Zuzenbide zibila pertsona partikular edo pribatuen arteko harremanak eta erakundeak arautzen dituen zuzenbidearen adarra da. Beste zuzenbide arloen aldean zuzenbide zibilak pertsona guztiak era berean hartzen ditu, pertsona diren moduan, pertsonaren ezaugarri bereziak (langilea edo merkataria den, esaterako) kontuan hartu gabe. Horrela, zuzenbide zibilak pertsona partikularren ahalmenak eta eskumenak (pertsona bat noiz den adin txikikoa eta zer ondorio duen horrek), ondasunak (jabetza), familia (ezkontza, guraso eta semeen arteko harremanak) eta jaraunspenak edo herentziak, besteak beste. Herrialde gehienetan zuzenbide zibilaren puntu nagusiak kode zibila izeneko legeak definitzen ditu. Zuzenbide zibila zuzenbide pribatuaren baitan dago.

Kontzeptu historikoa

aldatu

“Zuzenbide Zibil” terminoaren esanahia aldatu egin da historian zehar. Egun duen edukia ez da irizpide logiko baten ondorioa, historian zehar jasandako bilakaeraren emaitza baizik. Jatorrian, arau multzo horren sorburua zuzenbide erromatarreko ius civile delakoa izan zen. Ius civile-ak zuzenbide pribatua eta publikoa, biak, hartzen zituen bere barruan. Erromatarrentzat herri bakoitzak berezko duen Zuzenbidea da ius civile. Izan ere, Erromak bere herritarrei baizik ez zien aplikatzen zuzenbide erromatarra; kanpotarrak aldiz, ius gentium bitartez gobernatzen ziren. Bestalde, ius civile tradizioan oinarritzen zen, eta forma aldetik oso zurruna zen; hori dela eta, Zuzenbide tradizional horren ondoan beste arau batzuk sortu ziren Pretorearen interpretazioetatik abiatuz, malguagoak eta trafiko juridikoari egokituagoak. Arau horiek denborarekin multzo autonomoa sortu zuten, ius honorarium delakoa. Edonola ere, K.o. VI. mendean Justiniano enperadoreak Erromako Zuzenbidearen bilduma agintzen duenerako bi arau-masa horiek (ius civile eta ius honorarium) elkarrekin nahastuta agertzen dira.

 
Zuzenbide zibileko tradizioak Europan zehar

Jakina denez, aipatutako konpilazio-lan erraldoi horri Corpus Iuris Civilis izena eman zitzaion. Bertan bildu zuen jurista hautatuen batzorde batek erromatarren zuzenbide guztia: arau pribatuak zein publikoak. Hala ere, Corpusean jasotako bi arau mota horien artean biziraupenik luzeena zuzenbide pribatuari zegozkion arauek izan zuten. Erdi Aroan, Justinianok bildutako zuzenbide erromatarra ediren zen garaian, gizartearen antolamendu politikoa eta administrazioa antzinatekoen oso desberdinak ziren, eta, horregatik, Corpusa aurkitu eta erabili nahi izan zutenek zuzenbide pribatuko arauak besterik ezin izan zuten kopiatu eta erabili. Garai horretan, beraz, Corpus Iuris Civilis-aren zati bateko harreraren ondorioz, zuzenbide pribatuarekin berdindu zen ius civile delakoa.

Aipatutako zuzenbide erromatarraren harrerarekin batera, zuzenbide kanonikoak eragin handia izan zuen Erdi Aroko arautegietan, nahiz eta eragin hura zuzenbide pribatuan baino gehiago prozedurazko arauetan nabaritu zen. Dakigunez, Corpus Iuris Canonici eta Corpus Iuris Civilis delakoen harrera Italian hasi zen, Frantziara zabaldu zen ondoren eta handik Alemania, Espainia, Polonia eta beste herrialde batzuetara hedatu zen; Ingalaterra, Eskandinavia eta Herri Eslaviarrak, berriz, eragin horretatik kanpo geratu ziren. Edonola ere, Espainian, ez zen leku guztietan berdin hartu zuzenbide erromatarra. Zuzenbide erkidearen eragina tokian tokikoa izan zen: Katalunian eta Mallorcan oso sakonekoa; Gaztela eta Valentzian, garrantzitsua izangatik ere, azalekoagoa izan zen; Aragoi eta Euskal Herrian aldiz, oso txikia. Harreraren bitartekoei dagokienez, eta beste herrialde batzuetan gertatu legez, sortu berriak ziren Unibertsitateen bitartez sartu zen zuzenbide erromatarra Espainian: Palentzia, Salamanca, Sevilla, Valladolid eta Alcalako zentroak izan ziren zeregin horretan esanguratsuenak. Zuzenbide erromatarraren harrera-prozesuak Europako herrien zuzenbideari batasun moldea ematen dio pixkana: metodoari buruzko alderdietan lehenik, eta arauetan geroago (zuzenbide publikoari dagozkion arauak izan ezik, lehen esandako arrazoiengatik).

