Butterfly (telesaila)
Butterfly hiru ataleko telesail britainiarra da, Red Production Companyk egina ITVkaterako, eta 2018ko urriaren 14ean estreinatua. Telesail honetan 11 urteko trans neskato baten istorioa kontatzen da; eta, bere benetako izaeraz jabetzean, gurasoek duten errezeloaz.
Butterfly (telesaila) | |
---|---|
Jatorria | |
Sortzailea(k) | Tony Marchant (en) |
Izenburua | Butterfly |
Jatorrizko hizkuntza | ingelesa |
Jatorrizko herrialdea | Erresuma Batua |
Sasoi kopurua | 1 |
Atalak | 3 |
Banatze bidea | eskatu ahalako bideo |
Ezaugarriak | |
Genero artistikoa | telebista drama |
Hizkuntza | ingelesa |
Zuzendaritza eta gidoia | |
Gidoigilea(k) | Tony Marchant (en) |
Antzezlea(k) | |
Ekoizpena | |
Konpainia ekoizlea | Red Production Company (mul) |
Bestelako lanak | |
Musikagilea | Michael Stein (en) Kyle Dixon |
Emanaldia | |
Jatorrizko igorlea | ITV |
Hasiera-data | 2018ko urriaren 14a |
Amaiera-data | 2018ko urriaren 28a |
Seriea Tony Marchant-ek sortua da; gidoiaren idazketa prozesurako pertsona transgeneroak elkarrizketatu ditu, Mermaids elkartearen bidez. Harrera positiboa izan du, eta kritikariek Maxine-ren gurasoen karakterizazioa eta gaiaren trataera goraipatu dute. Sare sozialetan eta trans jendearen artean ere harrera ona izan du. Halere, Erresuma Batuko Osasun Zerbitzu Nazionalaren genero-klinika batek Maxineren suizidio saiakeraren eskena kritikatu du.
Ekoizpena
aldatuTony Marchant- ek 1996ean "Different for Girls" filmaren gidoia idatzi zuen, trans emakume heldu bati buruz. HuffPost- en argitaratutako elkarrizketa batean, Marchant-ek azaldu zuen, "betidanik izan duela generoaren jariakortasuna aztertzeko ideia".[1] Ekoizpenaren aholkulari nagusia Susie Green izan da, Mermaids trans elkarteko Erresuma Batuko arduraduna.[2] Istorioak badu Susie Greenen alaba transexualaren historiarekin zerikusia; gazte hau izan zen, hain zuzen ere, sexuaren berrantolaketa kirurgia jaso zuen britainiar neskarik gazteena (16 urte).[3]
Telesail honekin, Marchant-ek haur transgeneroei buruzko bi mito hausteko asmoa izan du: moda jarraituz bihurtzen direla trans; eta hormona tratamendua lortzea erraza zaiela. Filma 2018ko urtarrilean errodatzen hasi zen, eta 2018ko martxoan amaitu zen. Maxineren papererarko Callum Booth-Ford zis mutikoa aukeratu zen, bost hautagairen artean. Marchant-ek trans haurra aukeratzea kontsideratu zuen, baina Mermaid elkartean paper hau trans antzezle batentzat "benetan zaila eta mingarria" izan zitekeela esan zioten.[1]
Maxineren gurasoak Emmett J. Scanlan eta Ana Friel aktoreak antzeztu dituzte. Marchant ohartu zen Mermaid elkartean haur transgeneroen amen presentzia handia zela, ez ordea aitena. Filmean, amak bere belaunaldiko jendearen jarrerak erakusten ditu, eta aitaren zalantzak arrazoizko bezala agertu dira, jendea identifikatuta sentitu dadin. Filma prestatzeko, bai Scanlan bai Friel Mermaid elkarteko familiak bisitatu zituzten.[4] Filmazioan, Frielek synth-pop musika eta perfume berezi bat erabili zuen bere nortasunaren mentalitatean hobeto sartzeko.
Soinu-banda Michael Stein eta Kyle Dixon-ek konposatutako sintetizadore-musikaz osatuta dago. Musikari hauek aurrez elkarrekin lan egin dute Netflix zientzia-fikziozko beldurrezko serie Stranger Things-en .[5]
Aktoreak
aldatuHauek dira Butterfly filmaren aktoreak:[6]
- Callum Booth-Fordek Maxine Duffyren papera egiten du, jaiotzez Max izena zuena. Maxinek 5 urte zituenetik neska arropak jantzi nahi zituen trans neska da. 11 urterekin bere gorputzarekiko duen disforiak autolesiora darama, eta bere oraingo nahi bakarra bere gorputzean gizon ezaugarriak ez garatzea da.
