1812ko Espainiako Konstituzioa Euskal Herrian
1812ko Espainiaren Cádizko Konstituzioa epe labur batez ezarri zen Hego Euskal Herrian. Hala ere, tarte horretan, egitura politiko konstituzionalen aurrekariak ezarri ziren, urte batzuk geroago gauzatuak, baita eztabaidak piztu eta tentsioak eragin ere. Konstituzio liberal horrek espainiar herriari ematen zion subiranotasunaren iturria lehen aldiz; ez zuen aitortzen, bada, monarkiako edo lehenagoko beste egitura politikoren existentziarik. Beraz, ezta Euskal Herriko foru erakunde eta legeena ere, une horretan erregearen botere absolutuari ihes egiten zion jurisdikzio multzo bakarra zena. Ondorioz, 1812ko Konstituzioaren hedakuntzak eta ezarpenak eragozpenak aurkitu eta ezaugarri bereziak izan zituen bertan.
Iberiar Penintsulako Gerraren erdian aldarrikatu zutenean, Euskal Herria Napoleon Bonaparte frantses enperadorearen tropen okupazioaren pean zegoen. Beraz, Cádizko Konstituzioaren inguruko eztabaidak geroago piztu ziren, eta ezarpena geroago hasi zen gurean, frantses armadak kanporatu ahala. Hala ere, 1814an Fernando VII.a erregea tronuratu zenean, Konstituzioa bertan behera utzi zuen, eta berrezarri egin ziren indargabetutako euskal foru erakundeak.
Cádizko Konstituzioaren harrera Euskal Herrian
aldatuKonstituzio haren edukia Euskal Herriko lurraldeek ordu arte izan zutenaren oso antzekoa zen. Horregatik, onartu zuten Bizkaiko Biltzarrek (1812ko urria) eta Gipuzkoakoek (1813ko uztaila) konstituzio hura, eta nabarmendu zuten testu haren eta probintzietako “jatorrizko eta berezko Konstituzioaren” arteko “uniformetasuna” eta “antzekotasuna”. Euskal Herriko ordezkari politiko askok, beraz, ongi ikusten zuten beren erakundeen ikuskeraren antzeko antolamendu politiko bat ezartzea, Rousseauk zabaldutako gizarte kontratuaren ideiaren hurbilekoa. Arabako probintziak 1812ko urriko Batzar nagusian zin egin zuen Konstituzioa; 1813ko urrian onartu zuten Iruñeko Udalak eta Nafarroako erreinuko diputazioak. Gorteek Konstituzioa zin egitera behartu zituzten agintari zibil, militar eta elizako guztiak, eta baita probintzietako Biltzarrak eta Nafarroako erreinuko diputazioa ere.
Konstituzioaren lehen aldia 1814ko udaberrian amaitu zen, bat-batean; iraun zuen denbora bitartea laburregia izan zen, beraz, euskal lurraldeek errejimen berriaren ondorioak ezagutzeko. Fernando VII.a Espainiara itzuli eta berehala, konspirazio bat izan zen konstituzio erregimenaren kontra, erregeak berak babestua. Ez zen bakarrik 1812an sortutako sistema liberalaren amaiera izan, baita liberal guztiena ere, era batera edo bestera sistema liberalaren alde egin zutenena alegia. Konstituzioaren alde gehien nabarmendu zirenek, Gasteizen Pablo de Jericak esaterako, baita konstituzioa zabaldu eta erakunde berrietan parte hartu zutenek ere, espetxea eta erbestea jasan zituzten 1814az geroztik. Zapalkuntza horretan probintzietako agintariek –foru diputazioek– parte hartu zuten. Agintari horiek monarkia berrezartzearekin batera, 1808ko krisiaren aurretik ari ziren bezala hasi ziren lanean.
Tokian tokiko egoerak Konstituzioaren zabalkundean
aldatuGipuzkoa
aldatuNapoleonen tropa erretretan zetozen haien kontrolpeko Euskal Herrirantz, Wellington jeneral britainiarraren tropek jazarrita. 1813ko ekainaren 21ean, frantsesek Gasteizko Gudua galdu zuten. Ekain amaierarako, aliatuak Donostian ziren. Bada, uztailaren amaieran, Francisco Javier Castaños jeneralak, une horretan Espainiako armadako buruak, Deban Batzar Nagusiak elkartzeko deialdia egin zuen. Jose Maria Zurbano zen orduan ahaldun nagusia.[1]
Batzar horretan, Castañosek rol oso eztabaidagarria izan zuen. Kosta ahala kosta saiatu zen Cádizko Konstituzioa onar zedin, ezpata mehatxuz astinduz.[1] Batzartutakoek uztailaren 31n onartu zuten Konstituzioa. Gipuzkoako lege eta arauen ikuspegiarekin konstituzio horrek zituen antzekotasunak nabarmendu bai, baina hura Gipuzkoako eredu instituzionalarekin bateragarri egiteko beharra ere aipatzen zuten.[1]
Historiako Errege Akademiaren 1897ko txosten batek dioenez:
Gauza jakina da euskararen herrialdearen historian adituentzat, Castaños jeneralak ia indarrez zinarazi ziela bertan elkartutako Gipuzkoako Batzar Nagusiei Konstituzioa, eta hainbat bilkuraren buru aritzera ere heldu zen, era horretan presio handiagoa egiteko.[1]
1813ko irail hasieran, tropa aliatuek Donostia hartu eta suntsitu zuten. Hil bereko 19an, igandea, artean kea zeriola eta hondamendiaren erdian, hiriko ordezkariak San Bizente elizan elkartu ziren. Ekitaldirako, Hernanitik kandelak ekarri zituzten. Udalbatza konstituzional berria aukeratu zuten, tartean zela Juan Jose Vicente Mitxelena, birgaitua.[2]
Bizkaia
aldatu1812ko urriaren 18an, Napoleonen tropak bota berritan, Gabriel Mendizabal milizietako buruzagiak Bizkaiko Batzar Nagusiak deitu zituen Bilbon. Batzarrek adostu zuten Cádizera ordezkaritza bat bidaltzea, negoziazio eskaera batekin. Hura, baina, ez zen entzuna izan Cádizen, eta Cádizko Batzordeak Francisco Javier Castaños jenerala bidali zuen "ordena berrezartzeko". Castaños ohorezko ahaldun nagusi izendatu zuten, eta Mendizabal gobernadore aukeratu. Gero, berriz, Mendizabal gobernadore egin zuten.
Erreferentziak
aldatuBibliografia
aldatu
- Egaña, Iñaki. (2012). Donostia 1813.. Txertoa ISBN 978-84-7148-533-5..