Cúchulainn

elezaharretako irlandar heroia

Cúchulainn[1] —orobat Cú Chulainn, Cú Chulaind, Cúchulain eta Cuchullain grafiez idatzia— (irlanderazko izen horrek «Cúlannen Txakurra» esan nahi du) irlandar mitologiako heroia da, Ulsterko zikloan agertzen dena. Haurtzaroko izena Setanta zuen.

Cúchulainn
Ulstergo zikloa
Ezaugarriak
Sexuagizonezkoa
Familia
AitaLug eta Súaltam (en) Itzuli
AmaDeichtine
Ezkontidea(k)Emer (en) Itzuli
Bikotekidea(k)Aífe (en) Itzuli, Fand (en) Itzuli eta Uathach (en) Itzuli
Seme-alabakConnla (en) Itzuli

Cúchulainn "Akiles irlandarra" ezizenez ere ezaguna da, balentria bikainen egilea izango zela profetizatu baitzioten, baita gazterik hilko zela ere. Ulsterko zikloaren (Ipar Irlanda) heroi mitologiko ospetsuena da, bere jatorrizko izena Setanta zen, baina askoz ere ezagunagoa da bereganatu zuen Cú Chulainn izenarengatik. Umea zelarik, bere aita ordekoa bisitatzera Culann errementariaren etxera joan zen eta hau gordetzen zuen txakur emea hil zuen. Une horretan errementariaren txakur zaintzaile izateko hitza eman zuen hilberria zuen txakur emearen kumea heldu arora iritsi eta bere lana egiteko gai izan arte.

Cú Chulainn gudariaren heziketaren arduradun Skatsha emakume druida izan zen, honek bere lantza famatua erabiltzen irakatsi zion: Gae Bolga. 17 urterekin Ulstergo lurraldea Connacht erresumako Maeb erreginaren gudalosteetatik defendatu zuen Táin Bó Cúailnge ("Cualingeko Idien Guda") guda epikoan. Bere gudagura, guda sukarra edo ríastrad delakoarengatik ezaguna da, trantze antzeko honen bitartez, ez etsai ez eta lagunik ezagutzen ez duen munstro ezagutezin batean bilakatzen da. Bere gurdi gainean borrokatzen zen, Láeg bere gurdi-laguntzaile leiala gidatzen zihoalarik, gurdia Liath Macha eta Dub Sainglend zaldiek tiratzen zuten.

Cú Chulainn Irlandako beste gainontzeko hiru erresuma edo probintzien aurka borrokatuz hil zen (Connacht, Munster eta Leinster), Ulsterren aurkako hiru irlandar erresuma hauen batasuna Maeb erreginaren lorpen bat izan zen. Cú Chulainn heriotzeraino borrokatu zela kontatu ohi da, eta hiltzorian zegoela, bere etsaiek hari zioten beldurraren ondorioz ez zirela Cú Chulainn hiltzeko azken kolpea ematera hurbiltzen ausartu, hain zuzen ere, bele bat odol egarriz Cúchulainnen sorbalda batean ezarri zen arte, honek haren behin-behineko heriotza adierazi baitzuen.

Kondairak aldatu

Jaiotza eta haurtzaroa aldatu

 
Cúchulainn gaztea, bere armak Conor erregearengandik jasotzen.

Cú Chulainnen jaiotzaren hainbat bertsio existitzen dira. Aurreneko bertsio batean, Dectera bere ama, Conor mac Nessa, Ulstergo erregearen alaba eta gurdi-laguntzailea da, eta beste Ulsterko nobleekin batera hegazti magikoen ehizan laguntzen zuen. Egun batez, elurtzen hasi eta Ulsterko gizakumeak aterpearen bila hasi ziren. Ongietorria eman zieten etxe bat aurkitu zuten, baina etxekoandreak ume bat erditu zuen gau hartan, eta Dectera gizonezko ume baten jaiotzaren lekuko bihuru zen. Aldi berean, behorrak bi moxal erditu zituen. Hurrengo goizaldean, Ulsterko gizasemeek Brug na Bóinde (Newgrangen dagoen muino neolitikoa) delakoa aurkitu zuten aurrez-aurre, eta etxea eta bere bizilagunak desagertu egin ziren, han jarraitzen duten umea eta moxalak aldiz ez. Decterak umea bere etxera eraman zuen, baina haurra gaixo zegoenez laster hil zen. Lugh jainkoa agertu zitzaion orduan Decterari, eta bera izan zela Ulsterko gizaseme talde hari etxean harrera egin ziena esan zion emakumeari, eta sabelean jainkoaren semea zeramala eta honi Setanta izena ipini behar zitzaiola. Bere haurdunaldia eskandalu iturri zen ordea, Dectera Sualtam mac Royrekin ezkontzeko hitzemana baitzegoen, eta Ulsterko gizasemeek aita Conor bera zela uste zuten. Horregatik, haurra abortatu eta gaua bere senarrarekin igaro zuen erabat birjina izanik. Harreman horren fruituari Setanta izena eman zion, jainkoak agindu bezala.

