Koldo Martinez

nafar politikaria

Joseba Koldobika Martinez Urionabarrenetxea (Eskoriatza, Gipuzkoa, 1953ko otsailaren 25a), Koldo Martinez gisa ezagutua, nafar medikua eta Geroa Bai alderdiko politikaria da. Nafarroako Ospitalean lan egiteaz gain, Euskara Kultur Elkargoaren lehendakaria ere izan zen. 2015az geroztik, Nafarroako Parlamentuan Geroa Baiko bozeramailea eta parlamentaria da. 2019ko irailean Nafarroako Parlamentuak senatari izendatu zuen, eta hori zela eta foru parlamentari izateari utzi zion azaroan. 2023ko udal hauteskundeetan Geroa Bairen Iruñeko alkategaia izan zen.

Koldo Martinez

Senatari

2019ko irailaren 27a -
Geroa Bairen bozeramailea

2015eko uztailaren 28a - 2019ko azaroaren 28a

Nafarroako parlamentari

2015eko ekainaren 17a - 2019ko ekainaren 18a
Hautetsia: Nafarroako Parlamentuko IX. legealdia
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakKoldo Martinez Urionabarrenetxea
JaiotzaEskoriatza1953ko otsailaren 25a (71 urte)
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
Hezkuntza
HeziketaNafarroako Unibertsitatea
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
ingelesa
frantsesa
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria eta medikua
KidetzaEuskara Kultur Elkargoa
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Euskadiko Ezkerra
Zabaltzen
Geroa Bai

Inguma: koldo-martinez-urionabarretxea

Lehen urteak aldatu

Aitona Fiterokoa zuen, eta Elgetara emigratu zuen.[1] Haren aitona 1936an frankistek fusilatua izan zen.[2] Koldo Martinez Eskoriatzan jaio zen.

Txikitan familia Arrasatera joan zen bizitzera, eta bertako Clérigos de San Viator ikastetxe erlijiosoan ikasi zuen. Gerora haiekin UBI ere egin zuen, Gasteizen. Unibertsitatean hasi aurretik, 1970ean, ikasturte bat AEBetan igaro zuen Oregoneko familia batekin bizitzen. Handik itzuli zenean Iruñeko Opus Deiren Unibertsitatean sartu zen Medikuntza ikasteko. Ikasketak egiten ari zela erakutsi zituen jarrera politikoak zirela eta arazoak izan zituen unibetsitatearekin, eta seigarren mailara arte 12 edo 13 espediente abisu jaso zituen. Hala ere, ez zuten bota, eta urte batzuk geroago tesia bertan egin ahal izan zuen.[3]

Ibilbide profesionala aldatu

Medikuntzan graduatu zen Nafarroako Unibertsitatean, eta bertan espezializatu, Medikuntza Intentsiboan. Era berean, Medikuntza eta Kirurgian doktorea da. Bere ibilbide profesional guztia osasun zerbitzu publikoan gauzatu du. Oñatin, Iruñeko Txantrea auzoan eta beste hainbat lekutan lan egin ondoren, 1979az geroztik Nafarroako Ospitalean dabil, Zainketa Intentsiboetako Unitatean.

Giza Sexualitatean Masterra gauzatu zuen UNEDen, orduan ezezaguna zen HIESa ikertzeko jakin-minak bultzaturik. 1990ean urtebete eman zuen New Yorkeko erietxe batean HIESa eta nutrizioaren inguruko ikerlan bat egiten. Gaztetatik zuen HIESaren bilakaerarekiko interesa, baina egonaldi horretan bioetikarekiko interesa ere piztu zitzaion. Interes horrek bultzatuta, Bioetikan Masterra gauzatu zuen Madrilgo Complutense Unibertsitatean. Maste hori bukatutakoan irakasleak master europar bat egitea eskaini zion, eta era horretan Bioetikan Master Europarra ere gauzatu zuen, Lovainako Unibertsitateak, Complutenseak, Nimegako Radboud Unibertsitateak eta Paduako Unibertsitateak batera eskainia. Master hori lortu zuen Espainiako lehen pertsona izan zen.[4] 1997tik Nafarroako Bioetika Batzordeko kidea da.[5]

1998 eta 2009 bitartean Nafarroako Ospitaleko Etika Asistentzialeko Batzordearen presidentea izan zen. 2009an Espainiako Funtsezko eta Kliniko Alorreko Bioetika Elkarteko presidente izendatu zuten. 2013an berriz hautatu zuten kargurako, eta 2015ean bere borondatez utzi zuen postua, haren bizitza politikoarekin bateraezina zela iritzi ziolako.[6] Ordutik, elkarteko ohorezko bazkidea da.[7]

Bere ibilbidean zehar bioetikaren inguruko hainbat kongresu, mintegi, batzar, ikastaro edota konferentziatan parte hartu du, jardunaldiak zein kongresuak antolatu ditu, zenbait artikulu idatzi ditu eta hainbat komunikabidetan agertu da.[8][9]

Kulturgintzan ibilbidea aldatu

Lana kulturaren eta euskararen aldeko jardunarekin uztartu du.1998an Euskara Kultur Elkargoaren sorrera bultzatu zuen, eta zenbait urtez bertako lehendakaria izan zen. Halaber, Euskararen Aholku Batzordeko kidea eta Etxepare Institutuko patronoa da.