- Anna Friel (fitxako argazkian) Vicky Duffy da, Maxineren ama eta tutorea. Vicky-k Maxine-k etxean emakumezko arropa janztea onartu du, baina ez publikoan. Profesionalekin kontsultatu ondoren, Maxine-ren genero identitatea guztiz onartzen du eta bere tratamendua lortzeko lanean hasten da.
- Emmett J. Scanlan Stephen Duffy da, Maxine-ren aita. Stephenek etxetik alde egin du, Maxineren jokaera femininoen aurrean haserretu eta haurra jo ostean. Halere, etxera itzultzen da eta haurra babesten du.
- Millie Gibson Lily Duffy da, Maxine arreba. Lilyk eskolan arreba jagoten du, eta neska bezala identifikatzen hasteko adorea ematen dio. Gurasoek Maxineri arreta handiago eman ahala, Lily baztertua sentitzen da. Eskolako lagun batekin maiteminduta dago.
- Alison Steadman Barbara Pannell da, Vickyren ama. Hasieran Vicky kritikatzen du, Maxine neska gisa identifikatzeko aukera emateagatik; baina gero bat egiten du.
- Seán McGinley Peter Duffy da, Stephen aita. Hasieran, Maxineren genero identitate femeninoarekin kezkatua dago.
Difusioa
aldatuIkuskizuna Erresuma Batuan estreinatu zen, ITV kateko prime timean, igande gauetan.[7]
Euskal Telebistak telesailaren lehen denboraldiaren esklusiba erosi du, lehen atala 2019ko otsailaren 16ean emateko. Egun berean, baina, telesailaren hiru atalak Ondarroako Bide Onera zineman proiektatzea adostu dute Naizen Adingabe Transexualen Guraso Elkartearekin, Ekai Lersundi trans aktibista gogoratzeko jardunaldiaren baitan.[8]
Kanadako Broadcasting Corporation- ek ere 2019an aireratuko du.[9]
Harrera
aldatuJeff Robson "i" egunkariko kritikariak 4/5 izar eman dizkio, pertsonaiei "hurbilekoak eta sinesgarriak" iritzita, eta antzezleen lana goraipatuz. Halere, flashbackak gehiegitzat jo ditu.[7]
Sean O'Grady The Independent egunkarikoak ere lau izar, "oso hunkigarri"tzat jota, eta Booth-Forden antzezlana azpimarratuz. Lilyk Maxineri "nire ahizpatzat hartzen zaitut" diotsaneko eskenari telesailaren unerik gorenetakoa deritzo.[10]
The Guardian- eko Lucy Mangan-ek lau izar ematen dizkio, "zoragarriki delikatua" dela esanez, eta pertsonaiak "osoki garatuak", eta "modu bikainean eramandako antzezpenarekin" deskribatuz.[11]
The Telegraph-en, Gabriel Tate-k serieari hiru izarrekin baloratu du, "atxekimendua" ekartzen duela esanez, eta "aurreiritzi kaltegarrien aurka tajuz egina" dagoela. Halere, klixeen erabilpena kritikatu du, filmaren zati batzuk gobernuaren iragarkia diruditela , eta Steadmanen papera landu gabe dagoela esanez.[12]
Metro egunkariko Adam Starkey-ek ere hiru izar eman dizkio, "mainstream TB-ak eginiko lehen saiakera dela" balioetsiz; bere esanetan gurasoen paperak ongi eginak daude, baina Maxinerekin konektatzea zailagoa da.[13]
The Times-en hiru izar eman dizkio James Jackson-ek. Bere esanetan lehen atalak engantxatzen du; Frielen antzezpena goraipatu du, eta gurasoekiko harremanak; baina Mermaid elkartekoak istorioan sartzea ez du ondo ikusi.[14]
Allison Pearson-en iritzi negatiboa ereThe Telegraph- en argitaratu da, "transgeneroen kausa lotsagabeki babesten duela" egotziz. Pearsonek dio trans pertsonen artean ez daudela suizidio kasurik; eta Butterfly filmean agertzen den suizidio saiakera "arduragabekeria" dela kritikatu du, gazteak gauza bera egitera bultzatu ditzakeelako.[15]
Radio Times aldizkarian, Ash Palmisciano-k Butterfly goraipatu du "egiazkoa, iluna, hunkigarria eta ederra" dela esanez. Artikuluan trans iritzi emaile eta aktibisten goraipamenak ere irakur daitezke, telesaila egokia eta trans jendearen ikuspegi positiboa nagusitzen dela esanez, arazoei izkin eman gabe.[16]
Woman & Home, Digital Spy, OK! eta PinkNews aldizkarien arabera sare sozialetan ongi hartua izan da, besteak beste India Willoughby trans kazetariaren eta Dawn Butler politikari laboristaren aldetik.[17] Gazte transexualen guraso batzuek galdetu dute Maxine gay mutila ote zen, trantsizioa benetan behar ote zuen kuestionatuz.[18]
EB-ko Osasun Zerbitzu Nazionalaren Generoaren Identitate Garapenerako Zerbitzuak Maxine-ren suizidioaren saiakera erakusten duen eskena kritikatu du, 11 urtekoen artean ohikoa ez dela esanez (%1 baino gutxiago). Susie Greenek, berriz, 2016 Stonewall inkesta bat aipatu zuen, non seme-alaba transgeneroen %45ek bere buruaz beste egiten saiatzen direlaaipatzen den.[19]
Lehenengo atalak 2.8 milioi ikusle izan zituen. Emisioaren ostean, Greenek jakinarazi zuen Mermaid elkarteak bazkidetza eskarien handitzea izan zuela.[20]
Erreferentziak
aldatu- ↑ a b (Ingelesez) «'Butterfly' Writer On Changing Attitudes To Transgender Children And The Importance Of Trans Representation On Screen» HuffPost UK 2018-10-14 (Noiz kontsultatua: 2019-02-13).
