Burundako euskara

Burundako euskara Nafarroa Garaiko Burunda eskualdean egiten den euskal dialektoa da. Nafarroa Garaiko mendebaleko ertzean dago Burunda, Euskal Herriaren erdigune geografikoan, Gipuzkoa eta Araba ondoan dituela. Kokagune berezi horrek eragin zuzena eduki du hango hizkeran: hiru alderdi horietako ezaugarriak jaso ditu, tarteko hizkera da bete-betean.[1] Zehazki, nafarreraren, mendebaleko euskararen eta gipuzkeraren arteko hizkera da. Arabako euskararen sortaldeko hizkera zenaren antza du.

Burunda, Euskal Herriko mapan

Kokaguneak azaltzen du, beraz, alderdi askoko eraginak edukitzea, baina badira, hala ere, ezusteko gertakari bi. Alde batetik, gauza zahar asko gorde dira; eta, bere kokagunea ikusita, ez da hori espero, Burunda ez dagoelako leku urrun eta bakarti batean. Alderantziz, Iruñea eta Gasteiz, eta Araba eta Gipuzkoa lotzen dituen bidean dago. Bestalde, berriz, Sakana eskualdean dagoen arren, nabarmena da Burundako azken herritik, Bakaikutik, bere aldamenekora, Etxarri Aranatzera dagoen aldea.[1] Ezaugarri horiek guztiak aintzat hartuta, Burundako euskara sakon aztertu duen Koldo Zuazo euskalariak dioenez, Euskal Herri osoan euskalkiak aztertzen ibili eta gero, Burundakoa da berak ezagutu duen euskal hizkerarik bereziena.[2]

Sei herrik osatzen dute Burunda: mendebaldetik ekialdera, Ziordia, Olatzagutia, Altsasu, Urdiain, Iturmendi eta Bakaiku dira. Euskalkiaren egoera ez da ona, Urdiainen baizik ez da zaharrengandik gazteengana igaro. Bakaikun heldu batzuek baizik ez dakite eta gainerako herrietan galduta dago. Guztira 11.000 lagun inguru bizi dira Burundan; horietarik gehienak (7.612) Altsasun.[1]