Zinemaren jarraitzalea da, eta 2014an Loreak filmean agertu zen, gorpu donazioen arduradunaren paperean.[10] Basque selfie (2018) filmean ere medikuaren papera egiten du.

Ibilbide politikoa aldatu

Hastapenak aldatu

Gaztetatik zuen politikarekiko interesa eta 18 urterekin HAS alderdian sartu zen, gero HASI bihurtu zena. Bertako EKIA taldeko kidea zen, eta 1978ko Lehen Biltzarrean zatiketa gertatu zenean Euskadiko Ezkerran sartu zen.

Euskadiko Ezkerra (1978-1991) eta Euskal Ezkerra (1992-1995) aldatu

Euskadiko Ezkerraren kanpo arazoetako arduraduna izan zen.[11] 1991ko udal hauteskundeetan alderdiaren Iruñeko alkatetzarako hautagaia izan zen, baina ez zuen zinegotzi izatea lortu. Koldo Martinez EEko Auñamendi taldeko kidea zen, alderdiaren zuzendaritzarekiko kritikoa zen sektorekoa. Hori zela eta, 1991n zuzendaritza ofizialak alderditik kanporatu zuen Auñamendiko beste 51 kiderekin batera.[12]

Auñamendi taldeko kideek Euskal Ezkerra (EuE) alderdia sortu zuten.[13] 1993ko Espainiako hauteskunde orokorretan Koldo Martinez bigarren postuan joan zen Diputatuen Kongresurako Nafarroako zerrendan, EArekin batera osatutako koalizioan, Iñaki Cabasesen ondoren.[14] EA-EuE koalizioak izan zituen emaitza txarrak zirela eta koalizioak ez zuen aurrera jarraitu, eta EuE 1995ean desegin zen. Une horretan Koldo Martinez politikatik aldendu zen.

Nafarroa Bai (2008-2011) eta Geroa Bai (2011tik aurrera) aldatu

2008an politikara itzuli zen, eta urte hartako hauteskunde orokorretan Nafarroa Bai koalizioaren Senaturako zerrendaburua izan zen, independente gisa aurkezturik. Hirugarren indarra izan zen UPN-PP eta PSNren atzetik (zazpigarren senataria), beraz ez zuen senatari izatea lortu.[15]

2011n Nafarroa Baiko independenteak biltzen zituen Zabaltzen taldeko bozeramaile bilakatu zen, koalizioaren baitako alderdien gainetik Nafarroa Bairen proiektuari jarraipena emateko asmoz. Koalizioa hautsi zenean Geroa Bai sortu zuten Zabaltzen, EAJ eta Atarrabia Taldeak. Ordutik Koldo Martinez Geroa Baiko kidea da, baita koalizioaren buruzagi nagusietako bat ere. 2012an Zabaltzen taldeko lehendakari izendatu zuten.[6]

Nafarroako Parlamentuan aldatu

2015eko Nafarroako Parlamenturako hauteskundeetan Geroa Bairen zerrendan hirugarren postuan joan zen. Geroa Bai bigarren indarra izan zen, eta Koldo Martinez parlamentari hautetsi bilakatu zen. 2015-2019 legealdian Geroa Bairen bozeramailea izan zen Nafarroako Parlamentuan. Honetaz gain Osasun eta Foru Erregimen Batzordeetan bozeramailea izan zen, baita Nafarroako Kutxaren gaineko Ikerketa Batzordeko eta Hiritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanen Batzordeko kidea ere.[16][17]

2015eko hauteskunde orokorretan Geroa Bairen zerrendaburua izan zen Kongresurako, eta bigarren postuan joan zen 2016ko hauteskundeetan, Daniel Innerarityren atzetik. 2019ko apirileko hauteskunde orokorretan berriz ere koalizioaren zerrendaburua izan zen. Geroa Baik ez zuen ordezkaritzarik lortu Diputatuen Kongresuan hiru hauteskunde horietan.

2019ko Nafarroako Parlamenturako hauteskundeetan Geroa Bairen zerrendan hirugarren joan zen berriz, Uxue Barkos eta Unai Hualderen ondoren. Geroa Bai hirugarren indarra izatera igaro zen nahiz eta boto kopurua handitu, baina hala ere 9 parlamentariak mantendu zituen eta Koldo Martinezek parlamentari izaten jarraitu zuen.