Ezagunagoa den eta beranduago agertutako bertsio batean esaten denez, Dectera Conorren arreba zen eta Cathbad druidaren alaba, eta Emain Machatik, Ulsterko hiriburutik, desagertu zen. Aurreko bertsioan bezala, Ulsterko gizasemeak hegazti magikoen ehizara atera ziren, elurte batek bat-batean harrapatu eta hurbileko etxe batetara joan ziren aterpe bila. Beren anfitrioia Lugh jainkoa bera zen, baina oraingo bertsioan Dectera izan zen umea erditu zuena. Umeari Setanta izena ipini zioten. Ulsterko nobleek umearen aita ordekoa nor izango zen eztabaidatu zuten, Morann jakintsuak askoren artean adoptatu behar luketela erabaki zuen arte. Gurasoak honakoak izan ziren: Conor bera; zentzuduna izaten eta elokuentzia irakatsi zion Sencha mac Ailella; babestu eta mantendu zuen Blaí Briugu aberatsa; bera zaindu eta ahulenak nola babestu irakatsi zion Fergus mac Roy gudari zintzoa; heziketa eman zion Amergin olerkaria eta bere emazte Finchoom, umea hezteaz arduratu zena. Amergin eta Finchoomen etxean hazi zen umea, gaur egungo Murthemney-eko lautadan Loutheko konderrian, bien semea zen Conall Cernach-ekin batera.

 
Setanta gaztea Culann errementariaren txakur hilberriarekin. Gertakari honen ondoren, Cúchulainn ezizen ospetsua bereganatu zuen

Setanta adin heldura ailegatzean, Conor erregearen gortera jo zuen nobleen semeekin batera bere heziketa jasotzeko. Garai hau suertatu zen Cú Chulainn ezizena emango zion gertakaria. Culann errementariak Conor janaldi batetara gonbidatu zuen bere etxera. Joan aurretik, Conor umeekin hurling-ean jokatzen aritu zen, eta Setanta janaldira gonbidatu zuen, nonbait, gazteak kirol horretan erakutsiriko trebeziak erabat txundituta utzi baitzuen. Setantak gonbitea onartu, baina partidaren ondorenerako atzeratu zuen janaldia, hau amaitzean joateko hitza eman zuen. Azken hau Culanni aipatzea ahaztu zitzaion ordea, eta honek bere txakur zaindari ankerra aske utzi zuen etxea babes zezan. Setanta errementariaren etxera itzultzean, txakur erraldoiak eraso egin zion eta mutikoak bere defentsan txakurra hil egin zuen. Bertsio baten arabera, harri bat jaurtikiaz; beste batean, hurlingeko makil baten bidez sliotar edo pilota bat bere zintzurrera sartuta. Culann zeharo lur jota zegoen txakurraren galerarekin, hortaz Setantak ordezko bat hazi eta Culann-i emateko hitza eman zion, eta txakur kume hau betebeharra egiteko bezain indartsua izan arte Culannen etxea Setantak berak zainduko zuela hitz eman zuen. Cathbad druidak gaztearen izena aurrerantzean Cú Chulainn izango zela adierazi zuen, hau da, "Culann-en txakurra" irlanderaz.

