Desfibriladore
Desfibriladorea[1] gailu elektroniko bat da, bihotz-gelditzea tratatzen duena, bihotzaren fibrilazioaren ondorio denean (bihotzak aktibitate elektrikoa du, baina eraginkortasun mekanikorik gabe). Arazo horri aurre egiteko, desfibrilatu behar da: deskarga elektriko batzuen bidez bihotza berriro bere funtzionamendu egokira itzularazteko. Hori da desfibriladore baten eginkizuna, hain zuzen ere. Izan ere, bihotz-gelditzea da bat-bateko heriotzen ohiko kausa bat.
Desfibriladore | |
---|---|
medical device (en) , emergency medical device (en) eta instrument used in cardiology (en) | |
Sailkapena
aldatuLehenik eta behin, esan behar da jarraian aipatzen diren desfibriladore mota guztiek helburu berbera dutela eta haien eginkizuna ondo betetzen dutela; hala ere, desberdintasun txiki batzuk daude haien artean, sailkapenaren oinarrizko arrazoia direnak.
Desfibriladore bifasikoak eta monofasikoak
aldatuDesfibriladorearen deskarga nolakoa den aztertuz, desfibriladore monofasikoak eta desfibriladore bifasikoak bereizten dira.
Desfibriladore monofasikoek, deskarga bakarra ematen dute, apexetik esternoira doana. Deskarga hori 360J-ekoa izan behar da eta, iraupenari dagokionez, nahiko luzea da. Bi faktore horiek ez dira oso komenigarriak gure gorputzarentzat, errekuntza handiagoa sortzeko posibilitatea handiagoa baita, izan ere, sexu, adina eta tamainaren araberakoa da, beste hainbat faktoreen artean.
Desfibriladore bifasikoek, aitzitik, izenak esaten duen bezala, deskarga bi fasetan banatzen dute,: hasteko, apexetik esternoira doan deskarga ematen dute, eta segituan kontrako noranzkoan doan beste deskarga bat. Deskarga horiek 150-200J-ekoak dira, eta monofasikoak baino azkarragoak, beraz, kalte txikiagoa sortzen dute pazientearengan.
Desfibriladore semiautomatikoak eta manualak
aldatuDeskarga aplikatuko duen pertsonak desfibriladorearengan daukan erabaki-ahalmenaren arabera, hau da, desfibriladorearen independentzia-maila kontuan hartuz, desfibriladore-automatikoak eta desfibriladore-manualak bereizten dira.
Alde batetik, desfibriladore semiautomatikoek (DESA), ia erabateko independentzia dute, hau da, bere kabuz detektatzen dute bihotzaren egoera, ondoren desfibrilazioa beharrezkoa den hala ez erabakitzeko; hori da hain zuzen haien ezaugarririk garrantzitsuena. Horri esker, desfibriladorea erabiltzen duen pertsonak, ematen zaizkion urratsak baino ez ditu jarraitu behar. Eskaintzen duten erraztasun handiari esker, azken urteetan leku publikoetan instalatutako desfibriladoreak semiautomatikoak dira; era honetan, erreanimazioan arrakasta izateko aukerak gehiago dira. Horretaz gain, desfibriladore bat erabiltzeko prestakuntza duen norbait ez dagoen kasuetarako, desfibriladore semiautomatikoak edozeinek erabili ahal izateko prestatuta daude.
Beste alde batetik, desfibriladore manualek, erabilpen konplexuagoa dute, eta ondorioz, adituek bakarrik erabili ditzakete. Hori dela eta, desfibriladore mota hori leku konkretu batzuetan baino ezin dira aurkitu: ospitaletan, kliniketan eta anbulatorioetan. Desfibriladore semiautomatikoek ez bezala, manualek ez dute inolako laguntzarik eskaintzen, erabiltzailea arduratu behar da bihotzaren fibrilazioa detektatzeaz eta behar duen deskargaren balioa ezartzeaz.
Barne eta kanpo desfibriladoreak
aldatuDesfibriladorea gorputz barruan instalatuta dagoen ala ez kontuan izanik, kanpo eta barne desfibriladoreak bereizi ditzakegu.