Aro Modernoan (XVI. mendetik aurrera), estatuak indartzearekin bat, bateratze-prozesuaren alderantzizko joera sortzen da, estatu bakoitzean Zuzenbide Erkidea berezitzera eramango duena. Bestalde, Erreforma protestanteak Europaren batasun espirituala haustearekin bat, Zuzenbide Kanonikoaren gainbehera hasi zen. Testuinguru berri horretan lurralde bakoitzaren zuzenbide propioak sendotu egin ziren, Zuzenbide Erkidearen kaltetan. Zuzenbide Erkideak, ordea, beste maila batean bazen ere, kulturazko adierazpen gisara, iraun egin zuen. Estatuek beren egitura eta boterea bermatu ahala (XVII. mendearen bigarren erditik XVIII. mendearen amaiera arte) antolamendu juridiko propioek betetzen dute apurka Zuzenbide Erkidearen lekua. Estatuaren indartze-prozesuak, berriz, Zuzenbide Zibilaren edukietan eragiten du; izan ere, Estatuak beretzat gorde nahi lituzkeen botere-guneak indartzeko, prozedurazko, administraziozko eta zigor mailako arauak aldarrikatzen ditu, Zuzenbide pribatuaren eremua nabarmen mugatuz. Joera hori areagotu egingo du XVIII. mendean Kodeketa-prozesuak.

Orain arteko guztia labur esanda: Zuzenbide Zibilari gaur egun duen itxura emango diona Zuzenbide Erkidearekiko eta Zuzenbide Publikoarekiko bereizketa-prozesua bera izango da.

Espainiako Kode Zibila eta zuzenbide zibila

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Espainiako Kode Zibila»
 
Espainiako Kode Zibilaren lehen orria (1888ko argitalpena).

Espainiako Kode Zibila berandu egin zen Europako gainerako Kodeekin alderatuz gero. 1812ko Konstituzioan egitasmo ziren beste Kode batzuekin batera idazten hasi baziren ere, Kode Zibila izan zen aldarrikatzen azkena. Horretarako arrazoiak askotarikoak dira: ezkontzaren auzian, liberalen eta Elizaren arteko desadostasuna zen oztopo batetik; eta, bestetik, arau zibilak bateratzearen aldeko mugimendua eta Foru Zuzenbidearen pluraltasunaren defentsa kontrajartzen ziren.

CLAVEROk dioenez, Kodea agertzea arazo forala zela eta atzeratu zen. Oinarrian arazoa hau zen: Estatu konstituzionalak ezin zuela onartu foru-eskubideak egotea, foru-eskubideen zilegitasuna ohitura eta korporazio, eliza eta jaunen baitako parlamentu historikoen legegintzarako gaitasunetik baitzetorren. Konstituzio-sistemak “foru-lege” hauek ezin zituen benetako legetzat hartu. Konstituzio Estatuaren printzipioaren arabera, Gorteek onar edo atzera bota zitzaketenak ziren benetako legeak. Ideia honekin bat, 1812, 1845, 1869 eta 1876ko Konstituzioek Monarkia guztirako Kode bakar bat izateko beharra aldarrikatzen zuten.

Hirurteko (1820-1823) liberalaz geroztik ideia hau hasi zen zabaltzen: Kodeak ez duela izan behar indarrean zeuden lege-bildumen berritze hutsa; ordena berria sortu behar zen, iraultza eta zientzia juridikoaren printzipioei atxikia. Celso erromatar juristak ius est ars boni eta aequi (“onaren eta justuaren arte”) gisa definitzen duen hori lortu behar zen. Gainera, Zuzenbidea bateratu eta “berezikeria juridikoak” (foru-zuzenbideak, alegia) alde batera uzteko balio izan behar zuen Kodeak.