Bere heldutasunaren armak jaso behar zituen garaian, ikasleei irakasten ari zitzaien Cathbad druidak honako profezia egin zuen: egun hartan bere armak jasotzen zituen hura, heroi handiena izango zela eta bere balentriak goraipatuenak izango zirela, nahiz eta bizitza laburra izan. Ezer entzungo ez zuenaren itxura eginez, Cú Chulainn Conor Mac Nessa erregearen aurrean azaltzera presaka joan zen eta bere armak emateko eskatu zion. Honela pare bat lantza eta gurdi baten jabe egin zen, baina gazteak eskuetan zerabiltzan arma guztiak hausten zituen, eta egoera nola zegoen ikusita, erregeak bere lantzak, ezpata eta gurdia eman zizkion. Cú Chulainnek haustea lortu ez zituenez, bere arma bihurtu zituen.

Cúchulainnen gotorleku eta bizilekua Dundalken zegoen, eta handik Murthemneyko lautadaren jaun bilakatu zen.

Scáthachekin entrenamendua eta Emerekin ezkontza aldatu

Cú Chulainn mutil gazte eder eta neskazalea zen, hainbesterainokoa, ezen Ulstergo gainontzeko gizonek heuren emakume eta alabak bereganatuko zituelako beldur baitziren. Hori galerazteko asmoz, Irlandan barna harentzat egokia izango zen emakume bat bilatzen ahalegindu ziren, baina Cú Chulainnen emazte bilakatu nahi zuen emakume bakarra Emer zen, Forgall Monach-en alaba. Halere, Forgall ezkontza honen aurka agertu eta hau ospatu aurretik senargaia Albako (Eskozia) emakume gerlaria zen Scáthach ospetsuarekin treba zedila iradoki zuen, hark Cú Chulainn hilko zuelako itxaropenez. Cú Chulainn Albara joan zen, eta une berean Forgallek bere alaba Emer Munsterreko Lugaid mac Nóis erregeari emaztegai gisa eskaini zion, baina azken honek, Emer Cú Chulainnetaz maitemindua zegoela jakitean, harekin ezkontzeari uko egin zion.

Scáthachek Cuchulainni gerraren artea irakatsi zion, besteak beste Gáe Bulg delakoaren erabilera, oinarekin jaurtiki eta etsaiei kalte larriak egiten zien lantza modukoa. Ferdiad ere gaztea entrenatu zuen, gerora Cú Chulainn-en lagunik onena bilakatuko zen gerlari trebea, biek elkar anaiatzat zutelarik.

Cú Chulainnen egonaldian zehar, Scáthach bere ahizpa bikia eta arerioa zen Aíferen aurka borrokatu zen. Scáthachek, bere ahizparen trebeziez jakitun eta Cú Chulainn hilko zuen beldurrez, gazteari borrokaldi osoan zehar lo edukiko zuen edabe bat edanarazi zion, horrela borrokatik kanpo uzteko. Halere, edabeak ordu bakar bateko eragina besterik ez zuen izan, Cú Chulainnek sekulako indarra baitzuen, hortaz, ordua igaro bezain laster gerlari gaztea borrokara batu zen. Aíferekin sekulako borrokaldia izan zuen, biak parez-pare, baina Cú Chulainnek arerioak arreta gal zezan lortu zuen, horretarako Aífek gauza guztien gainetik maite zituen zaldia eta gurdiak amildegitik erori zirela esan zion. Modu honetan Aífe garaitu zuen. Cú Chulainnek arerioari bizia barkatu zion, betiere bere ahizparekiko etsaitasuna bukatzearen truke. Albako bere egonaldiaren amaiera aldera, Cú Chulainn eta Aífe maitaleak izan ziren.

Behin entrenamendua egoki amaitu eta gero, Cú Chulainnek Alba laga eta Ulsterrera itzuli zen. Beste behin ere Forgalli Emer bere emaztegai izan zedin eskatu zion, baina Forgallek ezezkoa ematen jarraitu zuen, setati. Hortaz, Cú Chulainnek Forgallen gotorlekua erasotu, haren 24 gizon hil, Emer bahitu eta Forgallen altxorra lapurtu zuen. Azken honek bere buruaz beste egin zuen, harresitik bere buru botaz.

