Cameoa (ingelesez /ˈkæmioʊ/ ahoskatua) antzezlan, film, bideo-joko[1] eta telesailetan pertsona ospetsu baten agerpen laburra da, askotan bere burua antzeztuz. Pertsona ospetsuek, zinema zuzendariek, politikariek, kirolariek, musikariek edo beste fikziozko lanen pertsonaiek egiten dituzte. Cameo eta izar gonbidatua ez dira gauza bera, azkena kredituetan agertzen delako.

Hitza lehendabizikoz 1851n erabili zuten ingelesezko antzerkigintzan eta cameo appearance esaldiaren laburketa da.

Cameoen adibideak euskal ikus-entzunezkoetan

aldatu

ETBko Goenkale telesailean hainbat pertsona ezagun agertu dira. Pedro Otaegi, Goenkale telesailean Eusebio postariaren papera egiten zuen aktorea, Benta berri telesaileko atal batean agertu zen paper bera antzezten.

Euskal ekoizpenetan ohikoa izan da EITBko edo beste komunikabideetako kazetarien presentzia euren burua antzezten albistegietako aurkezle gisa. Horren adibide dira Maribel Aizarna (Beni eta Marini, Martin), Jaime Otamendi (Martin, Lasa eta Zabala), Joseba Iriondo (Aupa Etxebesteǃ), Juan Carlos Etxeberria (Martin), Asier Odriozola (Balbemendi, Pilotari) edo África Baeta (La víctima número 8), besteak beste. Era berean, fikziozko kazetarien paperean ere agertu izan dira, esaterako Estepan Aldamiz-Etxeberriak Eugenio Ruiz kazetariaren papera egin zuen Goenkaleren 18. denboraldiko atal batean, eta Martxelo Otamendik Manu Agirretxe kazetariarena Martin telesailaren 2. denboraldian. Normalean ez dira kredituetan agertzen, baina azken kasu horietan gonbidatu gisan agertu dira.

Martin telesailean kirolari, kazetaritzari zein musikari lotutako gonbidatu asko agertu ziren. Kasuotan, izen-deiturak atalaren amaierako kredituetan zerrendatu ziren, izan gonbidatu gisa. Hala ere, cameo batzuk ez ziren kredituetan agertuHarkaitz Canok postariaren papera egiten du berak idatzitako gidoia duen atal batean, eta Loli Astoreka (telesaileko Elena Irureta aktorearen laguna) tabernako bezero baten paperean ageri da 5. denboraldiko azken atalean.

Loreak filmean Itziar Aizpuruen seme Jon Elizegik (filmean kamerari laguntzaile lanetan aritu zena) eszena bat partekatzen du bere amarekin hozkailu teknikariaren paperean. Guraso eta seme-alabak lan berean agertzearen beste zenbait adibide ere badaudeː Goenkalen Anuska Lasa aktorearen semea agertzen da (Jon Foruria), haren fikziozko pertsonaiaren semearen paperean. Goǃazen telesaileko hirugarren denboraldian Ainhoa Larrañagak antzeztutako Eli pertsonaia aktorearen benetako aitak daraman motorrean iristen da udalekura. Martin telesailaren 100. atalean, Amaia Iraundegi eta Manex Olazagirre aktore gazteen ama eta aita agertzen dira, hurrenez hurren, euren pertsonaiak etorkizunean antzeztuz. Goenkale telesailaren Helpǃ Socorroǃ Ezkondu? telefilmean, Girald Cruickshank agertzen da, bere alabaren (Maria Cruickshank) pertsonaiaren (Itxaso Al Wahid) aitaren paperean.

Handia filmean Itziar Aizpuru eta Mariasun Pagoaga baserriko bi amonaren paperean agertzen dira, oso paper laburrean. Bi aktoreak Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren 80 egunean filmeko protagonistak izan ziren, zuzendari horien lehen film luzea izan zena. Bien aspaldiko lagunak izanik, Handia egin zutenean, cameo batean sartu nahi izan zituzten. Kredituetan "Amona 1" eta "Amona 2" gisa agertu ziren.[2]

Koldo Martinez medikua Loreak eta Basque selfie filmetan agertzen da, medikuaren paperean.

Erreferentziak

aldatu
  1. Donahue, Michael. (2008ko martxoa). «Forced Guests: Cameos that make us sceam 'Yessss!'» Electronic Gaming Monthly (226): 34..
  2. Aranburuzabala, Aitziber. (2016). (pdf) Anaien arteko adiskidetasunaz. Puntuan (argitaratze data: 2016-06-10), 38-39 or..

Kanpo estekak

aldatu


  Artikulu hau zinemari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.