Kode Zibilaren lehen proiektua 1836an aurkeztu zen. Lehen zirriborroak 2.458 artikulu zituen, eta ez zuen inolako eztabaidarik piztu Gorteetan. Urte batzuk geroago, 1843an, legegintza berritzea beharrezkoa dela aldarrikatzen dute moderatuek, tradizioaren errespetuan oinarrituta, baina ideal liberalei uko egin gabe; izan ere, tradizio historikoaren jarraitzaileek proiektuari emandako babesa jokoan zegoen. Dagoeneko ez dute hitz egiten zaharra desegiteaz, berregin eta egokitzeaz baizik. Bestalde, garbi dago parlamentariek ezin dutela Kodea aurrera atera Gorteetan artikuluak banan-banan eztabaidatuz, eta Kodegintza Batzorde Orokorra, ospe handiko legelariek osatutakoa, izendatzea (1843ko abuztuaren 19a) erabakiko dute.

Batzordeak Kode Zibilaz gain Zigor Kodea, Prozedura Zibileko Kodea eta beste zenbait lege berezi landu zituen; baita Napoleonen Kodean oinarritutako Kode Zibilen proiektu batzuk ere; horietan aipagarriena 1851ko Proiektua zen, ia bi mila artikulu zituena. Artikulu bakoitzaren nondik norakoak GARCÍA GOYENA legelari nafarrak, Kodegintza Batzorde Orokorraren buru zenak, azaldu zituen 1852an argitaratutako liburu garrantzitsu batean: Concordancias, motivos y comentarios del Código Civil Español.

GARCÍA GOYENAren Proiektuak kalitate teknikoa bazuen, zalantzarik gabe, eta auzi foralari zegokionean nolabaiteko erdibide edo konpromiso zientifikoa hartzen zuen Gaztelako Zuzenbidea eta Frantziako Kode Zibilaren artean. Hala ere, egoera politikoa zela eta, kale egin zuen egitasmo hark.

Berrogeita hamarreko hamarkadaren erdialdera, eta 1851ko proiektuarekin gertatutakoa ikusita, nahiko garbi zegoen zenbait gai luze gabe arautzea beharrezkoa zela, eta, bestalde, hori posible izango zela, baldin eta ordura arte Kodea eratzea eragotzi zuten oztopoak saihesten baziren. Horren ondorioz, zenbait lege berezi, herrialde osoan aplikatzekoak izango zirenak, lantzeari ekin zioten. Aipa ditzagun horien artean 1861eko Hipoteka Legea, 1862ko Notariotza Legea, 1866 eta 1879ko Urei buruzkoak, 1870eko Ezkontza Zibileko eta Erregistro Zibileko Legeak. Guztiek ere izango zuten nolabait eragina etorkizuneko Kode Zibilean.

Legegintza aldatu zenean, ALONSO MARTÍNEZ Justiziako Ministroak lortu zuen Kode Zibilaren Oinarrien Legea Gorteek onartzea. Arau horren bitartez 1851ko Proiektuaren gainean beste proposamen bat egiteko agintzen zitzaion Gobernuari. ALONSO MARTÍNEZen saio horrek kale egin bazuen ere, esan daiteke, Oinarrien Legearen bitartez bideratuta zegoela Kode Zibilaren auzia. Handik gutxira, 1880ko otsailaren 2an, Justiziako Ministro berriak, ÁLVAREZ BUGALLALek, dekretu bat eman zuen, aipatutako Batzorde Kodegilean hauek sartuz: Katalunia, Aragoi, Balearrak, Galizia, eta baita Nafarroa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako legelariak ere. Aditu hauen zeregina zen beren eskualdean iraunaraztea komeni zen erakunde zibilei buruzko txosten bana idaztea. Proiektuak hau aurreikusten zuen: foru-lurralde horietan Kodearen aplikazioa osagarri modukoa izango zela.

1885eko urtarrilean Oinarrien Legearen bigarren proiektua aurkeztu zuen Francisco SILVELA ministroak, foruen auziari zegokionean eskuzabalago jokatuz: Gorteek onartuta, 1888ko maiatzaren 11ko Oinarrien Lege bihurtu zen azkenean. Lege honen agindu nagusiak Kodea egiteko prozedurari eta heterogeneotasun foralaren aurrean hartu beharreko neurriei zegozkien. Lehenengoari buruz hau agindu zuen: 1851ko proiektuak izan behar zuela oinarri. Bigarrenean erdiko bidea hartu eta agindu hau zuen: Kodea Eranskin batzuek osa zezatela, “mantentzea komeni den foru-erakundeak” bilduko zituztenak. Oinarri horiek aintzat harturik, Kodegintza Batzordeak testu bat prestatu zuen presaka. 1888ko urriaren 6an, berriro Ministro zen Alonso Martinezek dekretua sinatu zuen Kodea Gaceta de Madrid-en argitara zedila aginduz. Zatika argitaratu zen, Gorteek Oinarrien Legean ezarritako adostasunak eztabaidatzen zituzten bitartean. Urte hartako abenduan Kode osoa argitaratua zen, baina erabilitako prozeduraren inguruko desadostasunak zirela eta, Kodea berriz ere argitaratu egin behar izan zen. Behin betiko testua 1889ko uztailaren 24ko errege-dekretuaz aldarrikatu zen.

