Tricholoma generoak Agaricales ordeneko espezie asko barneratzen ditu; izan ere, Tricholoma Agaricales ordenaren barruan daude, Tricholomatoide leinuko Tricholomataceae familian sailkatzen dira. Tricholoma-ren izen generikoa grekeratik dator τριχος "ile" eta λομα "lihazki". Hala ere, espezie gutxi doitzen dira deskripzio horretara, zehazki, Tricholoma vaccinum-i erreferentzia egiten dio, zeinak pileo iletsua duen.

Tricholoma
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaFungi
OrdenaTricholomatales
FamiliaTricholomataceae
Generoa Tricholoma
Staude, 1857

Ezaugarriak aldatu

Tricholoma generoko espezieek banaketa geografiko oso zabala daukate, baina badirudi klima subtropikal eta epela nahiago dutela, Ipar Hemisferioan zein Hego hemisferioan.  Ezagutzen diren espezie guztiak Pinaceae, Betulaceae eta Fagaceae familiako zuhaitzen ektomikorrizak dira. Horrez gain, espezie batzuk ektomikorriza monotropoideak garatzen dituzte; hau da, monotropa landarearekin asoziatuta daude[1].

Espezie asko jatorriz Tricholoma generokoak kontsideratzen zirenak, gaur egun beste genero batera pasatu dira, besteak beste, Lepista nuda (lehen Tricholoma nudum), Lepista personata (lehen Tricholoma personatum) edo Calocybe gambosa (lehen Tricholoma gambosum)

Ezaugarri makroskopikoei erreparatuz, karporforoa estipeduna daukate eta pileoaren morfologia zeharo aldakorra da espezie batetik bestera, esaterako, pileo hemisferikoak, kanpanulatuak edo konikoak izan daitezke. Himenoforo orriduna eta espora-jalkin zuria daukate.

Tricholoma generoko espezieen ezaugarri mikroskopikoei dagokienez, espora hialino, ez-amiloide, elipsoidalak edo arrautz-formakoak dira. Basidio klabiformeak eta tetrasporikoak, zistidiorik ez eta hifa afibulatuak dituzte.

Badaude espezie batzuk jangarriak direnak, baina beste batzuk pozoitsuak izan daitezke; hala nola, Tricholoma pardinum, Tricholoma tigrinum edo Tricholoma equestre.

Espezie jangarriak aldatu

 
Trcholoma portentosum-en basidioma, pileo gris-ilunarekin eta himenoforo zuri orridunarekin.

Tricholoma portentosum ziza ilun-hankahoriska-ren fruktifikazioa, oro har, konifero-baso azidofiloetan ematen da eta maiztasun gutxiagoz baso hostogalkorretan. Iberiar penintsula osoan zehar ageri daitezke. Gainera, euren fruktifikazio puntu-optimoa udazkenean izan arren, batzuetan lehenengo izotzaldietan ere fruktifika dezakete. Pileoaren kutikula lisoa, grisaxka edo beltzakara , ez-lirdingatsua, ez-higrofanoa eta noizbehinka kolore bioletazko zuntz adnatuekin. 5-10 x 1-2,5cm-ko estipe sendo, fibrotsu eta okertua daukate, kolore zurixka edo distira horiekin.  Himenoforo zuri orriduna eta espora-jalkin zuria. Espezie jangarria eta oso preziatua da hainbat herrialde europarretan, eta badirudi zapore gozoagoa daukala izoztuta biltzen denean.[2]

Tricholoma columbetta ziza usozuria lurzoru azidoko konifero edo zuhaitz hostogalkorren azpian fruktifikatzen du, besteak beste, gaztainondo, urki eta pagadietan. Iberiar penintsula osoan zehar aurki daiteke. Kutikula zuri, liso zetaduna, eta  noizbehinka orbain okre edo berdetsuekin.  5-10-1-2,5cm-ko estipe zilindriko, zuzena edo okertua, zurruna, orbain urdin edo larrosekin, eta oinarrian atenuatzen da. Ez dauka propietate organoleptikorik eta ezaugarri hori maiz ezaugarri taxonomiko gisa erabili ohi da. Estipearen orbain larrosak edota urdinak ordea, ezin dugu onartu ezaugarri taxonomiko bezala, ale batetik bestera oso aldakorra baita. Makroskopikoki, Tricholoma album-ekin konfunditu dezakegu, zaporeagatik baino ez da ezberdintzatzen; izan ere, azken honek zapore mingots eta usain irintsu garratza dauka. Espezie jangarri bezala kontsideratzen, baina ez da Tricholoma portentosum bezain gozoa.[3]

