David Attenborough
Sir David Frederick Attenborough (Isleworth, Londres, 1926ko maiatzaren 8a) britainiar idazlea eta telebistako ekoizle eta aurkezlea da. Richard Attenborough zinemagile zenaren anaia da.
Zoologian eta Geologian lizentziatu zen Cambridgeko Unibertsitatean. 1952an, BBCk era guztietako programak (politikari, erlijioari, balletari, arkeologiari eta abarri buruzkoak) ekoizteko kontratatu zuen. Urte horren amaieran, animaliei buruzko programa bat egin zuen Londresko Parke Zoologikoarekin eta Jack Lester adituarekin elkarlanean. Gero bururatu zitzaien interesgarriagoa izango zela animaliak beren habitatean erakustea eta, hala, Sierra Leonara jo zuten.
1954an hasi zen Zoo Quest dokumental-sail famatuan: Zoo Quest in Sierra Leone, Zoo Quest to Guyana, Zoo Quest in Paraguay, eta abar. 1960ko hamarkadaren hasieran, Antropologia ikasten hasi zen Londresko Unibertsitatean, baina BBCkoek BBC-2ko programetako zuzendaritza eskaini zioten, kate berri horretan gutxiengo jakin batentzako kultura-programak eman nahi zituztelako. Oso ezagunak ez ziren billarra bezalako kirolak, ingeles literaturako obra garrantzitsuetan oinarritutako telesailak eta historiari eta naturari buruzko dokumentalak egitea erabaki zuen. Izugarrizko arrakasta izan zuen eta BBCk bi kateetarako kontratatu zuen, programa-zuzendari gisa, finantza- eta administrazio-kontuetan ere erabateko kontrola zuela. Hala ere, 1972an, postua utzi eta naturari buruzko programak egitea erabaki zuen. Tribuen arteak liluraturik, 1975ean The Tribal Eye estreinatu zuen, arteak gizarte primitiboetan duen egitekoa azaltzeko saioa. Zenbait urte geroago, naturari historiari buruzko sail bati ekin zion, Life on Earth. Britainia Handian eta Europan 10 milioi ikusle baino gehiago izan zituen astean. Trilogia modura planteatu zuen lan hura eta, beraz, 1984an The Living Planet eta, 1990ean, The Trials of Life egin zituen; ondoren, 1996an, The Private Life of Plants egin zuen; 1998an, The Life of Birds; 2002an, The Life of Mammals; 2005ean, Life in the Undergrowth; 2008an, Life in Cold Blood; eta 2010ean, First Life.
Attenboroughek, aurkezle eta kontalari gisa, klixe sentimentalak, erretorika akademikoa eta hiztegi zientifikoa alde batera utzi eta gaiak modu argi eta erakargarrian azaltzen jakin du.
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Kanpo estekak
aldatuWikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: David Attenborough |