FonologiaAldatu

Bokalak[1]
  1. /e + a, e, o/ bokalak elkartzen direnean, e > i egiten da: etxea > etxia. Euskal Herri osoko bazter askotan gertatzen da hori, baina Burundan, eta Sakanan oro har, beste inon baino indartsuagoa da: bokal artean izan den kontsonantea galdu ondoren ere gauzatzen da. Hitz hasieran, esate baterako, honelako bilakaerak gertatu dira: edan > ean > yan, egon > eon > yon, erantzi > eantzi > yantzi, erosi/egosi > eosi > yosi... Berdin hitz barruan ere: aberats > abeats > abiats, jatera > jatea > jatia, urtero > urteo > urtio... Gauza bera gertatzen da /o + a, e, o/ elkartzen direnean: o > u egiten da bokal arteko kontsonantea galdu ondoren ere. Horren adibide dira: basora > basoa > basua, denbora > denboa > denbua...
  2. -a + a > -ea > -ia egiten da: anekdotia «anekdota», balbulia «balbula», bronkia «bronka», klabikulia «klabikula»... Mendebaleko euskararen bereizgarri esanguratsu hori Burundan ere bada, beraz. Hango azken herriraino heltzen da; arrotza da Bakaikutik ekialdera. Arau hori betetzen denez, hitz amaieran -e > -a egiten da zenbaitetan: andra «andre», bara «bare», basurda «basurde», bela «bele», lora «lore»... Hori ere mendebaleko gertakaria da (eta ondoko Goierriko gipuzkeran ere gertatzen da).
  3. Ekialdeko euskalkietan bezala, Burundan eta Sakana guztian ohikoak dira goranzko diptongoak: /nes.kjá/ «neska», /bi.djá/ «bidea», /ma.ris.kwék/ «mariskoak»...
  4. -ei- > -ai- egiten da maiz: alaina «ahalegina», laihoa «leihoa», lantaia «lantegia», luziai «luzeegi»... Askotan lehian daude -ai- eta -ei-: axei/axai «azeri», baindo/beindo «baino»...
  5. Sakana osoan bezala, -eu- > -au- egiteko joera dago: yauli «euli», yauri «euri», naurri «neurri», lauke (< leuke) «luke»...
  6. Hitz amaieran -un dago ondorengo lau hitzotan: asun, bi(g)un, lurrun, mun. Euskal Herriko mendebalean gertatzen da gehienbat hori; gainerako alderdietan -uin/-in ageri dira.
  7. Erdialdeko euskalkian —gipuzkeran— bezala, er > ar egiten da zenbait hitzetan: baztar «bazter», ifarnu «infernu», izardi «izerdi», iztar «izter», muskar «musker», uzkar «uzker»...
Kontsonanteak[1]
  1. Asimilazio bustidura eza da gertakaririk esanguratsuena. Inguruko hizkera guztietan indartsua da bustidura; arrotza, aldiz, Burundako sei herrietan. Horren lekuko maila, zaila, laino, oinez... bezalako ahoskerak. Gainera, gaztelaniatik hartutako hitzetan ere saihestu egin dira ll eta ñ: botila, kutxilo, ladrilo, pastila, sila... esaten da.
  2. Erdialdean bezala, euskal hitzen hasieran [x] ahoskera dago Sakana osoan: jaio, jakin, jan, jo...
  3. Zenbait hitzetako -nd- kontsonante multzoa da Burundako bereizgarri. Alde batetik, izan-en adizkietan agertzen da: gindan «ginen», zindan «zinen», zindain «zineten». Bestetik, muga adlatiboko morfema -raindo da (euskara orokorrean, -raino): nuaindo «noraino», etxiaindo «etxeraino»... Beste hitz batzuetan ere gertatzen da; baindo/beindo «baino», esate baterako.
  4. Herskarien sailean ere badira gauza bereziak. Alde batetik, herskari ahostuna dago hitz batzuetan: barre (ez parre), dalo «talo», dolestu/dolostatu «tolestu», gainu «keinu», galte «kalte», gata «kate», girten «kirten»... Beste hauetan, berriz, ahoskabea: kaixa «gerezia», pits «bits»... Nabarmentzekoak dira beste aldaera bi hauek ere: aitatu «aipatu» eta kipula «tipula».
  5. Hitzak elkartzerakoan z ahoskatzen da l, n eta r ondoren, eta ez tz: han zon (ez han tzon) «han zegoen», zer zan (ez zer tzan) «zer zen», hil zan (ez hil tzan) «hil zen».
  6. ez partikula z- batekin hasten den adizkiarekin elkartzerakoan ere z ahoskatzen da, eta ez tz: eza (ez etza) «ez zara», ezan (ez etzan) «ez zen», ezon (ez etzon) «ez zegoen».
  7. -st- kontsonante multzoa dago: beste, bost, heste, ostegun, ostiral esaten dira; ez bertze, bortz gisakoak.
  8. r dago, inoiz d edo ø aldatuta, eta ez l orokorra: bear/biar «belar», irar «ilar», irargi «ilargi», zidar «zilar». Baina, horien ondoan, elur esaten da, eta ez erur.
  9. Nafarrerako jokabidearekin bat etorriz, erdal -ón eta -ión bukaerak -ona eta -iona egokitu dira, Sakana osoan bezala: melona, montona, abiona, akordiona...
Azentuak[1]

Burundako eta Sakanako osoko azentua ahula da. Ez dauka balio bereizgarririk: ez du singularra eta plurala bereizten; ezta hitz bikoteak ere. Ez du azentu markatua daukan hitzik.