Oraindik ere indarrean dagoen Espainiako Kode Zibilaren egitura honako hau da: atariko titulua eta lau liburu. Guztira 1976 artikulu ditu, xedapen iragankor batzuk eta beste gehigarri batzuk. Proiektuaren bi heren 1851ko proiektutik hartuta daude. Kode berria burgesia ertainarentzat egindako araua zela esan izan da; ikuspegi indibidualista du nagusi, eta borondatearen autonomiaren dogma zaharretan oinarritzen da.

Zer gertatu zen delako ‘auzi foralarekin’ Kodea onartu eta gero? Kodeak Estatuko zuzenbide zibil guztien arteko helburu bateratzailea alde batera uzten zuen itxuraz, baina praktikan Foru Zuzenbideari ematen zitzaion tratua ez zen berdintasunezkoa. Honako esamolde hauetan islatzen da Kode Zibilak zuzenbide zibil foralari buruz duen irudia: “Foruak bizirik dituzten probintzia eta lurraldeak oraingoz mantentzen dituzte”, “tokian tokiko araudi heterogeneoen multzoa”, “salbuespen zuzenbide ez indargabetua”, “foru edo ohitura bereziak eduki zituzten lurralde batzuetan mantentzen dena”. Oinarrizko iritzi honek ez zituen foruzaleak bultzatzen ALONSO MARTINEZ ministroaren Eranskinen sistemara atxikitzera. Izan ere, Aragoiko Zuzenbide Zibilari zegokiona bakarrik bihurtu zen lege 1926an.

Errepublikaren garaian Zuzenbidearen iturrien arloan erabateko aldaketa (iragankorra izanagatik ere) ekarri zuen 1931ko Konstituzioak: Autonomia Estatutua eman zitzaien lurralde guztiei legegintzarako gaitasuna onartu zitzaienean. Bertan onartu egiten zitzaien eskualdeetako parlamentuei legeria zibilaren gaineko eskumenak, Estatuari egindako zenbait erreserba salbu (15.1 art.).

Diktadura-garaian, helburu bateratzailea itzuliko zen beldurrez, legelari foralistek, 1946an Zaragozako Zuzenbide Zibileko Biltzar Nazionalean, Eranskinen sistema Konpilazioez ordezkatzea lortu zuten. Kode Zibilari egin beharreko eranskinak ez eta eskualde bakoitzak argitara emango zituen konpilazio independenteak egingo ziren. Horiek horrela, Espainiako Gorteek onartu egin zituzten Bizkaia eta Arabako Zuzenbide Zibileko Konpilazioak (1959), eta baita Katalunia (1960), Balearrak (1961), Galizia (1963) eta Aragoikoak (1967) ere. Nafarroari zegokionez, lege berezi bidez onartu zuen bertako Konpilazioa Franco jeneralak berak 1973 urtean, probintziaren arma-zerbitzu bikaina eskertuz; lege hau Botere Zentralaren eta Nafarroaren artean hitzartutakoa balitz bezala aurkeztu zen. Nafarroako “Foru Berriak” (Fuero Nuevo) irtenbide juridiko berriak txertatu zituen, egileek Alemania edo Italiako herrialdeetako Kode Zibiletatik hartutakoak.

Foru-zuzenbidearen gaineko auzia, ordea, ez zen horrenbestez amaitu. 1974ko maiatzaren 31n onartu zen Kode Zibil berriaren Atariko Tituluan, Kode Zibilaren 13. artikuluak honela zioen: Espainian aplikazio orokor eta zuzenekoa izango dute atariko titulu honen xedapenek, legeen ondoreak eta legen aplikaziorako erregela orokorrak zehazten dituzten neurrian, bai eta 1. liburuaren IV. tituluko xedapenek ere, azken titulu horretan ezkontzaren ondasun-eraentzari buruzkoak direnek izan ezik. Gainerakoan, eta probintzietan nahiz lurraldeetan indarrean dauden zuzenbide bereziak edo foru-zuzenbideak oso-osorik errespetatuz, Kode Zibila ordezko zuzenbide moduan aplikatuko da, baldin eta ez badago probintzia nahiz lurralde horietako arau berezien arabera aplikatu beharreko ordezko zuzenbiderik.