Senataria aldatu

2019ko irailaren 27an Nafarroako Parlamentuan egindako bozketan senatari autonomiko hautatu zuten PSN, Geroa Bai eta Ahal Duguren 22 botoekin.[18] 2019ko azaroaren 28an foru parlamentari kargua utzi zuen senatari lanean zentratzeko.[19] Ezker Konfederala taldeko senataria izango dela eman zuen aditzera En Comú Podem, Compromís, Más País, Més per Mallorca eta Adelante Andalucía alderdiekin akordioa lortu ondoren.[20]

2020an, Geroa Bai koalizioko zenbait kide independenterekin batera, Geroa Sozialberdeak alderdia bultzatu zuen.[21] Abenduan egindako kongresu eratzailean alderdiaren Batzorde Betearazleko kide izendatu zuten.[22]

Iruñeko Udala aldatu

2023ko urtarrilean jakin zen Geroa Bairen Iruñeko alkategaia izango zela maiatzeko udal hauteskundeetan.[23]

Bizitza pertsonala aldatu

Homosexuala da.[3] Gaur egun Iruñean bizi da.[1]

Erreferentziak aldatu

  1. a b «Koldo Martinez eta Joxerra Olano aurrez aurre» Argia (Noiz kontsultatua: 2019-06-19).
  2. (Gaztelaniaz) DN. (2022-10-08). «"No entiendo que el PSOE no quiera ampliar su mayoría en el Senado con los senadores que somos progresistas"» Noticias de Gipuzkoa (Noiz kontsultatua: 2022-10-11).
  3. a b «'Medikuengan kezka ikusten nuen legalitatearen inguruan, baina ez etikaren inguruan'» Argia (Noiz kontsultatua: 2019-06-19).
  4. (Gaztelaniaz) País, Ediciones El. (2003-04-23). «Entrevista | "Tenemos derecho a vivir y a morir con la misma dignidad"» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2019-06-19).
  5. Barandiaran, Alberto. (2000). «Eri gehiegi ari da minez hiltzen, eta hori salagarria da, saihets daitekeelako» Euskaldunon Egunkaria (Noiz kontsultatua: 2019-06-19).
  6. a b «Koldo Martínez Candidato al Congreso de los Diputados de Geroa Bai» web.archive.org 2016-03-29 (Noiz kontsultatua: 2019-06-19).
  7. (Gaztelaniaz) «Junta directiva» Navarra en Europa - Foros permanentes de encuentro (Noiz kontsultatua: 2019-06-19).
  8. GONZÁLEZ RODRÍGUEZ, Iker. «Koldo Martinez Urionabarrenetxea. Medikua: Politika nafarraren berezitasuna kainismoa da» www.euskonews.eus (Noiz kontsultatua: 2019-06-19).
  9. Barandiaran, Alberto. (1999). «Eriak gaixoaldiaz informazioa eduki behar duela azpimarratu dute bioetikako adituek» Euskaldunon Egunkaria (Noiz kontsultatua: 2019-06-19).
  10. Flowers (2014) - IMDb. (Noiz kontsultatua: 2019-06-19).
  11. Martinez Urionabarrenetxea, Koldo. (1991). «Nafarroan Gobernua» Euskaldunon Egunkaria (Noiz kontsultatua: 2019-06-19).
  12. F., I.. (1991). «Auñamendiko 52 kide kaleratu ditu EEko zuzendaritza ofizialak» Euskaldunon Egunkaria (Noiz kontsultatua: 2019-06-19).
  13. S., T.. (1992). «Euskal Ezkerraren proiektua aurkeztu zen atzo Nafarroan» Euskaldunon Egunkaria (Noiz kontsultatua: 2019-06-19).
  14. Unanue, A.. (1993). «Cabases: «UPN eta PSNk sortutako etsipenak EA-EUEn du aterabidea»» Euskaldunon Egunkaria (Noiz kontsultatua: 2019-06-19).
  15. (Gaztelaniaz) PAÍS, Ediciones EL. «Resultados Electorales en Navarra: Elecciones Catalanas 2008» EL PAÍS (Noiz kontsultatua: 2019-06-19).
  16. (Gaztelaniaz) «Parlamentu taldea» www.geroabai.com (Noiz kontsultatua: 2019-06-19).
  17. Nafarroako Parlamentua. «Koldo Martinez | Parlamentario foral» Nafarroako Parlamentua (Noiz kontsultatua: 2019-06-19).
  18. Senar, Joxerra. «Parlamentuak Koldo Martinez hautatu du senatari autonomiko» Berria (Noiz kontsultatua: 2019-11-12).
  19. (Gaztelaniaz) «Koldo Martínez deja hoy su escaño en el Parlamento de Navarra» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2019-11-28).
  20. (Gaztelaniaz) «Koldo Martínez senataria “Izquierda Confederal” taldean sartuko da» www.geroabai.com (Noiz kontsultatua: 2019-11-28).
  21. Senar, Joxerra. ««Ez dugu bat egiten gauzak zuri ala beltz direla diotenekin»» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-12-30).
  22. «Geroa Sozialberdeak alderdia sortu eta Uxue Barkos izendatu dute idazkari nagusi» www.eitb.eus 2020-12-19 (Noiz kontsultatua: 2020-12-30).
  23. «Koldo Martinez, Iruñerako Geroa Bairen alkategaia - Iruñea» euskalerriairratia.eus (Noiz kontsultatua: 2023-01-20).

Kanpo estekak aldatu