MorfologiaAldatu

Izenaren morfologia[1]

Kasuen morfemei dagokienez, ezaugarri hauek dira nabarmentzekoak:

  1. Datibo plurala -airi/-eiri da: langilieiri eztiai sueldoik eman 'langileei ez diete soldatarik eman'
  2. Genitibo plurala -ain/-ein da: estudiante txarrain moduen 'estudiante txarren moduan'. Jakina, genitiboaren gainean eraikitzen diren kasu guztietan –soziatiboan ez besteetan– daukagu aldaera bera: txarraingana 'txarrengana', txarraingeiti 'txarrengatik', txarraindako 'txarrendako'...
  3. Soziatiboa -kin da: borondate onakin 'borondate onarekin'. Euskal Herriko eremu zabalean erabiltzen da morfema hori, baina Etxarri Aranatzez gero, -ki ere bada aukeran. Arrotza da hori Burundan.
  4. Antzeko gertakaria daukagu instrumentalean. Burundan -z erabiltzen da: oinez. Aldiz, Etxarri Aranatzez gero, -s nafarra dago.
  5. Destinatiboan -endako dago Burundan eta Sakana osoan: yauria ona da lurrandako 'euria ona da lurrarentzat'
  6. Prolatiboan -tako dago. Hori ere Sakana osokoa da: eskualdunetako dukau giaure bua 'euskalduntako daukagu geure burua'
  7. Bizidunen inesiboan -en baitan erabiltzen da Sakana osoan; ez -engan:jaiek prestatzeko bajukagu konfiantzia gaztiein baitan 'jaiak prestatzeko bazaukaagu konfiantza gazteen baitan'
  8. Ablatiboan eta motibatiboan bizirik iraun dute -ti eta -gaiti aldaera zaharrek:
    a. gelati ata in gindan 'gelatik atera egin ginen'
    b. zengeiti eskatzen dai diru asko 'zergatik eskatzen dute diru asko'
    Gaur egun, jakina, euskara batuak eraginda, -tik eta -gatik erabiltzen ditu gazte jendeak. Aldiz, arrotzak dira -tikan (gelatikan) eta -gatikan (zergatikan) aldaerak. Sakanako gainerako alderdietan ere ez dira aldaera horiek errotu. Atal hau ixteko, beste ezaugarri bat aipatu behar: mendebalean bezala, -rik morfema erabiltzen da Burundan etxerik etxe, kalerik kale, mendirik mendi tankerako esapideetan.
  9. Adinarekin inesiboko -tan morfema baliatzen da: eskolati hamalau urtetan ata nitzan 'eskolatik hamalau urtetan atera nintzen'

Badira aipagarri diren beste hiru gertakari, izenaren morfologiari dagokionez:

  1. -rutza morfema baliatzen da honutza, horrutza eta hautza aditzondoetan. Sakana osoan erabiltzen da. Nabarmentzekoa da, dena dela, 'hona/horra/hara' dela horien esanahia. Norabidea adierazi nahi bada, aldera eransten zaie: honutzaldea, horrutzaldea, hautzaldea.
  2. Izenordain indartu bereziak erabiltzen dira Burundan: ñeau/niau 'neu', yau 'heu', bea 'bera', giau 'geu', ziau 'zeu', zebeik 'zeuek', ebeik 'berak'.
  3. bakarren bat 'norbait' gisako izenordainak maiz aditzen dira Sakana osoan: bakarren batek, bakarren bati… Horiekin batera, baten bat gisakoak ere ezagunak dira: baten batek, baten bati... Azkenik, zeozer 'zerbait' izenordaina ere bada.
Aditzaren morfologia[1]
  1. izan-en singularreko 3. pertsonako erroan -a- dago: dan 'den', dala 'dela', dalako 'delako, zan 'zen', zala 'zela', zalako 'zelako'.
  2. edun-en orainaldian -o-, -au- eta -e- lehian daude adizkien arabera: dot 'dut', dezu 'duzu', dau 'du', du 'dugu', dezai 'duzue', dai 'dute'.
  3. NOR-NORI sailean zaira 'zait', zaio, zaigu... gisakoak erabiltzen dira. Ez dira bereziak, baina egin dezagun kontu Burundatik ekialdera, Etxarri Aranatzez gero, dakit 'zait', dakiyo 'zaio', dakigu 'zaigu'... gisakoak baliatzen direla. Iraganaldian, ostera, -ki- hori bada Bakaikun eta Iturmendin: trena pasatu zakiten 'trena pasatu zitzaidan'.
  4. NOR-NORI-NORK saileko adizkiek egiten dute Burunda berezi. Ez dago *-i- erroa, inguruko hizkera guztietan bezala. Badirudi *eradun dela hango erroa. Hona hemen Urdiaingo zenbait adibide: dua 'dit', duazai 'didazue', geauzu 'diguzu', dezait 'dizuet', diai 'diete'...
  5. egin erroa NOR-NORI-NORK saileko aginteran baliatzen da: yakus iok/ion 'erakuts iezaiok/iezaion', eskatu iozu 'eska iezaiozu'...
  6. joan-en adizkietan nua/niyua 'noa', dua/diyua 'doa', nenduan/nendiyuan 'nindoan', zuan/ziyuan 'zihoan' bikoteak dauzkagu. Beraz, Gipuzkoako diyua gisakoak hara ere heldu dira.
  7. eduki-ren erroa berezia da, baina bi aukera daude. Urdiainen -u- da (eta halaxe zen han hasi eta Ziordia bitartean): dukat 'daukat', nukan 'neukan'. Iturmendin eta Bakaikun -e- da: dekat 'daukat'. Berezia da ekarri-ren erroa ere: -e- dago horretan; dekat 'dakart'.
  8. edun aditzaren erabilera mugatu eta eduki nagusitu da Sakana osoan: launak banukatzien 'lagunak baneuzkan'
  9. NOR-NORK saileko adizkiak gutxi erabiltzen dira Sakanan; ia bat ere ez Burundan: NOR-NORI-NORK sailekoak nagusitu dira, baita adin handiko hiztunen jardunean ere.
  10. Geroaldia egiteko -en eta -ko erabiltzen dituzte adin batetik gorako hiztunek: emain/emanko, izein/izanko... Gazte jendeak -go baliatzen du: emango, izango.
  11. NOR-NORK eta NOR-NORI-NORK sailetako adizkien pluraleko 2. eta 3. pertsonetan -ei/-ai morfemak daude; ez -te: dai 'dute', zain 'zuten', duai 'didate', diai 'diote', dezai 'duzue', zenduein 'zenuten'... Baita NOR saileko pluraleko 2. pertsonan ere: zai 'zarete', zei 'zaudete', zazai 'zoazte'...
  12. Aditzen pluralgileak direla eta, bada zer nabarmendu:
    a. NOR-NORI-NORK sailean -tzi- eta -zki- erabiltzen dira Urdiainen, adizkien arabera: NORI 'niri', 'hari' eta 'haiei' denean, -tzi- aukeratzen da; -zki- gainerakoetan. Beraz, duatzizu 'dizkidazu', diatzit 'dizkiot/dizkiet' gisakoak esaten dira. Berdin gertatzen da Bakaikun eta Iturmendin, baina hauetan -tza- erabiltzen da; ez -tzi-.
    b. -tzi- erabiltzen da eduki, ekarri eta eroan-en adizkietan: dukatzit 'dauzkat', dekatzit 'dakartzat', diatzit 'daroatzat [daramatzat]'. Iturmendin eta Bakaikun -tza- dago: dekatzat 'dauzkat/dakartzat', diatzat 'daroatzat'.
    c. -zi dago joan-en adizkietan: gazi 'goaz', zazi 'zoaz', dazi 'doaz'.
  13. Partizipioari -ta nahiz -rik morfemak eransten zaizkio: jarrik/jarrita. Nabarmentzekoa da aditz berrietan -rik dela ohikoena: bakunatuik, mobilizatuik, prezintatuik...
  14. Sakana osoan dago -gi partizipioetan. Burundan ebai 'ebaki', jagi 'jaiki', yazi (< irazegi) 'irazeki [piztu]' esaten dira. Hiketa dela eta, oso galduta dago gazte jendearen artean. Aldiz, adin batetik gorako hiztunak, gizonezkoak gehienbat, horretaz baliatzen dira euren eguneroko hartu-emanean.
  15. Mendebalean bezala, j- da NOR morfema ondorengo adizkiotan:
    a. edun-en pluralean: jituk/jitun 'ditik/ditin'. Singularrean d- orokorra dago: dik/din.
    b. Trinko iragangaitzen orainaldian: jok/jon 'zagok/zagon'. Iraganaldian z- dago: zoken/zonen 'zegoan/zegonan'.
    c. Trinko iragankorren orainaldian, 'hik' pertsonari dagozkion adizkietan izan ezik: jukak/jukan 'zaukak/zaukan'. Oraingo honetan ere z- dago iraganaldian: zukaken/zukanen 'zeukaan/zeukanan'.
    d. NOR-NORI-NORK sailean: juak/juan 'zidak/zidan'.
    Adizki horiek guztiok ez partikularekin elkartzen direnean, ez + *j- > etx- da emaitza: etxakik 'ez zakik', etxukak 'ez zaukak'.
  16. Nafarroa Garai gehienean bezala, y- dago singularreko 2. pertsonan adizki jakin batzuetan, baina gaur egun behintzat ez da arauzkoa: yengon 'hengoen', yua 'hoa', yukan 'heukan'... bezalako batzuetan aditzen da.
  17. Adberbioak errepikatzen direnean, absolutibo singularrean erabiltzeko joera dago Sakana osoan: ixil-ixila ibiltzen da 'isil-isila ibiltzen da', arropia seko-sekua do 'arropa seko-sekoa dago', trena geldi-geldia eldu da 'trena geldi-geldia dator'.
  18. Aditz izena ZERTAN kasuan erabiltzen da gehienetan: etxien eztuai faten autzi 'etxean ez didate joaten utzi', yakusten alaindu nauk 'erakusten ahalegindu nauk', oia biandu faten oitu nauk 'ohera berandu joaten ohitu nauk'. Baina atrebitu eta eman aditzekin ZERTARA kasua baliatzen da: enaiz dirua jokatzia atrebitu 'ez naiz dirua jokatzera ausartu', eman giauei ondo jatia ta yatia 'eman zigutek ondo jatera eta edatera'. Bi aukerak balia daitezke gelditu aditzarekin: zuien ibaia nola eldu zan ikustia/ikusten gelditu naiz 'zubian ibaia nola zetorren ikustera/ikusten gelditu naiz'.
Atzizkiak[1]