Ondoren 1978. urtean emandako Konstituzioak eragin nabarmena izan du Kode Zibilaren arau askotan. Eragin hori bi modutara hezurmamitu da. Alde batetik, kontuan izan behar da arau-hierarkiaren printzipioaren arabera Konstituzioa dela arau gorena; gainerako arau guztiak haren mende daude, Kode Zibila barne. Gainera, Konstituzioaren Azken Xedapenak dio Konstituzioa zuzenean dela aplikagarri, eta Konstituzioaren arauak eraginkor izan daitezen ez dagoela lege bereziak aldarrikatu arte itxaron beharrik. Ondorioz, Kode Zibila nahiz beste ezein arau interpretatu eta aplikatzeko kontuan izan behar da Konstituzioak esaten duena, eta interpretazio horrek ezingo du Konstituzioaren, ez eta printzipio orokorren, aurkakoa izan.

Konstituzioa indarrean jarri zenean, Kode Zibilak ezkontzaz kanpoko umeei eskubide gutxiago aitortzen zizkien ezkontza barrukoei baino. Arau hori Konstituzioaren 14. artikuluaren kontrakoa zen (Espainiarrak berdinak dira legearen aurrean; debeku da, bada, inolako diskriminaziorik egitea jaiotza, arraza, sexua, erlijioa, pentsamoldea edo beste edozein tasun edo inguruabar pertsonal edo sozial dela eta) eta beraz, ordenamendutik kanpo geratu zen zuzenean indargabetze-neurri berezirik behar izan gabe, nahiz eta segituan aldarrikatu zen 11/1981 Legea, filiazioaren eraentza berriari buruzkoa.

Ondorioz, Kode Zibilaren arauak eta baita hura eraatzen duten printzipioak ere Konstituzioaren argitan irakurri eta interpretatu behar dira.

Bestalde, 1978ko Konstituzioaren eragina nabari da, halaber, Kode Zibila egokitzeko egin diren hainbat erreforma-legetan. Erreforma-lege horien lehentasun nagusia familia gobernatzen duten arauak –pertsonei nahiz ondareari dagozkienak- berritzea izan da; horrez gain, garrantzi handikoak izan dira ere gizon eta emakumeen arteko berdintasunari buruzkoak, pertsonari buruzkoak eta oinordetzaren gainekoak.

Familiari dagokionez, jakin beharra dago Konstituzio aurreko legeek gizonezkoari ematen ziotela umeen eta emaztearen gaineko agintea, eta dibortzioa debekaturik zegoela. Egoera hori aldatzeko aldarrikatu ziren 11/1981 eta 30/1981 Legeak. Horien ostean etorri ziren 51/1982 eta 11/1990 Legeak, zeinen arabera emazteak ez zuen ezkontze hutsagatik bere nazionalitatea eta auzokotasun zibila galtzen senarrarena eskuratzearren; eta baita, 40/1999 Legea ere, umeei amaren zein aitaren abizena jartzeko baimena ematen duena. Arestian aldarrikatu dira Kode Zibila erreformatu duten dibortzio-lege berria (15/2005 Legea) eta homosexualen arteko ezkontzaren legea (13/2005 Legea), eta aurki etorriko da ere egitatezko bikoteen Legea.

Zuzenbide zibilaren edukia

aldatu

Zuzenbide pribatuaren eta publikoaren arteko bereizketa

aldatu

Gaur egun Zuzenbide publikoaren eta pribatuaren arteko bereizketari gauza normala irizten badiogu ere, bereizketa hori nahiko berria da berez. XII. mendean agertzen da lehen aldiz, DOMAT jurista frantsesaren idatzietan.

Bien arteko bereizketa zertan datzan azaltzea ez da erraza. Eztabaida ugari sortu da auzi horren inguruan, legeak ez baitu esaten zertan bereizten diren Zuzenbide publikoa eta pribatua, eta doktrinak, berriz, irizpide bat baino gehiago erabili izan du, denak ere nola-halakoak, ez baitira auzia behin betirako ebazteko gai.

Irizpide nagusiak zein diren azalduko dugu jarraian, baina kontuan izan bedi guztiek ere bereizketa garbi azaltzeko arazoak dituztela.

