Bilboko Nazioarteko Erakustazoka

Bilboko Nazioarteko Erakustazoka (FMB) Bilboko Basurtu auzoan kokatuta zegoen Bilboko erakustazoka zen. 1957ko abuztuaren 11n inauguratu zuten eta 2004ko otsailean itxi zen,[1] Bilbao Exhibition Centre azokak ordezkatuta.

Bilboko Nazioarteko Erakustazoka
Bami eraikina, Bilboko Nazioarteko Erakustazokaren parte
AkronimoaFMB
MotaPartzuergoa
SektoreaErakustazokak
Sorrera1957ko abuztuaren 11
SortzaileaBilboko Udala
Bizkaiko Foru Aldundia
Bilboko Merkataritza Ganbera
Desagerpena2004
EgoitzaBasurtuko Kaputxinoak kalea, 2; Bilbo
AkziodunakBilboko Udala
Bizkaiko Foru Aldundia
Bilboko Merkataritza Ganbera
Kronologia
FMB BEC

Historia aldatu

 
Bilboko Nazioarteko Erakustazoka. Bami eraikinean 7. eta 8. pabilioiak kokatzen ziren.

1932an Bilboko Miguel de Unamuno institutuan Motorra, Osagarriak eta Irratiaren erakusketa ospatu zen, euskal industriaren aurrerapen eta produktuak plazaratzeko asmoz. Lehenengo ekitaldi horretan 90 erakusketari eta 48.000 bisitari izan ziren, eta arrakasta ikusita urtebete geroago erakusketa berriro ere egin zen. Bigarren aldi horretan erakusketariak 122 izan ziren, eta 84.000 bisitari jaso zituzten.

1934. urtean, institutu berean, Industria eta Merkataritza erakusketa ospatu zen, 175 erakusketari eta 101.000 bisitari bilduz. Hurrengo urtean erakusketa errepikatu zen eta 220 erakusketari eta 182.000 lagun batu ziren.[2]

Erakusketen eboluzioa arrakastatsua izan bazen ere, Gerra Zibilaren hasierarekin bat eten egin behar izan zen. Gerra ostean, Administrazioek erabaki zuten erakusketak berriro ere martxan jartzea. Hala, 1941ko otsailaren 22an Bilboko Erakustazokaren komisioa sortu zen, eta urte bereko abuztuaren 10ean Bilboko V. Erakustazoka ospatu zen, aurretik aipatutako institutuan. Erakusketariak 248 eta bisitariak 165.000 izan zirela, arrakasta mantendu zela argi zegoen, eta hurrengo urteetan ere erakusketak egiteari heldu zitzaion, 1942. urteaan 175.000 eta 1943an 180.000 lagun batuz.

Urte horretan, erakustazokak ospatzeko eraikin propio bat sortzeko nahia jaio zen, alde batetik hainbeste bisitari jasotzen zituen ekimenentzako institutua txiki gelditzen hasia zelako, eta bestetik erakustazokak ospatzeko behin-behineko egiturak eraiki eta eraitsi behar izaten zelako. Hala, urte horretan azkeneko erakustazoka egin zen, eraikin berri bat sortzen zen bitartean.

50eko hamarkadan Bilboko Udala, Bilboko Merkataritza Ganbera eta Bizkaiko Foru Aldundiak partzuergo bat sortu zuten erakustazoka batentzako eraikina sustatzeko. Bi pabilioi sortu ziren, industria pisutsu eta industria arinerako, eta 1957ko abuztuaren 11n Bilboko VIII. Erakustazoka inauguratu zen.

Eraikinaren erakusketa azalerak 60.000 metro koadro zituen eta 354 milioi pezetako inbertsioa suposatu zuen. Urteak igaro ahala handitzen joan zen, hasiera batean beste bi pabilioi eraikiz.

1966. urtean nazioarteko erakustazoka aitorpena jaso zuen.

1981ean gauzatutako handipenak aurreko eraikinak batu zituen, eta guztira Bilboko Nazioarteko Erakustazoka 8 pabilioiz hornitu zen.

1992an azken gehikuntza eraiki zen, Bami eraikina, non 7. eta 8. pabilioiak ezarri baitziren.

Leku faltagatik, erakustazokak leku handiago bat bilatu behar izan zuen bere iharduerak antolatu ahal izateko, hala nola Makina-Erremintaren Biurteko azoka. Horregatik Bilbao Exhibition Centre eraikina proiektatu zen, Barakaldoko udalerrian. Erakustazoka berria 2004ko apirilaren 19an jarri zen martxan, eta erakustazoka zaharraren pabilioi guztiak, Bami eraikina izan ezik, Bilboko Athletic Klubaren San Mames berria eta 1.700 etxebizitza eraikitzeko eraitsi ziren, Zaha Hadid arkitektoak Olabeaga eta Basurtu auzoak eraberritzeko proiektuaren arabera.

Erakustazokaren eraisketa aldatu

2006ko abenduan erakustazokaren eraisketari hasiera eman zitzaion. Ordura arte hainbat ekitaldi antolatzeko balio izan zuten bost pabilioiak pixkanaka eraitsi ziren, makinen hilabeteetako lanaren ondoren. 2007ko abuzturako pabilioi guztiak bota zituzten.

Erreferentziak aldatu

  1. (Gaztelaniaz) El Correo. «El adiós a un escaparate de medio siglo» (Noiz kontsultatua: 2014-12-27).
  2. (Gaztelaniaz) Ferias y Carteles. «Feria de Muestras de Bilbao (1)» (Noiz kontsultatua: 2014-12-27).

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu