Dioni Ardanza

jostuna

Dioni Ardanza Ormaetxea (Ermua, Bizkaia, 1914ko abenduaren 5aDima, Bizkaia, 2005eko urtarrilaren 9a) Bentako Dioni bezala ezagutzen zuten jostun profesionala izan zen, irakasle lanetan ere aritu zena.

Dioni Ardanza

Bizitza
JaiotzaErmua1914ko abenduaren 5a
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
HeriotzaDima2005eko urtarrilaren 9a (90 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakjostuna
Izengoitia(k)Bentako Dioni

Biografia aldatu

Felix Ardanza Aranzibia aita ermuarra zen, Joxio baserrikoa eta elgetarra Maria Ormaetxea Olañeta ama, Olaikorta baserriko alaba. Bizikleten frenoak egiteko tailerra zuen Felixek; Mariak, ostera, Ermuko Sallabente auzoan kokatutako Benta tabernaren kargua zuen, sasoian entzute handikoa jatorduen berezitasunagatik eta ondoan zuen zuhaitz bitxiagatik, adarretan terraza eta guztikoa.[1][2][3]

Neskatoa zela taberna eta etxe bueltan beti zereginen bat zain izaten zuen; bereziki gogoratzen zuen berak Olarreagako iturrira afarirako ur bila joaten zenekoa.[1][4]

Baina joste kontuak ziren bere zaletasunik handiena eta gauza asko bere kaxara ikasi zituen. Neska gazte eginda, Ermuko plazako Maria Salaberria jostunarengana joaten hasi zen; Eibarrera gero, “hobeto ikasteko kontuarekin” eta gerora Bergarara “gauza politagoak egiten zituztela-eta” bere esanetan.[1][5]

Erakusle aldatu

18 urte zituen bere kontura ekin zionean, lehenengotan bakarrik eta gero pare bat nesken laguntzarekin. Bentako etxe azpian gela bat zuten, argitsua, leiho handiekin, egokiagoa ezin jostun batentzako eta hantxe hasi zen inorentzat josten, bere afizioa ofizio bihurtuz.

Apurka-apurka erakusteari ere ekin zion eta jostundegia aulkitxoz, oihalez, jostorratzez, barrez eta ipuinez bete zitzaion. Sasoi baten 20 neska izatera ailegatu zen, ofizialak batzuk, soldatapekoak eta berari laguntzen zihardutenak, eta aprendizak besteak, ikastera zetozenak. Oso esijentea zen haiekin, lana ondo egitea gustatzen zitzaion, perfekzioraino. Arroparen korteaz gehienetan Dioni bera arduratzen zen eta behin jositakoan, azken begiratua ere berak egiten zion. Irratia jarrita izaten zuten eta laguntasun handiazen.[1]

Arropa asko etxean egin edo konpondu eta andrazko ia gehienek, asko edo gutxi, josten zekiten sasoian, guztien gainetik nabarmendu zen bera: inguruko jostunik preziatuena izatera ailegatu zen. Esku ona zuen eta jantzien diseinuekin aurrerakoia eta ausarta zen. Kalitatezko oihalak izatea ezinbesteko zen berarentzat, bezeroaren gorputzean hobeto egokitzen zirela frogatuta zuelako: kotoiaz gain, erruz erabiltzen zituen gipurra, satina, larrua, tizua, tertziopeloa, moharea, plumetia, damaskoa, organdia, organtza, astrakana… Bilbo eta Bartzelonako oihal-dendetatik jiratzen zituenak. Garrantzia ematen zien botoiei ere: aukeran handiak, ikusgarriak, bereziak beti.[1]

Urtean bitan, hurrengo denboraldiari aurrea hartu guran, Bartzelonara joaten zen desfileak ikustera zetorren moda ezagutzeko asmoz. Gero jostundegira patroiak eta katalogoak bidaltzen zizkioten, jantzien marrazkiekin, oihala mozterakoan oso lagungarri izaten zitzaizkionak.[1]

 
Dioni Ardanza. Maitane Azurmendiren irudia

Lan estiloa aldatu

Josten detaile zalea zen, perfekzionista, lana ondo egitea baitzuen gustuko: berokiak, soinekoak, gonak, alkandorak, atorrak, goitik beherako trajeak… bere eskuetatik irtendako guztia dotorea, moda-modakoa eta bikaina zen, kategoriazkoa.[1] 

1935 urtean Toribio Maiztegi eibartarrarekin ezkonduta, hiru seme-alaba izan zuen bikoteak, eta neskok amaren arrimora ikasi zuten josten.[1]

Lana gogor eginda bezeria selektoa lortu zuen Sallabenteko jostunak eta Ermutik ez ezik, ingurutik ere etortzen zitzaion jendea: Mallabia, Zaldibar, Durango edo Eibartik asko… eta urrunagoko parajeetatik ere bai, hala nola, Markina, Mutriku, Plaentxia, Zumaia, Zumarraga…[1]

Jai eta zeremonietarako jantzi asko sortzen zen bere tailerrean: ezkontza eta jaunartze soinekoak, herriko jaietan estreinatzekoak, udaberri edo udazkenaren etorrerarekin jostera bidalitakoak… Eskaera mordoa izaten zuen sasoi jakin horietan eta sarri-sarri gauez ere ekinean jardun behar izaten zuen. Ondo nagusituta ere, jostorratza eta haria eskuetan zuenean, hantxe inon baino gusturago.[1]

Erreferentziak aldatu

  1. a b c d e f g h i j Elkartea, Euskal Birusa. «Drogetenitturri, 315 zenbakia (2022ko urria) - Euskal Birusa» EUSKALBIRUSA.EUS (Noiz kontsultatua: 2022-12-26).
  2. Aranberri Odriozola, Fernando. (2001). Ermua-Eitzaga. Leku-izenak. Geure izanaren barrena.. Euskaltzaindia, 262-264 or. ISBN 84-95438-04-6..
  3. «Sallabenteko benta - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2022-12-26).
  4. «Ziburuan jolasean eta iturrira ur bila - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2022-12-29).
  5. «Dendarik denda ikasten - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2022-12-29).

Ikus, gainera aldatu