Barne desfibriladoreak, izenak esaten duen bezala, pazientearen bihotzean instalatzen dira. Bihotzaren erritmoa etengabe aztertzen du, eta, arritmiarik antzemanez gero, era automatikoan tratatzen ditu, bai estimulu bat sortuz baita deskarga elektriko baten bidez ere.
Kanpo desfibriladoreen multzoari dagokionez, aurretik aipatutako desfibriladore motak hartzen ditu bere barnean.
Eragina giza gorputzean
aldatuDesfibriladore bat noiz erabili behar dugun ondo ulertzeko, hau da, desfibriladoreak zergatik erabiltzen diren jakiteko, bihotzaren funtzionamenduan sakondu behar dugu.
Bihotzaren muskuluz osatutako atalari miokardioa deritzo eta uzkurduraz eta dilatazioaz arduratzen da, odola gorputzeko gainerako lekuetara ailegatzen dela ziurtatzeko. Batzuetan bihotzak bere eginkizuna egiteari uzten dio, edo, beste modu batera esanda, fibrilatu egiten da, jasotako aktibitate elektriko jakin batengatik. Ondorioz, bihotzak ez du uzkurdura ondo egiten, odolaren bulkadan arazoak sortuz.
Arazo horri aurre egiteko, desfibrilatu behar da: deskarga elektriko baten bidez bihotza berriro bere funtzionamendu egokira itzularazteko. Hori da desfibriladore baten eginkizuna, hain zuzen ere.
Desfibriladoreen desabantaila nagusienetako bat denbora pasa ahala haien eraginkortasuna nabarmen jaisten dela da; beste modu batera esanda, pasatzen den minutu bakoitzeko, desfibriladoreak arrakasta izateko posibilitateak txikitzen dira. Hori dela eta, gero eta desfibriladore semiautomatiko gehiago jartzen ari dira area publikoetan, berandu izan baino lehen bihotz fibrilazioa pairatu duen pertsona salbatu ahal izateko.
Barne funtzionamendua
aldatuDesfibriladore orok hornidura elektrikora konektatzeko sistema dauka, gehienek barne bateria bat izan arren. Hori horrela da eramangarritasuna bermatu ahal izateko, bateria batek desfibrilagailua energia iturritik urruntzea ahalbidetzen baitu, modu azkar eta eraginkorrenean pazientearengana ailegatzeko.
Ondorengo hau da korronteak desfibriladore baten osagaietan zehar egiten duen ibilbidea: Sare elektrikora konektatutako energia iturriak (entxufea) korronte alternoa (AC) ematen du, baina gailu elektrikoek, kasu honetan desfibriladorearen bateriak, korronte zuzena (DC) darabilte: aldaketa hori transformadorearen bidez gauzatzen da. Behin korrontea bateriara ailegatuta, bertatik ateratzen den korrontearen (DC) tentsioa oso baxua denez, alderanzgailu eta tentsio-jasotzaile batetik igaro eta tentsio eta frekuentzia altuko AC lortzen da, transformadore batetik igaroko dena, DC bihurtu eta erabilgarria egiteko. Desfibriladorearen karga prozesua martxan jartzen denean, karga ordezkatzailea, irekita zegoena, itxi egingo da, bertatik korrontea igarotzen utziz, eta horrek jasotako korrontearen intentsitatea desfibriladoreak behar duenera moldatuko du.
Horren ostean, korrontea kondentsadorera heltzen da, erresistentzia eta diodo batzuetatik igaro ondoren, kondentsadorearen karga modu seguruan gertatzen dela ziurtatzen dutenak. Behin kondentsadorea kargatuta dagoela, karga ordezkatzailea irekiko da, korronte gehiago pasa ez dadin, berriro bateria kargatzea ahalbidetzeko. Aldi berean, korrontea kondentsadoretik atera eta aurrera jarrai dezan, desfibriladorearen erabiltzaileak deskarga botoia sakatzen duenean, deskarga ordezkatzailea itxi egingo da, etengailu moduan jokatuz, korrontea pasatzen utziz, paletara ailegatzeko. Paletara heltzen den korronte horren tentsioa bat-batean igotzea posible izateko, zirkuitua haril batek ere osatzen du.
