Belle Gunness
Belle Gunness, jaiotzez Brynhild Paulsdatter Størseth, (Selbu, Sør-Trøndelag, Norvegia, 1859ko azaroaren 11 – La Porte, Indiana, Ameriketako Estatu Batuak, 1908ko apirilaren 28a) norvegiar-estatubatuar serieko hiltzailea izan zen.
Belle Gunness | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Brynhild Paulsdatter Størseth |
Jaiotza | Innbygda (en) , 1859ko azaroaren 11 |
Herrialdea | Norvegia Ameriketako Estatu Batuak |
Heriotza | La Porte, ezezaguna (165 urte) |
Hobiratze lekua | Pine Lake Cemetery (en) |
Jarduerak | |
Jarduerak | kriminala, nekazaria, gizahiltzailea eta serieko hiltzailea |
Lantokia(k) | Indiana eta Chicago |
Bizitza
aldatuPaul eta Berit Størsethen alaba, 1859ko azaroaren 11an jaio zen Selbun (Norvegia)[1]. Zortzi anai-arrebetatik gazteena zen[2]. Jaiotzez Brynhild Paulsdatter Størseth izena jarri zioten[3].
14 urte zituela, lanean hasi zen inguruko landetxeetan, New Yorkerako bidaiarako dirua aurrezteko[2]. 1881ean Ameriketako Estatu Batuetara joan zen bizitzera[1]. Iristean, Belle izena hartu zuen eta Chicagora joan zen, lehenago mugitu zen ahizparekin berriro elkartzeko. Han etxeko langile gisa lan egin zuen, gero lan bat lortu zuen harategian[2].
1884an, Mads Ditlev Anton Sørensenekin ezkondu zen. Gozoki denda bat izan zuten, gero erre egin zena. Haien etxea ere erre egin zen, eta bi kasuek aseguru-ordainketak eman zizkieten[4].
Haien etxean, bi haur hil ziren, ustez pozoitzearen ondorioz. Heriotza bakoitzaren ondoren, Belle eta Madsek aseguru-txeke bat jaso zuten. Auzokoek haurrei buruz esamesak egiten zituzten, Belle ez baitzen inoiz haurdun egon[2].
Mads Sørensenek bi bizi-aseguru erosi zituen. 1900eko uztailaren 30ean biak jardun ziren aldi berean, bata egun horretan iraungiko baitzen eta bestea indarrean sartuko baitzen. Egun hartan, Sørensen hil zen garuneko hemorragiak jota. Belle diru guztia bildu zuen, guztira 5.000 dolar lortuz[4], Indianako La Portera joan zen bizitzera eta txerri-haztegi bat erosi zuen[2].
1902ko apirilaren 1ean, Peter Gunnessekin ezkondu zen. Hurrengo astean, Peter etxetik kanpo zegoela, bere alaba arrazoi ezezagunengatik hil zen[2]. Peter zortzi hilabete geroago hil zen burezurreko trauma baten ondorioz[4]. Bellek 3.000 dolar aseguru jaso zuen senarraren heriotzagatik[4].
1905ean, Belle Gunness harremanerako iragarkiak jartzen hasi zen Chicagoko egunkarietan. Iragarkietako bati Henry Gurholt wisconsindarrak erantzun zion. La Portera joan ondoren, Gurholtek familiari idatzi zion, osasuntsu zegoela eta etxea gustatzen zitzaiola esanez. Horren ondoren haren berri izan ez zutenean, Gunnessekin harremanetan jarri ziren. Gurholt zaldi merkatariekin Chicagora joan zela esan zien[2].
John Moe minnesotarrak Gunnessen iragarkiari erantzun zion 1906an. Hainbat hilabetez batek besteari idatzi ondoren, Moe La Portera joan zen. Gunnessen etxean noizbehinka lan egiten zuen zurginak ikusi zuen Moeren gorpua etxean gerau zela, beste dozena bat baino gehiagorekin batera[2].
Bere jarduera kriminalak 1908ko apirilean agertu ziren, La Porteko landetxea erre zenean. Hondakinetan, agintariek bururik gabeko emakume heldu baten eta hiru haurren gorpuak aurkitu zituzten[5]. Ikerketa gehiagorekin, gutxienez 11 pertsona gehiagoren aztarna partzialak aurkitu zituzten landetxean[1]. Aztarna gehienak ezin izan ziren identifikatu[6].
Belle Gunness hil zela adierazi zuten, nahiz eta autopsia egin zuen medikuak esan zuen bururik gabeko gorpua Gunness baino bost hazbete baxuagoa eta berrogeita hamar bat kilo arinagoa zela. Buruari gertatutakoari dagokionez, ez zuten azalpenik eman[2]. 2008an, ADN probak egin zizkioten bururik gabeko gorpuari, baina dagoeneko ezinezkoa zen ezer behar bezala frogatzea[7].
Erreferentziak
aldatu- ↑ a b c (Ingelesez) «A nightmare at Murder Farm: The story of one of America's most prolific serial killers» Strange Remains 2014-05-18 (Noiz kontsultatua: 2023-09-05).
- ↑ a b c d e f g h i (Ingelesez) Beauman, Francesca. (2020). Matrimony, Inc. From Personal Ads to Swiping Right, A Story of America Looking for Love. Pegasus Books, 159-169 or. ISBN 9781643135793. (Noiz kontsultatua: 2023-09-05).
- ↑ (Ingelesez) Doyle, Michael. (2018). Hancock On Hancock. BearManor Media (Noiz kontsultatua: 2023-09-05).
- ↑ a b c d (Ingelesez) Getlen, Larry. «How a farm girl became the ‘butcher’ of lonely men» New York Post 2018-05-05 (Noiz kontsultatua: 2023-09-05).
- ↑ (Ingelesez) Casale, Steven. «The Story of Belle Gunness, One of America's Most Prolific Serial Killers» Cosmopolitan 2017-03-02 (Noiz kontsultatua: 2023-09-05).
- ↑ (Ingelesez) Reilly, Lucas. «Corpses in the Pig Pen: The Tale of Indiana's Most Notorious Serial Killer» Mental Floss 2018-11-26 (Noiz kontsultatua: 2023-09-05).
- ↑ (Ingelesez) Mitchell, Dawn. «Female Indiana serial killer, the 'comely' Belle Gunness, loved her suitors to death» Indy Star 2017-11-10 (Noiz kontsultatua: 2023-09-05).