(1) Zuzenbide publikoan arau inperatiboak dira nagusi, eta Zuzenbide pribatuan, berriz, xedapenezkoak. Bereizketa hori, ordea, ez da guztiz egiazkoa, Zuzenbide pribatuan ezinbestean bete beharreko arau ugari baitago (etxebizitzei buruzko errentamendua, senipartea, jarduteko gaitasuna, …).

(2) Zuzenbide pribatuak pertsona pribatuen arteko harreman juridikoak arautzen ditu. Hori ez da beti horrela izaten, ordea. Egun enpresa publiko asko dago trafiko juridiko pribatuan aritzen dena eta Zuzenbide pribatuko arauekin funtzionatzen duena; eta Administrazio bera partikular moduan ere aritzen da askotan (esaterako unibertsitateak liburutegirako liburuak erostea, paraninfoa erabiltzeko ahalmena errentan ematea, ….).

(3) Zuzenbide publikoak interes orokorra zaintzen du, eta pribatuak, aldiz, pribatua edo partikularra. Ikuspegi hori nahiko herren geratzen da; izan ere, Zuzenbide pribatuko arauek ez dute interes partikularra bakarrik asetzen, orobat Zuzenbidearen arauek, baita Zuzenbide pribatukoek ere, interes orokorra baitute abiapuntu eta azken xede (EK 1.1 artikulua). Horrela, kontratuak egiteko askatasuna aitortzea, ekonomia guztion onuran garatzeko modua da; alderantziz, zuzenbide publikoak ere interes partikularrak sustatzen ditu esaterako ikasteko bekak emanez.

(4) Zuzenbide pribatuak arautzen dituen egoera eta harreman juridikoetan berdintasun mailan daude alderdiak; Zuzenbide publikoan, aitzitik, alderdietako batek, Administrazioak hain zuzen, inperium-arekin jokatzen du. Hori ere ez da egia biribila; izan ere, trafiko juridiko pribatuan aritzen diren alderdiak ez daude elkarren arteko berdintasun-egoeran; pentsatu, esate baterako, masan egiten diren kontsumo munduko kontratuetan.

 
Zuzenbidea: bere edukiaren eskema

Bukatzeko, hau esan daiteke: aipatutako irizpideak banan-banan hartuta bereizketa oinarrizko hori azaltzeko gauza ez badira ere, guztiak batera hartuz gero, nahiko argi agertzen dela Zuzenbide pribatuaren eta publikoaren arteko desberdintasuna zertan datzan.

No existen dos sistemas de Derecho, ni un Derecho con principios o caracteres exclusivos o esencialmente opuestos a los de otro Derecho… (La función que realiza el Derecho) se expresa en dos principios: el de personalidad y el de la comunidad, ambos dirigidos a un mismo fin común (realización social de la Justicia) y en constante y necesaria colaboración; los dos se reflejan en cada norma, aunque uno de ellos quede en segundo término respecto al otro (Federico de CASTRO).

Arau bat eremu batean edo bestean txertatzeak badu garrantzia juridikoa, izan ere, batetik, horren arabera erabakiko baita zein jurisdikziok duen eskumena arazoa ebazteko orduan; eta, bestetik, erlazio juridikoari aplikatu beharreko arauak ere zehaztuko dira. Esate baterako: (1) babes ofizialeko etxebizitza Administrazioak jarria dion gehienezko prezioa gaindituz saltzen bada, santzio administratiboz gain santzio zibila (kontratua zati horretan deuseztea) ere badagoen erabaki behar da (aldekoak AGEE 1991/06/24 edo 2009/05/14; kontrakoak AGEE 1993/06/04, 1994/02/21, 1996/03/15, 2002/12/19 edo 2007/12/12). (2) Administrazioan emandako 1989/12/12 Ministerio Aginduaren 4. artikuluan jasotako arauak (EBO 1989/12/19) eragina Administrazioan bakarrik zuzen, izan ere Kode Zibileko 1170. artikuluaren ez baitzetorren bat. Indarrean urte luzetan egon ondoren, gero 2010/06/14 Ministerio Aginduak derogatu zuen (EBO 2010/06/18).

Zuzenbide zibila, zuzenbide pribatu orokor

aldatu

Zuzenbide zibila zuzenbide pribatu orokorra dela esan ohi da. Horrela definitzen da askotan gure irakasgaia. Zer esan nahi du, bada, orokor izateak?