Ulstergo Conchobar Mac Nessa erregeak bere menpekoen emaztegai ezkondu berriekin lehenbiziko gauean oheratzeko eskubidea zuen, baina eskubide hau gauzatu ezkero Cú Chulainnen erreakzioaren beldur zen, eta eskubidea ez burutu ezkero bere nagusitasun edo agintea zalantzan jarriko ote zenaren beldur ere bazen. Cathbad druida eta Cú Chulainnen tutore zaharra zenak konponbide bat iradoki zuen: Conchobarek ezkontza gauean Emerrekin batera lo egingo zuen, baina bien artean Cathbad druidak lo egingo zuen, honela bai Emerren ohorea nahiz Conchobarren agintea bere hartan geldituz.

Cualingeko idien guda aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Táin Bó Cúailnge»
 
Cúchulainn, bere guda gurdian borrokatzen.

17 urteko adinarekin, Cú Chulainnek berak bakarrik Ulstergo erreinua Connachteko erreinuaren gudarosteetatik defendatu zuen Táin Bó Cúailnge edo "Cualingeko Idien Guda" delakoan. Maebek, Connachteko erreginak, Donn Cúailngen zegoen paradako zezena lapurtzeko inbasio bat antolatu zuen, eta ustekabez Ulster erreinuaren jabe egin zen. Izan ere, Cú Chulainn emakume batekin zegoen bi erreinuen muga defendatu beharrean. Ulsterko gizasemeak ezgaituta zeuden sorginkeria baten erruz, hortaz, Cú Chulainnek Maeb erreginaren gudarosteari aurre egin eta ez zion aurrera egiten uzten pasabide batean ematen den borroka berebiziko batean. Hilabeteak iraun zituen borrokaldi batean, Cú Chulainnek Connacht-eko txapeldun guztiak banaka-banaka garaitu zituen.

Borroka baten aurretik, emakume eder bat inguratu zitzaion Cú Chulainni, errege baten alaba zela esanaz eta bere maitasuna eskainiaz, baina berak muzin egin zion. Emakumea Morrigan jainkosa zen eta jasotako mespretxuaren mendeku gisa Cú Chulainn erasotu zuen animalia ezberdinen itxura hartuaz, Ulsterko gudari gaztea Lóch mac Mofemis-en aurka borrokatzen ari zen unean. Aingira itxurapean, pasabidean zangotrabatu egin zuen, baina Cú Chulainnek saihetsak apurtu zizkion berau zapalduz. Otso itxurapean, ganadua uxatu zuen pasabidean zehar baina Cú Chulainnek harrikada baten bidez begi bat atera zion. Azkenik, Morrigan jainkosa bigantxa bihurtu eta ganadu ihesaldi edo uxaldiaren buru jarri zen, baina Cú Chulainnek hanka hautsi zion, berriz ere harrikada baten bidez. Loch garaitu ostean, amaitzeko Cú Chulainni Morrigan jainkosa agertu zitzaion behi bat jezten ari sen atso baten moduan, aurreko animalien itxurak zituela jasandako zauriekin. Morriganek esnea eskaini zion hiru aldiz eta Cú Chulainnek edan zuen aldi bakoitzeko Morrigan jainkosa bedeinkatu eta bere zauriak sendatu egin ziren.

Cú Chulainn larriki zauriturik etzanda zegoen bereziki sutsua izan den borrokaren ondoren, baina Lughek bisita egin zion, bere benetako aita zela aitortu eta zauriak sendatu zizkion. Cú Chulainn esnatu eta Emain Machako (Ulsterko hiriburua) gudarosteak Connachteko gudarostea erasotu eta suntsitu egin zuela ikustean, bere ohiko ríastrad edo amorruzko guda-sukar ikusgarriak hartu zuen:

« Cú Chulainnek gorputza okerrarazi zion ikara moduko bat jasan zuen, munstro itxurako izaki bat zirudiela, itxuragabekoa, izugarria eta paregabekoa. Bere hanka eta artikulazioak, hatz kozko eta gorputz organo guztiak, burutik oinetara, uholdeetan zegoen zuhaitz baten moduan astintzen ziren edo korronte bat pairatzen zuen zumitz baten moduan. Bere gorputza bere azalaren azpialdean oldarki bihurritu zen, bere oin eta berna-hezurrak atzeraka biratu zirelarik, zango sagar eta orpoak berriz aurrerantz. Bere buruko zurdak garondoraino luzatu zitzaizkion, beraietako bakoitza helduleku boteretsu, mugagabe eta neurrigabe baten antzera, hilabete bateko ume baten buruaren neurrikoa zirudiela. Bere begietako bat bere garezurrean erabat sakon barneratu zen, hegan zihoan kurrilo basati batek begiaren ikuspegia bere begi masail inguruan galtzeko moduan. Beste begia berriz, begi masailetik zintzilik zuen. Bere ahoa modu arraroan okertua zegoen eta atzeraka luzatutako begimasailek bere masailezur gordina utziz, bere gibel, birika eta erraiak agerrarazten zizkion, hauek denak bere aho eta zintzurrean kulunkatzen ziren, bere behekaldeko masailezurrak goialdekoari kolpe izugarri bat eman zion, lehoi bat hiltzeko adinekoa, eta ahuntz baten artilearekin zeuden txinpartadun maluta handiak ateratzen zitzaizkion ahotik. Bere buruko ileak zulo batean trabatutako arantza bateko adarren antzera okertzen ziren; sagarrondo bateko fruituak bere gainean erori ezkero, apenas iritsiko zen sagarrik lurrera, amorru biziz bere ile tenteetan iltzatuz. »
Thomas Kinsela (irlanderatik ingeleserako itzultzailea), The Táin, Oxford University Press, 1969, pp. 150-153

Cú Cullainek Connachteko gudaroste erasotu eta ehunka gudari hil zituen, beren gorpuak bata bestearen gainean pilatu eta horma edo paretak osatuaz. Connachteko Maeb erreginaren gortean atzerriratua zegoen Fergus mac Róich, Cú Chulainnen aita ordea bidali zuten honen aurka egiteko, eta Cú Chulainnek amore ematea onartu zuen, betiere Fergus etorkizunean berriz ere topatzean azken honek Cú Chulainni mesedea itzularazteko baldintzapean. Amaitzeko, Cú Chulainn hiru egun luzez iraun zuen borroka nekagarri batean bere lagun min eta anaia ordeko zen Ferdiaden aurka borrokatu zen Áth Fhir Diadh deritzon pasabidean (Ardee delako lekuan, Loutheko konderria).

Denborak aurrera eginik Ulsterko gizasemeak Maeb erreginaren kontra matxinatu ziren, lehenbizian banan-banan eta gero denak batera. Azken borrokaldia hasi zelarik, Cú Chulainn bere aurreko borrokaldien zaurietatik indarberritzeko atzealdean mantendu zen, baina Fergus aurrerantz zetorrela ikustean Cú Chulainn berriz ere borrokan sartu zen eta Fergusi aurre egin zion. Azken honek beraien arteko aurreko tratua bete eta amore eman zuen, bere gudarostea borrokatik baztertuz. Connachteko gainontzeko aliatuen artean beldur-ikara nagusitu zen eta egoerak Maeb erregina ihes egitera behartu zuen. Une desegoki honetan Maeb erreginak hilabetekoa zuen, eta nahiz eta Fergusek Maeb babesteko bere inguruan zaindariak jarri, Cú Chulainnek zaindariak engainatu eta Maeb erregina bereganatu zuen. Halere, bizia barkatu zion, emakumeak hiltzea ez baitzitzaion ongi iruditzen eta Maeb erreginaren Conachterako atzeraldian Athlonera lagundu zon.

Connlanen erailketa aldatu

Ulsterrera itzultzeko Aíferengandik agurtu aurretik, Cú Chulainnek urrezko eraztun bat eman zion, bien arteko harremanetik haurren bat jaioz gero, haurra behar adina haztean eraztun hura hatzean zuela aitari bidal ziezaion. Halaxe izan zen, Aífe haurdun zegoen eta Connla izena ipini zion semetxoa izan zuen.