Tricholoma terreum ziza arrea espezie oso arrunta, ubikista eta ez dauka lurzoruarekiko espezifitaterik, edozein pH-ko lurzoruetan hazi baitaiteke. Konifero-baso (Pinus, Picea, Abies) azikuluen artean garatzen da udaberrian, udazken bukaeran eta neguan. Fruktifikazioaren faktore-mugatzaileak, hezetasun urria eta muturreko tenperaturak dira. Iberiar penintsulan konifero autoktono edota aloktonoetan hazi daiteke. Kutikula gris iluna, fibrotsua, ez-higrofanoa eta ez-ildaskatua da. 3-7 x 0,5-1,5 cm-ko estipe zilindrikoa, zuzena edo okertua, zuria, fibrotsua eta apizean ezkatatsua. Tricholoma terreum espezie jangarria da eta normalean beste perretxiko mamitsuekin nahastuta kontsumitzen da. Tricholoma pardinum-ekin konfunditu daiteke zeina espezie toxikoa den.

Tricholoma equestre (berezitasuna) aldatu

Iraganean, Tricholoma equestre espezie jangarria zen eta gainera europar merkatuetan zaltzen ziren, garai horretan oso preziatuak baitziren. Horrez gain, erdi aroko zaldun frantziarrek orduko Suillus bovinus espeziea jaten zuten, baina Tricholoma equestre behin dastatuta, Suillus bovinus-ak nekazariei bueltatu zizkieten. Horregatik, zaldun-ziza orrihori bezala ezagutzen zaio.[4]

 
Zaldun-ziza orrihori (Tricholoma equestre)

Lehendabizi, kezka  Frantziako hegoaldean piztu zen.  Astean bi  edo hiru aldiz Tricholoma equestre kontsumitu zuten pertsonak pozoitu ziren. Onddoa zeukan azken bazkaria jan eta lau egun barru, gaixoek baieztatu zuten ahultasun muskularra zeukatela eta batzuetan mina nabaritzen zutela. Ahultasun honek jarraitu zuen lau edo hiru egun gehiago eta gainera beste motatako sintomak pairatu zituzten, esate baterako, gernuaren beltzutzea, goragaleak, izertza eta aurpegiaren gorritasuna.

Orain arte onddo honen pozoitze-mekanismoa ezezaguna izan da, baina badirudi mekanismo hori rabdomielosian oinarritzen dela. Toxina honek muskulu-zuntz eskeletikoen mintz-plasmatikoari eragiten dio. Prozesu honetan, muskulu eskeletikoko zelulen mioglobina askatzen da eta ondorioz gernuan agertzen da. Hori horrela, min muskularra edo gernuaren beltzutze bezalako sintomak sorrarazten ditu.[5]

Ipar Amerikan orain arte, ez dira eman pozoidura kasurik. Alabaina, Ipar Ameriketako Tricholoma equestre-ak  morfologikoki berdinak diruditen arren, ez dira espezie bera.

Erreferentziak: aldatu

  1. Heilmann-Clausen, J.; Christensen, M.; Frøslev, T.G.; Kjøller, R.. (2017-06-30). «Taxonomy of Tricholoma in northern Europe based on ITS sequence data and morphological characters» Persoonia - Molecular Phylogeny and Evolution of Fungi 38 (1): 38–57.  doi:10.3767/003158517x693174. ISSN 0031-5850. (Noiz kontsultatua: 2019-01-23).
  2. (Gaztelaniaz) Llamas Frade, Terrón Alfonso, Basilio, Arsenio. (2005). Guía de Campo de los Hongos de la Península Ibérica.. Celarayn, 35 or. ISBN 848971603-X..
  3. (Gaztelaniaz) Moreno, Manjón, Gabriel, José Luis. (2010). Guía de hongos de la península ibérica. OMEGA, 1185 or. ISBN 978-84-282-1349-3..
  4. Jean-Louis, Lamaison. (2005). The great encyclopedia of mushrooms. (English ed. argitaraldia) Könemann ISBN 3833112395. PMC 76834295. (Noiz kontsultatua: 2019-01-23).
  5. Bedry, Regis; Baudrimon t, Isabelle; Deffieux, Gerard; Creppy, Edmond E.; Pomies, Jean P.; Ragnaud, Jean M.; Dupon, Michel; Neau, Didier et al.. (2001-09-13). «Wild-Mushroom Intoxication as a Cause of Rhabdomyolysis» New England Journal of Medicine 345 (11): 798–802.  doi:10.1056/NEJMoa010581. ISSN 0028-4793. PMID 11556299. (Noiz kontsultatua: 2019-01-23).

Kanpo estekak aldatu