Basileako Ituna (1795eko uztailaren 22)
Basileako Ituna Frantziako Lehen Errepublika eta Espainiako Karlos IV.a Borboikoa artean sinatu zen 1795ko uztailaren 22an. Ituna Basilean, Suitzan, sinatu zen. Itun horrekin 1793an hasitako Konbentzioaren Gerrari amaiera eman zitzaion. Gerra hori porrot handia izan zen espainiarrentzat: Hego Euskal Herriko lurralde handiak eta Kataluniako iparraldea Frantziako Armadaren menpe bukatu baitziren. Itun hau aurretik, Basilean bertan ere, Frantzia eta Prusia artean beste nazioarteko Basileako Ituna sinatu zen, 1795ko apirilaren 5ean, alegia.
Basileako Ituna | |
---|---|
Mota | tratatu |
Data | 1795eko uztailaren 22a |
Sinatzailea | |
Historia
aldatuKonbentzioaren Gerra porrot handia izan zen Espainiako monarkiarentzat. Frantziak espainiarrek hasieran uste ez zuten indar handiago erakutsi zuen eta Penintsulako lurrak hasi zen okupatzen. Gerraren hasieran Espainiako armadak garaipen batzuk lortu bazituen ere, 1794ko udan armada frantsesak Katalunia eta Euskal Herriko eskualde zabalak konkistatu zituen. Manuel Godoyk, Karlos IV.a Espainiakoaren lehen ministroak, era honetan azaldu zuen Gipuzkoako okupazioa:
« | Donostiako okupazioa ez zen armen bidezko ekintza izan. Hainbat gipuzkoar sasipolitikari Adrien de Moncey jeneralaren lilurak jota erori ziren, hitz eman baitzien herrialdea errepublika independente bilakatuko zuela. Gizon sinesberak haiek... hiria frantsesen esku utzi zuten. | » |
Militarki garaituta, Espainiako Ogasunerako ere gerra desastre hutsa izan zen. Hori guztia gutxi balitz, Katalunian zein Hego Euskal Herrian Espainiatik aldentzeko sentimenduak azaleratu ziren.
Horrek guztiak Godoyri eraman zion denbora irabazteko plan bat asmatzera. Manuel Godoyk, Karlos IV.a Espainiakoaren begikoa, 1792 eta 1797 artean eta, berriro, 1801 eta 1808 artean, Bulego Unibertsalaren Idazkaria, Simon Aragorriri frantsesekin bakearen negoziazioa egiteko eskatu zion. Negoziazio hori Servan jeneral frantsesarekin egin behar zuen. Itxuraz helburua bakea lehenbailehen lortzea zen baina Godoyk benetan bilatzen zuena luzatzeko maniobra bat egitea zen, frantsesek bitartean Deba ibaia ez igarotzeko. Aragorrik Madrili negoziatzeko botere gehiago eskatu zionean ez zuen erantzunik jaso.
Frantziaren ikuspuntutik ere gerra zama handia bihurtu zen. 1794ko uztailean Robespierre erori zen eta errepublikano moderatuek boterea eskuratu zuten, Direktorio garaia irekiz. Beraz, bakearen beharra ikusten zuten baita ere.