Aipagarri dira hiru gertakari:

  1. Nafarroa Garaiko beste alderdi batzuetan bezala, -kan aldaera aditzen da maiz Sakanan (orok. -ka): bakarkan, jokan, saltokan…
  2. Distributiboa egiteko -na baliatzen da; ez -ra: bina, seina, zazpina...
  3. -tza baliatzen da; ez -go: artzaintza, nekazantza, soldautza...

SintaxiaAldatu

Hauek dira sail honetako gertakaririk aipagarrienak:[1]

  1. Kausazko perpausetan ondorengo lau egiturok dauzkagu:
    a. 'nolabait + aditza + -en'. Asko erabiltzen da Sakana osoan: nolabait andragaia Iruñakua dukan, bertan yosi dai etxia 'nolabait andregaia Iruñekoa daukan, bertan erosi dute etxea'
    b. 'Aditza + eta' eta 'aditza + -(e)la eta' ere ohikoak dira Sakana osoan: eldu'an lanbatien Alsua fanko gaituk, feiek tuk eta 'datorren larunbatean Altsasura joango gaituk, feriak dituk eta', usuek ekar tueila ta, afaia inko du 'usoak ekarri dituztela eta, afaria egingo dugu'
    c. 'Aditza + bait- ere ohikoa da Sakanan, baina arrotza Burundan.
    d. Burundan -(e)lako erabiltzen da gehienetan, baina adin batetik gorako hiztunek -(e)lakoz era baliatzen dute:ez ne aita zalakoz, bea oso ondo zukan burua 'ez nire aita zelako, baina oso ondo zeukan burua'
  2. Perpaus osagarrietan, aditz nagusia ezezkoa denean, menderatuak -(e)nik morfema hartzen du:eztot uste olakoik pasatuko danik gaio 'ez dut uste horrelakorik pasatuko denik gehiago'.
  3. Denborazko perpausetan -(e)la erabiltzen da Sakana osoan; ez ekialdeko -(e)larik, adibidez: ileta funtziotan gendela, izugarrizko elurra bota zen 'hileta funtzioetan geundela, izugarrizko elurra bota zuen'.
  4. Esan dezadan, azkenik, Sakana osoan erabiltzen dela egin aditzaren indartzaile. Ikus dezagun egin-dun eta egin gabeko perpaus biren arteko kontrastea:
    a. Gobernuek galazita duka, bea ikurriña patu in dai 'Gobernuak galarazita dauka, baina ikurrina jarri egin dute'
    b. etxeko ataien argia patu dot 'etxeko atean argia jarri dut'.

