia» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2022-05-22).
- ↑ «atzipe - Hiztegia - EHHE» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2022-05-22).
- ↑ Azkarate, Miren; L. Basaguren, Alberto. (2019). Lege-hizkera euskaraz: begiratu bat historian zeharrekoari eta zenbait gogoeta XXI. mendekoaz. Euskal Herriko Unibertsitatea, 28 or..