1794 amaieran bilera ez-ofizial batzuk izan ondoren, 1795eko maiatzean hasi ziren bake elkarrizketak, Jean-François de Bourgoing frantziar enbaxadorearen eta José Ocariz espainiar diplomazialariaren artean. Bi gobernuen hasierako jarrerak oso urrun zeuden. Konkistatutako lurralde batzuk (Gipuzkoa, Cerdanya, Arango harana) atxikitzeaz gainera, Frantziak Louisiana eta Hispaniolaren ekialdea bereganatu nahi zituen, eta kalte-ordaina eskatzen zuen 1793 amaieran, Toulongo portuan, espainiarrek eta britainiarrek suntsitu zituzten itsasontziengatik. Egoera ahulean izan arren, Espainiaren eskakizunak ere ez ziren txikiak: Frantziak konkistatutako lurralde guztiak berreskuratzea eta gerra aurrerako mugetara itzultzea; eragin handiagoa izatea Parma eta Napolin; Frantzian katolizismoa berrezartzea; eta preso zeuden Luis XVI.aren seme-alabak askatzea.[1]
Laster gelditu ziren ez aurrera ez atzera Bourgoing eta Ocarizen arteko elkarrizketak, eta beste negoziatzaile batzuk izendatu behar izan zituzten. Espainiako Koroak Domingo Iriarte aukeratu zuen, eta Frantziako Errepublikak François de Barthélemy. Ezagun zaharrak ziren bi diplomazialariak, eta horrek erraztu zituen negoziazioak. Uztailean izandako bi gertaerek bultzatu zituzten bi herrialdeak akordioa lehen baino lehen lortzera: Konbentzioaren armadak Gasteiz eta Bilbo hartu zituen, eta Vendéeko matxinada erregezalea biziberritu zen. Bestalde, Luis XVII.a askatzearen arazoa desagertu zen, umea espetxean hil baitzen ekainaren 8an.[1]
Benetako negoziazioak Basilean ireki ziren. Han François Barthélemy bizi zen, Frantziako Errepublikaren ordezkaria Suitzan. Hara bertaratu zen Domingo Iriarte, Varsovian enbaxadorea zen Karlos IV.a Espainiakoaren ordezkaria. Iriartek Barthélemy ondo ezagutzen zuen zeren eta biak Parisen 1791an elkartu baitziren.
Bi estatuek, Frantziak eta Espainiak, bakea 1795ko uztailaren 22an sinatu zuten.
Ondorioak
aldatuEspainiak galtzaile atera zen. Uztailaren 22an sinatu zuten behin betiko ituna, atarikoa eta 17 artikulu zituena. Katalunian eta Euskal Herrian konkistatutako eskualdeak itzultzearen truke, Espainiak Hispaniolan zituen lurraldeak eman zizkion Frantziari.[2] Frantziarrek Hispaniolaren mendebaldeko zatia edo Haiti kontrolpean zuten 1697an Ryswickeko ituna sinatu zutenetik. Gerrako presoak askatzea eta konfiskatutako ondasunak itzultzea hitzartu zen, eta Frantziak ontzat hartu zuen Italia Espainiaren eragin esparruan egotea. Luis XVII.a zendurik, ezkutuko artikulu batean Frantziak onartu zuen haren arreba Maria Teresa askatzea; isileko beste artikulu batean, baimena eman zitzaion Frantziari urtean 50 zaldi garaño, 150 behor, 1.000 ardi eta 100 ahari Espainiatik ateratzeko, bosturteko baten epean.[1]
Bakea sinatu ondoren, Moncey jenerala beldur zen gipuzkoar agintariek Manuel Godoyren errepresaliak pairatuko zituztela. Monceyk egindako eskariari jarraiki, gipuzkoarren segurtasunaren bermea galdatu zion François de Barthélemyk Espainiako ministro ahalguztidunari. Honek hitzeman zion ez zituela euskal herritarrak zigortuko gerran egindakoagatik. Espainiako Koroak, ordea, ez zuen hitza bete, Gipuzkoako Errepublika sortu zuten agintariak epaitu eta zigortu baitzituen, batzuk erbestera, beste batzuk bizi arteko kargugabetzera, eta militarrak enplegua galtzera; Jose Javier Urbiztondo iheslariari heriotza zigorra eman zioten.[3][4]
Espainiar ordezkaria Domingo Iriarte izan bazen ere, Karlos IV.a erregeak Bakearen printze izendatu zuen Godoy ituna negoziatzeagatik. Iriarte Espainiako enbaxadore Parisen izendatu zuen, baina kargua hartu baino lehen hil zen, azaroaren 22an.[1]
Erreferentziak
aldatu- ↑ a b c d Giménez López, Enrique. La Paz de Basilea. artehistoria.com (Noiz kontsultatua: 2018-12-18).
- ↑ https://web.archive.org/web/20190513105401/https://www.artehistoria.com/es/contexto/la-paz-de-basilea
- ↑ Paz de Basilea. Auñamendi Entziklopedia (on line), 2018, aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2018-12-19).
- ↑ Konbentzioa Donostian. gipuzkoamuseobirtuala.net (Noiz kontsultatua: 2018-11-13).
Ikus, gainera
aldatuKanpo loturak
aldatu- (Frantsesez):Le Parisien.
- (Gaztelaniaz):Bideoa Youtuben.
- (Gaztelaniaz):Espainiak eta Frantziak sinatu zuten dokumentua.