LexikoaAldatu

Hona hemen Burundan erabiltzen diren hitz berezi batzuen zerrenda:[1]

  • A: ahaztu 'atzendu, ahantzi', amarratz 'armiarma' (Ziordian eta Olatzagutian antzina), antuxa 'usin, doministiku', apiki (< apika) 'nonbait', arkakuso 'kukuso', asko 'anitz', atari 'ate' esanahiarekin, atxitamustaia 'tximeleta', atze 'gibel', aurre 'aitzin'.
  • B: baso 'oihan', behatz (> bihetz) 'hatz', berantzagi (> mentzagi) 'orantza, legami', beratz (eta bigun), beta 'asti', bota 'erori' esanahiarekin.
  • D: dermio/dermau 'alor', despeditu 'bukatu', domeka (> donbeka) 'igande'.
  • E: eroan (> ean/yan) 'eraman', errendaketan (Bakaikun botaketan) 'botaka', esegi 'zintzilikatu' (Olatzagutian eta Altsasun antzina), esnatu (> esenatu) 'iratzarri'.
  • G: garagarril 'ekain', garranga 'izotz burruntzia' (Ziordia eta Altsasu bitartean antzina), gura 'nahi' hitz elkartuetan (azkura, barregura, logura, negargura, onguramina 'apeta').
  • H: heldu + izan-en adizkiak 'etorri', hirurogei 'hiruretan hogei', hitz egin 'mintzatu, solastu', hobeto (eta hokio 'hobekiago'), horma 'pareta', hots egin 'deitu'.
  • I: ibai, ibili 'eduki' esanahiarekin (autua garajien ibili dot 'automobila garajean eduki dut'), ilbetz 'urtarril', ilondo 'ilbehera', inbuluzkan 'itzulipurdika', indiaba 'indaba, babarrun', ira (Bakaikun iyostor) 'iratze', irazeki (> yazi) 'piztu', izara 'maindire', izeko 'izeba' (Ziordia eta Urdiain bitartean antzina).
  • J: jaregin (> jarein) 'askatu', jator, jaungoikoaren gerriko 'ostadar', joare (> fara) 'zintzarri', jostai 'ostots, trumoi'.
  • K: kale 'karrika', katagorri 'urtxintxa', konturatu 'ohartu', korrikan 'lasterka', kunkun 'apo'.
  • L: lapiko (eta eltze), lastail 'urri [hilabetea]' esanahiarekin, laurogei 'lauretan hogei'.
  • M: maki 'herren', momoxarro 'inauteri', mutiki 'mutiko', mutxikan 'jolasean', muxinkuen 'borrokan'.
  • N: nekazari 'baserritar', nesaki 'neskato'.
  • O: odolki 'tripot, odoloste', ohe 'ohatze', okaran, okela (eta haragi), okolu 'ukuilu', ondo (eta ongi), ortu (eta baratza), oso 'hagitz, arrunt', ozpingarri 'oinaztarri'.
  • P: pantalon 'galtza, praka', pernil 'urdaiazpiko', pits (eta apar).
  • S: sobrare (> sobre) 'nonbait', sor 'gor'.
  • T: triku 'sagarroi', tu (ez listu, txistu), txarki (eta gaizki), txitxigarro 'kilker', txukun.
  • U: ubaraxa (> uaxa, Bakaikun igualaiza) 'igel', urri 'irail' esanahiarekin.
  • Z: zajau 'ahozapi', zakar 'itsusi' esanahiarekin, zapo 'zomorro' esanahiarekin, zil 'zilbor, zilko', zinzirrin 'belarritako'.