Lehenik eta behin, esan beharra dago zuzenbide zibilak ez duela zuzenbide pribatu osoa barne hartzen. Zuzenbide zibilaz gain, zuzenbide pribatua hauek osatzen dute: merkataritza zuzenbideak, lan zuzenbideak eta abarrek. Zuzenbide zibila, beraz, zuzenbide pribatuaren zati bat besterik ez da, baina ez nola-halako zatia, zati kualifikatua baizik. Dakigunez, bilakaera historikoaren ondorioz zuzenbide zibilaren jatorriko enborretik hainbat adar sortu izan da, eta gerora zuzenbide pribatua osatuko zuten. Adar berezi horiek hainbat gauza zor diote jatorrizko zuzenbide zibilari: printzipio erkide edo komunak eta interpretazio-arau nagusi batzuk, nagusiki. Hori dela eta, Kode Zibilak dio (4.3. artikuluan) zuzenbide zibila beste horien ordezko izango dela; beste horietan hutsunerik badago, zuzenbide zibileko arauak aplikatu beharko direla, alegia. Horregatik esaten da, hain zuzen ere, zuzenbide zibila orokorra dela.

Bestalde, kontuan izan behar da, halaber, zuzenbide zibila guztioi aplikatzen zaigula pertsona fisiko garen heinean, lan zuzenbidea edo merkataritza zuzenbidea, aldiz, langileei eta merkatariei baino ez zaie aplikatzen. Ikuspegi horretatik ere, zuzenbide zibila orokorragoa da aipatutako beste biak baino.

El hombre, antes que comerciante, trabajador, agricultor, es hombre, sujeto de derecho (persona), titular de un patrimonio y miembro de una familia. Estas condiciones jurídicas (…) actúan en la órbita del Derecho Civil (JORDANO BAREA).

Egungo ezaugarriak

aldatu

Egungo egoerari begira doktrinaren gehiengoak uste du XIX. mendetik jasotako Zuzenbide Zibilaren eredua krisian dagoela. Krisi horren adierazpenak askotarikoak badira ere, nagusiak honako hauek lirateke: deskodetzea, edukiak galtzea eta publikotzea.

Deskodetzeari dagokionez, esan beharra dago XIX. mendeaz gero Kode Zibilak aurreikusten ez zituen egoera berriei erantzuteko lege berezi ugari aldarrikatu dela. Arau horiek Kode Zibilaren barrura ekarri beharrean, lege “solte” moduan kaleratu izan dira, Kode Zibiletik kanpo, beraz, eta haren antolamendura egokitu gabe. Lege berezi horiek ugaritu egin diren heinean, Kode Zibilaren balioa eta nagusitasuna murriztu egin da.

Kodeek balioa galtzeko beste arrazoi bat gizartearen aldaketa izan da. Kodeek estatu liberal-burgesaren beharrei erantzuten dioten neurrian, eta gizartea XIX. mendeko ideario hartatik urrundu ahala, Kodearen erantzunen balioa gero eta txikiagoa da. Bestalde, Kodearen arauek ezin diote teknologia berrien bilakaerak eta egitura ekonomikoen aldaketak sortutako arazoei erantzunik eman. Horrek guztiak prozesu ekonomikoaren erdigunetik at uzten du Kodea. Bigarren mailako trafiko ekonomikoaren arazoei besterik ez die erantzuten Kodeak: etxeko arazoei. Gehien ukitzen diren arauak jabego pribatuari dagozkionak dira, 1978ko Konstituzioaz geroztik jabegoa ez baita eskubide absolututzat kontsideratzen, funtzio soziala betetzen duen eskubide mugatu gisa baizik. Aurrekoarekin lotuta, autonomia pribatuaren kontzeptua ere aldatu egin da: masan egiten diren kontratuetan, esate baterako, estatuak parte hartzen du alderdi ahulena babestearren.

Aipatutako oinarri ideologiko eta ekonomiko berriei erantzuteko arau multzo berezituak sortu dira. Kodetik at ez ezik, Zuzenbide Zibiletik kanpo ere garatu dira, eta Kodeari edukia kentzen diote. Hurrenez hurren, Merkataritza Zuzenbidea sortu zen lehenik, Lan Zuzenbidea haren ondotik, Nekazaritzako Zuzenbidea berrikitan, eta haren atzetik Hirigintzako Zuzenbidea, industriaren trafikoa arautzen duen zuzenbidea, eta beste zenbait.