- ↑ (Ingelesez) Hunt, Amy. (2018-10-15). «Fans praise Anna Friel's 'powerful' new ITV drama Butterfly» woman&home (Noiz kontsultatua: 2019-02-13).
- ↑ «Is Butterfly based on a true story? New ITV drama starring Anna Friel - PinkNews · PinkNews» www.pinknews.co.uk (Noiz kontsultatua: 2019-02-13).
- ↑ (Ingelesez) «Paris Lees: 'Butterfly is the best thing to happen to the trans community for years'» Radio Times (Noiz kontsultatua: 2019-02-13).
- ↑ (Ingelesez) «Anna Friel on transgender drama Butterfly: ‘If it was my daughter, I don’t know what I would do’» The Independent 2018-10-12 (Noiz kontsultatua: 2019-02-13).
- ↑ (Ingelesez) «Meet the cast of ITV's Butterfly» Radio Times (Noiz kontsultatua: 2019-02-13).
- ↑ a b (Ingelesez) Robson, Jeff. (2018-10-14). «Butterfly, ITV, review: A sensitive ‘social issue’ drama that’s also a sparky slice of life» inews.co.uk (Noiz kontsultatua: 2019-02-13).
- ↑ «Ondarroan estreinatuko dute 'Butterfly' telesaila - Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza» Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza 2019-02-11 (Noiz kontsultatua: 2019-02-13).
- ↑ (Ingelesez) «ITV’s Butterfly lands in Canada» C21media (Noiz kontsultatua: 2019-02-13).
- ↑ (Ingelesez) «Butterfly, episode one review: 'An incredibly affecting drama'» The Independent 2019-02-13 (Noiz kontsultatua: 2019-02-13).
- ↑ (Ingelesez) Mangan, Lucy. (2018-10-14). «Butterfly review – an important, truthful drama about a transgender child» The Guardian ISSN 0261-3077. (Noiz kontsultatua: 2019-02-13).
- ↑ (Ingelesez) Tate, Gabriel. (2018-10-14). «Butterfly review: a well-intended pushback against lazy prejudice» The Telegraph ISSN 0307-1235. (Noiz kontsultatua: 2019-02-13).
- ↑ (Ingelesez) «Butterfly episode 1 review: Anna Friel anchors admirable transgender drama» Metro 2018-10-14 (Noiz kontsultatua: 2019-02-13).
- ↑ (Ingelesez) Jackson, James. (2018-10-15). TV review: Butterfly; The Cry. ISSN 0140-0460. (Noiz kontsultatua: 2019-02-13).
- ↑ (Ingelesez) Pearson, Allison. (2018-10-16). «The tyranny of the transgender minority has got to be stopped» The Telegraph ISSN 0307-1235. (Noiz kontsultatua: 2019-02-13).
- ↑ (Ingelesez) «What did trans people and parents of trans children make of Butterfly episode one?» Radio Times (Noiz kontsultatua: 2019-02-13).
- ↑ Donaldson, Laura. (2018-10-15). «Butterfly fans rush to praise 'powerful' and 'incredible' Anna Friel drama» OK! Magazine (Noiz kontsultatua: 2019-02-13).
- ↑ (Ingelesez) Doward, Jamie. (2018-11-03). «Too young to decide? Questions dividing real-life Butterfly families» The Observer ISSN 0029-7712. (Noiz kontsultatua: 2019-02-13).
- ↑ (Ingelesez) Gilligan, Andrew. (2018-10-14). «Butterfly: Teen transgender drama ‘inflates suicide risk’» The Sunday Times ISSN 0956-1382. (Noiz kontsultatua: 2019-02-13).
- ↑ Levesley, David. «Butterfly: what it was like to consult on the ITV drama» British GQ (Noiz kontsultatua: 2019-02-13).