AldaerakAldatu

Bukatzeko, hona hemen Burundako zenbait aldaeraren zerrenda:[1]

  • A: ailubi/aulubi 'marrubi', aitxur 'aitzur', alkar 'elkar', apiz 'apaiz', arrontza 'arrautza', autzi 'utzi'.
  • B: bea/baia 'baina', be 'gabe' (eta beiko/baiko 'gabeko'), bekela (eta bezela) 'bezala', bildur 'beldur', bulkatu 'bultzatu', bultxurrun 'giltzurrun', burruka 'borroka'.
  • E: esan (ez erran), esenatu 'esnatu', esene 'esne', eskubi 'eskuin', eskutur 'eskumutur', etzin 'etzan'.
  • F: gaztai 'gazta', guai 'orain'.
  • H: haraitz 'haritz'.
  • I: ikutu 'ukitu', iretsi 'irentsi', irruti 'urruti', itain 'izain'.
  • J: jaunka 'zaunka', jito 'ijito'.
  • M: musti 'busti'.
  • N: narru 'larru' (Bakaikun larru).
  • O: okotz 'kokots', opo 'orpo'.
  • P: piliskorri 'biluzgorri'.
  • S: sagona 'xaboi'.
  • T: tapilo 'korapilo', tximu 'tximino', txindila 'dilista', txindurri/txingurri 'inurri', txixa 'pixa'.
  • Y: yainun 'herenegun', yaitzi (< ereitzi) 'iritzi', yauli 'euli', yauri 'euri'.

ErreferentziakAldatu

  1. a b c d e f g h i j k l Zuazo, Koldo. «Burundako hizkera» Euskalkiak.eus . Noiz kontsultatua: 2018-02-16. Artikulu honetarako, hainbat zati kopiatu dira argitalpen horretatik, egileak Creative Commons By 4.0 lizentziarekin argitaratu baitu.
  2. Koldo Zuazo (2010): Sakanako euskara: Burundako hizkera, Nafarroako Gobernua eta Euskaltzaindia.

BibliografiaAldatu

  • BONAPARTE, Louis-Lucien.
    • 1881. "Observaciones sobre el vascuence de algunos pueblos del valle de la Burunda". Euskal-erria, 2, 145-151.
  • ERDOZIA, Jose Luis.
    • 2001. Sakana erdialdeko euskara. Iruñea: Nafarroako Gobernua.
    • 2002. "Bakaikuko hizkera". Fontes Linguae Vasconum, 34, 90. zenb., 269-306.
    • 2004. Sakanako hiztegi dialektologikoa. Iruñea: Nafarroako Gobernua eta Euskaltzaindia.
    • 2006. Altsasuko euskara. Altsasu: Altsasuko Udala eta Sakanako Mankomunitatea.
  • IZAGIRRE, Kandido.
    • 1967. "Altsasuko euskeraren gai batzuk". Anuario del Seminario de Filología Vasca "Julio de Urquijo", 1, 45-97.
  • ONDARRA, Francisco.
    • 1965. "Voces vascas de Bacaicoa". Boletín de la Real Sociedad Vascongada de los Amigos del País, 21, 386-412.
    • 2005. "Bakaikuko euskal hitzak, esaerak, etab." Fontes Linguae Vasconum, 37, 100. zenb., 481-523.
  • YRIZAR, Pedro.
    • 1991. Morfología del verbo auxiliar guipuzcoano (2 ale). Donostia: Kutxa eta Euskaltzaindia.
  • ZUAZO, Koldo.
    • 2010. Sakanako euskara. Burundako hizkera. Iruñea: Nafarroako Gobernua eta Euskaltzaindia.

Kanpo estekakAldatu

  • Zuazo, Koldo. «Burundako hizkera» Euskalkiak.eus . Noiz kontsultatua: 2018-02-16. Artikulu honetarako, hainbat zati kopiatu dira argitalpen horretatik, egileak Creative Commons By 4.0 lizentziarekin argitaratu baitu.