Zuzenbide Zibilaren publikotze-prozesua aipatuko dugu azkenik. Izen hori eman dio doktrinak eskuarki eremu pribatukoak izan diren arauetan Zuzenbide Publikoa oldartzeari. Urak, meategiak, mendiak, hirigintza..., garai batean Zuzenbide Zibilak araututako gaiak, Administrazio Zuzenbideak arautzen ditu orain. Publikotze-prozesu horren arrazoiak lehen aipatu ditugunak berak dira: batik bat, ongizate-estatuaren sorrera eta horri lotutako autonomia pribatuaren eremua murriztea.

Zuzenbide zibila osatzen duten erakunde nagusiak

aldatu

Zertaz arduratzen da Zuzenbide Zibila? Zuzenbide Zibilaren ardatzak bi dira: pertsona eta ondarea.

Lehenik eta behin, pertsonaren nortasuna zaintzen du Zuzenbide Zibilak. Alegia, nortasunaren eskubideez baliatzeko aukera ematen dio pertsona fisikoari: pertsonaren bizia, osotasun fisikoa, genoma, intimitatea, ohorea, irudia, eta horrelakoak babesten ditu (ikus Zuzenbide Zibila I. Pertsona. 10.1, 10.2 eta 10.3 ikasgaiak). Oinarrizko eskubide horiek, ordea, ez daude Kodean jasota, Konstituzioan eta lege berezietan baizik; izan ere, Kodea indarrean sartu zen garaian ez zegoen halako eskubideen gaineko kontzientziarik.

Pertsonaren eremuari gagozkiola, Kode Zibilak gaitasun juridikoari buruzko arauak ezartzen ditu: jarduteko gaitasuna, gaitasun-gabetzea, gaitasun-gabearen ordezkoak, babes-erakundeak eta abar.

Pertsonak besteekiko dituen harreman juridikoak direla eta hainbat eremu arautzen ditu Zuzenbide Zibilak. Hurbilenekotik hasita, familiako eremuari buruzkoak arautzen ditu: bikotearen arteko harremanak (ezkontza, ezkondu gabeko bikote egonkorrak, dibortzioa, eta abar), eta guraso eta umeen artekoak (filiazioa eta guraso boterea). Familiaren eremuari dagokionez, kontuan izan behar dira ere ezkondu gabeko bikoteen gaineko legeak (Euskal Legebiltzarreko 2/2003 Legea) eta giza ugaltze artifizialari buruzko legea (Estatuko 35/1988 Legea).

Familiari lotuta, baina ondare-kutsu handiagoaz, pertsona ardatz gisa duen bigarren eremuan sar daitezke ezkontideen arteko ondare-harremanak eta oinordetza-arauak.

Familiarteko mugetatik landa, beste pertsonekiko harremanei dagokienez, beste bi eremu irekitzen dira: ondarea eta kontratuzko harremanak. Pertsonaren ondarearen barruan aztertzen dira ere eskubide errealak (jabe izatea eta gainerako eskubide erreal mugatuak).

Amaitzeko, pertsonen arteko harremanen moldea ezartzen duen Kode Zibilaren atal bat aipatu behar da: Kontratu edo Obligazio Zuzenbidea, hain zuzen.


 
Zuzenbide zibila: bere edukiaren eskema


Abarca, en efecto, hoy como ayer, el Derecho Civil, las facetas del ordenamiento jurídico privado más próximas al hombre: las que calan más incesantemente en su intimidad y en su existencia cotidiana (LACRUZ BERDEJO).

En efecto, todos nacemos y morimos, y ambos son fenómenos que contempla el Derecho Civil; todos tenemos padres o tutores, y la relación con ellos está regulada por el Derecho Civil; todos tenemos nombre y apellidos, nacionalidad y domicilio; pasamos de la minoría a la mayoría de edad; mucha gente se casa o vive en pareja, tiene hijos, se divorcia; todo el mundo es propietario de algo a lo largo de su vida y/o utiliza en algún momento bienes ajenos; casi todo el mundo celebra algún contrato (compra, vende, alquila, pide un préstamo, constituye una hipoteca, regala …); todos somos consumidores; mucha gente hace testamento para disponer de sus pocos o muchos bienes o, si no lo hace, el Derecho Civil determina a quién tienen que ir a parar esos bienes después de su muerte… Podría decirse que es posible vivir al margen del Derecho Penal, Laboral, Procesal, Mercantil, Internacional o Eclesiástico, pero que es imposible vivir al margen del Derecho Civil: éste se nos aplica desde antes del nacimiento (art. 29 CC) hasta después de la muerte (AMORÓS GUARDIOLA).

Lexikografia

aldatu

Euskara-Gaztelera Gaztelera-Euskara

Loturak

aldatu

EHUko Zuzenbide Zibila Saila