Harilak kondentsadorearen antzeko funtzionamendua du, baina kondentsadorean korrontearen intentsitatea da bat-batean aldatzen dena (irudia ikusi), tentsioa pixkanaka aldatzen den bitartean, eta harilean kontrakoa gertatzen da. Horrek, desfibriladorea bat-batean tentsio baxutik tentsio oso altura igarotzea ahalbidetzen du.
Eskuineko argazkiari erreparatuz, goiko grafikoan ikusi daitekeenez, kondentsadorea kargatzen denean tentsioa pixkanaka igotzen da tentsio maximora ailegatu arte, eta deskargatzen denean, apurka jaisten da tentsio minimora heldu arte. Beheko grafikoak, aldiz, korrontearen intentsitatea adierazten du, eta antzeman daitekeenez, intentsitatearen balioa bat-batean aldatzen da kondentsadorea kargatu eta deskargatzen denean.
Palak pazientearekin kontaktuan jartzean, zirkuitua itxi egiten da eta bihotzak deskarga jasaten du, honen erritmoa normaltasunera itzuliz.
Gaur egungo egoera
aldatuGaur egun, herrialde osoan zehar leku askotan aurki daiteke desfibriladore bat, zinemetan, metro geltokietan edo unibertsitateetan, besteak beste. Hala ere, haien erabileraren inguruan bi jarrera desberdindu daitezke: 2015eko irailean, Euskal Herrian, Andaluzian, Katalunian eta Kanariar Uharteetan, arrisku kasuetan desfibriladorea edonork erabili dezakeela dioen legea argitara eman zen. Gainontzeko autonomia erkidegoetan, aldiz, desfibriladorearen erabilpena adituei mugatuta dago, izan ere, prestakuntza gabeko pertsona batek erabiltzekotan, isuna jaso dezake.
Munduko beste hainbat herrialdeekin alderatuta, Espainiak ez du inbertsio handirik egin desfibriladorearen hedapenean; izan ere, 2015ean 100.000 herritarreko 1’7 desfibriladore baino ez zeuden, Alemanian 8’5, Danimarkan 9’3 eta Frantzian 15’7. Datu horiek erakusten duten moduan, oraindik lan handia dago egiteko.
Hori guztia kontuan izanik, begi bistakoa da desfibriladoreak aurrerapen handia jasan duela teknologiaren garapenari esker, lehen azaldu legez, hobekuntza asko inplementatu baitzaizkio azken urteetan zehar, bere funtzionamendua erraztuz eta bere erabilgarritasuna handituz.
Ondorioak
aldatuInformazio guztia analizatu eta gero, hainbat ondorio atera daitezke desfibriladoreei buruz, bai beren funtzionamenduari buruz, bai eraginkortasunari buruz, baita medikuntza arloan duten garrantziari buruz ere.
Funtzionamenduari dagokionez, esan daiteke teknologiaren garapenak eta osagai elektronikoen aurrerakuntzek eragin handia izan dutela gailu elektroniko guztien garapenean, desfibriladorearenean, kasuan kasu.
Medikuntza arloan ere gailu elektroniko honen hazkundeak ondorio positiboak ekarri ditu, hala nola, desfibrilazio semiautomatikoen garapenari esker, area publikoetan geldialdi kardiakoa jasaten duten biktimen biziraupena bermatu da, zenbaitetan anbulantzia heltzen denerako berandu baita.
Laburbilduz, informazio guztia bildu eta gero, begi bistakoa da gaur egun gailu elektroniko hau ezinbestekoa dela gaixo askoren biziraupena bermatzeko, hau da, desfibriladorea aro garaikideko salbamendu-gailua dela.
Erreferentziak
aldatu- ↑ «Desfibriladore - Euskaltzaindiaren Hiztegia» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2020-12-17).