Urteetara, gazte bat Ulsterrera brontzezko ontzi batean iritsi zen. Conchobar erregeak bisita mehatxagarri bat zela pentsatu zuen, bere gerlariak horrenbesteko luxuzko itsasontzi batean bidaltzen zituen herrialdea arriskutsua izango zelakoan, hortaz gaztea lehorreratu orduko itzularazteko konbentzituko zuen mezulari bat bidali zion. Baina gazteak mezularia hil egin zuen, bai eta bertaratu eta berarekin borrokatu ziren beste hainbat gizon ere, bere izen eta jatorria esan edota sorterrira itzultzera uko eginez. Orduan Conchobarrek Cú Chulainn dei zezaten agindu zuen, gerlaria gazte iritsi berriarengana joan eta hiltzea nahi ez bazuen nor zen aipatzeko esan zion, baina gazteak beste behin ere bere nortasuna argitzeari uko egin zion. Ondorioz, biak borrokatu eta Cú Chulainnek gaztea hiltzorian lagaz garaile atera zen. Une horretantxe haren hatzari so egin eta iraganean Aifari eman zion urrezko eraztuna zeramala ohartu zen. Oraindik hiltzorian zen Connla besoetan hartuz, itsas ertzera eraman eta Conchobar erregearen aurrean utzi zuen: "hona nire semea". Hil aurretik, han zeuden Ulstergo gerlari guztiak Connlaren aurrera deituak izan ziren, gaztea haiengandik eta aitarengandik agurtu eta hil egin zen.

Cú Chulainnen heriotza aldatu

 
Cúchulainnen heriotza

Maeb erreginak Lugaid (Cú Roy-en semea), Erc (Cairbre Nia Fer-en semea), eta Cú Chulainnek hil zituen beste batzuen semeekin Cú Chulainn hiltzeko konspiratu zuen. Cú Chulainnen patua aldez aurretik idatzita zegoen, beregain zegoen geasa edo zina haustean. Zin honek txakur haragia jateko debekua barne hartzen zuen, bai eta Irlandaren hastapenetako araua ere, hots, norbaitek eskainitako abegikortasuna errespetatzeko beharra. Hau honela, emakume zahar eta itsusi batek Cú Chulainni txakur haragi plater bat eskaini zionean, Ulsterko gudari gazteak ez zuen bere geasa edo zina haustea beste aukerarik izan, zaharraren abegikortasuna errespetatuko bazuen. Modu honetan izpiritualki ahulduta gelditu zen aurreikusia zegoen borrokarako.

Lugaidek hiru lantza magiko egin zitezela agindu zuen eta eurekin errege bat eroriko zela profetizatu zitzaion. Aurrenekoarekin, Láeg hil zuen, Cú Chulainnen gurdi-laguntzailea edo gidaria, gurdi gidarien erregea. Bigarrenarekin, Liath Macha hil zuen, Cú Chulainnen zaldia, zaldi guztien erregea. Hirugarrenarekin, Cú Chulainn bera larriki zauritu zuten. Orduan, Cú Chulainnek bere burua harri handi batetara lotu zuen, borrokaldian zutik mantentzeko asmoz. Harri hau, ohituraz, gaur egun oraindik Louth Konderriko Knockbridge herrian dagoen batekin identifikatzen da. Cú Chulainn heriotzaraino borrokatu izan zela kontatu ohi da, eta bera bizirik zegoen artean bere etsaiek ez ziotela erasorik egin beldurraren-beldurrez, bele bat odol egarriz Cúchulainnen sorbalda batean kokatu zen arte. Hau izan zen Cú Chulainnen heriotzaren adierazgarri, eta honela jakin zuten etsaiek hilda zegoela. Ondoren, Lugaid-ek burua moztu zion, baina hau egiteko unean, Cú Chulainnen ezpata erori eta Lugaidi eskua moztu zion.

Conall Cernachek Cú Chulainn bera baino lehen hiltzen bazen bere heriotza eguzkia sartu baino lehen mendekatuko zuela zin egina zuen. Cú Chulainnen heriotzaren berri izan zuenean, Lugaiden atzetik abiatu zen. Lugaidek esku bat galdu zuenez, Conall bere esku bat gerrikoan loturik zuela borrokatu zen eta modu horretan garaipena lortu zuen, bere zaldi batek Lugaid albo batean hozkatu baitzuen. Conallek Erc ere hil zuen eta haren burua Tara hirira bidali zuen, han bere arreba Achall anaiaren heriotzaren saminez hil zen.

Erreferentziak aldatu

  1. Cúchulainn edo Cú Chulainn () irlanderazko izenaren ahoskera, euskaldun batentzat, Kü Jülan izango litzateke gutxi gorabehera (j, gipuzkerako jan hitzean bezala; eta ü zubererazko Altzürükü hitzean bezala).

Ikus, gainera aldatu


Kanpo estekak aldatu