Ireki menu nagusia

Bittor Aiape (Iruñea, Nafarroa, 1980ko uztailaren 17a) Euskal kantari eta dantzaria da. Oso gazte zela ekin zion gitarra jotzeari eta dantza klasikoari, 6 urterekin hain zuzen ere.

Bittor Aiape
Bizitza
Jaiotza Iruñea1980ko uztailaren  17a (39 urte)
Herrialdea  Nafarroa Garaia, Euskal Herria
Jarduerak
Jarduerak abeslaria eta dantzaria
Musika instrumentua ahotsa

1992ko Nafarroa Oinezen jo zuen lehen aldiz, Vianan eta oso harrera ona izan zuen. Urte horretako, Bernardo Atxagak eta Jabier Muguruzak Nafarroa Oinezerako sortutako Arraroa, noski abestia ere kantatu zuen orduan. Kantu hau, bere lehen diskoan argitaratu zuen (Bittor Aiape) 1994ean. Lehen diska honekin, zuzenekoak ematen hasi zen, erritmo kaxa batekin. Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoen Euskal Telebistako saioan ere irten zen kantari.

1995ean bere bigarren diska plazaratu zuen (Gaztea naiz, eta zer!!), Kaki Arkarazoren laguntzaz. 1997ean berriz, estudioko hirugarren lana argitaratu zuen. Disko hau ordea, taldean landutakoa izan zen. Urte honetako udazkenean, Londresera joan zen bizitzera, bere musika eta dantza ikasketekin jarraitzeko. 1999an itzuli zen Euskal Herrira eta diska berriaren prestaketari ekin zion. Honez gain, Nafarroako Dantza Eskolan izen eman zuen ikasketekin jarraitzeko.

2000. urtean bere estudioko azken diska atera zuen (Beste Aldean). Lan hau kaleratu ostean, musika alde batera utzi zuen eta dantzari ekin zion.

BiografiaAldatu

Bittor Aiape kantari eta gitarrista nafarra ezohiko kasua izan zen euskarazko rockean. Hamahiru urte zituela grabatu zuen lehen diskoa, eta oihartzun handia lortu zuen 1992ko Nafarroa Oinez-eko "Arraroa, noski" kantuarekin. Beste hiru disko kaleratu zituen hurrengo urteetan, harik eta musika utzi zuen arte bere beste zaletasun nagusiari, hau da, dantzari heltzeko.

Musika tradiziorik gabeko familia batean jaio zen Bittor Aiape (Iruñea, 1980). Hala ere, sei urte zituela musika eta dantza klasikoko ikasketak hasi zituen, eta geroago gitarrari eskaini zion arreta berezia. Carloz Itoiz (Mikel Laboa, Benito Lertxundi...) izan zuen gitarra irakasle lehen urte haietan. Jendaurrean musikari gisa agertu arren, dantza ez zuen sekula baztertu hala ere.

Iruñean jaio arren, Kaseda herriarekin (Nafarroa) harreman estua izan zuen txikitatik, eta hori zela-eta lehen kontzertua Erriberan emateak esanahi berezia hartu zuen harentzat. 1992ko Nafarroa Oinez-en izan zen, Vianan. Bertan abesteko bere burua eskaini zuen Aiapek, eta antolatzaileek baiezkoa eman zioten. Harrera ona jaso zuen, emanaldia bukatu orduko kantu gehiago jotzeko eskatu baitzion jendetzak. Bernardo Atxagak eta Jabier Muguruzak urte hartako Nafarroa Oinez-erako sortutako "Arraroa, noski" abestia kantatu zuen orduan, eta are erantzun beroagoa jaso. Kantu hori bere lehen diskoan grabatu zuen, eta arrakasta handia lortu.

Hurrengo urtean, euskararen aldeko beste jai batzuetan parte hartu zuen Aiapek (Egunkaria Eguna, Kilometroak, Herri Urrats, Nafarroa Oinez...), eta Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoen ETBko saioan atera zen kantari. Han ezagutu zuen Fernando Unsain IZ diskoetxeko arduraduna, eta hark disko bat grabatzeko atea ireki zion. Jama Larreburu eta Jean-Lou Corrihons Minxoriak-eko kide ohien laguntzaz grabatu zuen Bittor Aiape (IZ, 1994). Bitarteko gutxirekin egindako diskoa izan zen, aurrez programaturiko bateria eta teklatuak erabili baitziren. Nafarroa Oinez-eko kantua eta Gabriel Arestiren "Nire aitaren etxea" izan ezik, Aiapek sortu zituen musika eta hitz guztiak, hamahiru urteko gazte batengan ohikoak diren gaiak (herriko festak, eskolako lanak, lehen maitasuna...) eta hain ohikoak ez direnak (drogak, kartzela...) ukituz. Kontzertuetan erritmo kutxa baten laguntzaz bakarka aritzen zen, baina entzutera joaten zitzaizkion gaztetxoak dantzan jartzen zituen.

Lehen diskoaren harrera onaren ondorioz, Gaztea naiz eta zer!! (IZ, 1995) estudioko musikariz osaturiko talde batekin grabatu zuen. Berriz ere berak sortu zituen doinu eta hitz guztiak, Joseba Sarrionandiaren bat izan ezik. Euskara, euskal presoak, maitasuna, errepresioa eta intsumisioa izan zituen hizpide Kaki Arkarazo soinu teknikariarekin grabatutako kantu sorta honetan.

Urteak pasa ahala, lehen emanaldietako ume hura nerabe bihurtu zen, eta aldaketa horren lekuko izan zen hirugarren diskoa, Azkena (IZ, 1997). Kantatzen hasi zenetik egokitutako irudia apurtzeko saioa egin zuen Aiapek lan horretan. Taldean landutako diskoa izan zen, eta bilakaera antzematen da doinuetan zein hitzetan. Aro horri amaiera eman zion diskoa kaleratu ondoren, 1997ko udazkenean Londresera joan zen dantza eta musika ikasketekin jarraitzeko -han zegoela, baxua jo zuen talde batean-, eta 1999ko udan itzuli zen Euskal Herrira. Nafarroako Dantza Eskolan izena ematearekin batera, kantuak sortzen jarraitu zuen eta Beste aldean (IZ, 2000) kaleratu zuen. Jean-Lou Corrihonsekin elkarlanean ondutako disko hura izan zen Aiaperen azkena. Hori eta gero, Erresuma Batura joan zen dantza eskola batera, bertan bi ute igarota. Urte batzuk lehenago adierazi zuenez, "musikari baino dantzari hobea naizen ustea izan dut beti. Gainera, mutila izanda, dantzak aukera gehiago eskaintzen dizkizu. Kantatzearena ez dut inoiz utziko, beti izango naiz abeslari, baina dantzarena indartu nahi dut. Musikan gauzak ongi aterata ere, ez dut dantza utziko".

DiskografiaAldatu

  • Bittor Aiape (IZ, 1994)
  • Gaztea naiz, eta zer!! (IZ, 1995)
  • Azkena (IZ, 1997)
  • Beste Aldean (IZ, 2000)

KolaborazioakAldatu

  • Euskal Herriak izan behar du euskalduna eta librea! (1996)
  • Noski izango dela!

ErreferentziakAldatu