Barneko salatzaile

Barneko salatzailea» orritik birbideratua)

Barneko salatzailea (ingelesez: whistleblower, hitzez hitz “txistua jotzen duena”) [1] pertsona bat da, zeinak salatzen baitu beste pertsona edo erakunde bat, publikoa nahiz pribatua, jarduera legez kanpokoa edo etikarik gabea daramatelako —delitu, arrisku edo iruzur izan daitekeena—, erabat ezkutuan. Barneko salatzaileak barne kanalak edo kanpokoak erabil ditzake okerrak argitara ateratzeko. Barneko kanalak jeneralean izaten dira salatzailearen inguruko nagusiak. Kanpoko kanalak, berriz, izan daitezke hedabideak, legearen betearazleak edo gobernua.

Zenbait herrialdetan salatari edo txibato hitza erabiltzen da pertsona horiek izendatzeko, ohiko samarra eguneroko elkarrizketetan, baina konnotazio negatiboak dituena. Baina whistleblower hitzak ingelesez ez du konnotazio txar hori.

Ez da harritzekoa barneko salatzaileek errepresaliak jasotzea salatu dituzten pertsona edo erakundeen partetik. Hori dela-eta zenbait herrialdetan badaude legeak barneko salatzaileak babesteko. Zenbait taldek, gainera, babesa eskaintzen diete halakoei, baina babes hori mugatua izaten da. Izan ere, sarri gobernuek beraiek egiten baitute barneko salatzaileen kontra, hedabide eta auzitegiekin elkarlanean, haiei akusazio kriminalak leporatuta, lana kenduta eta bestelako presioak eginda.

Hitzaren jatorria aldatu

Whistleblower hitzaren jatorria Britainia Handian dago, non poliziek txistua (whistle) jotzen zuten (blow) konturatzen zirenean delitu bat egiten ari zela. Txistua jotzeak balio zuen inguruko jendea eta poliziak erne jartzeko.

Hala ere, 1970eko hamarraldi hasieran Ralph Nader aktibista estatubatuarrak eman zion hitzari gaur duen esanahia, baina zentzu positiboarekin, hitz hori bereizteko salatari edo txibato hitz gutxiesgarrietatik.

Barneko salatzaile ezagunak aldatu

  • Ralph Nader, 1965ean txosten bat argitaratu zuen, Unsafe at Any Speed / Arriskutsua edozein lastertasunetan, bertan salatuz garai hartako auto-industriaren segurtasun-estandar eskasak. [2]
  • Daniel Ellsberg, 1971n kaleratu zituen “Pentagonoko paperak”, non agerian jarri zituen AEBetako gobernuaren gezurrak Vietnamgo gerran. [3] Espioitza eta konspirazioa leporatu zioten. Watergate eskandaluaren garaian kargugabetu zuten. 2017an Steven Spielberg zine-zuzendariak The Post filma egin zuen gertakari hartan oinarri hartuta.
  • Mark Felt, “Eztarri urratua” bezala ezaguna, 1972an Carl Bernstein eta Bob Woodward kazetarien ezkutuko informatzailea izan zen, Watergate eskandaluaren zabaltzaileak. 1976an Alan J. Pakula film zuzendariak All the President’s Men filma egin zuen Watergate eskandaluan oinarrituta, Robert Redford eta Dustin Hoffman aktoreekin.
  • Jeffrey Wigand, argitara atera zituen tabako enpresen jarduera kriminalak. Haren bizitzan oinarritu zen The Insider filma.
  • Mordechai Vanunu, Israelgo teknikari nuklear ohia, zeinak 1986an jakitera eman zuen The Sunday Times egunkarian Israelek programa nuklearra zuela indarrean.
  • Erin Brockovich, 1995 inguruan ingurumen-aktibista horrek bistaratu zuen kromo hexabalentearen arriskua, garai hartako industrian oso erabilia. Haren kasuan oinarritu zen izen bereko film ospetsua, Julia Roberts protagonista zuela.
  • Hervé Falciani, sistema-ingeniari italiar-frantses honek informazioa zabaldu zuen HSBC banku suitzarreko 130.000 iruzurgile fiskalen gainean.
  • Chelsea Manning (lehenago Bradley Manning), soldadu estatubatuarra, zeinak 2010ean filtratu zizkion Wikileaks atariari AEBetako armadaren dokumentu mordoa, tartean 250.000 kable diplomatiko eta Collateral Murder izeneko bideoa, non ikusten baitzen zelan helikoptero estatubatuar batek hiltzen zuen zibil talde bat Iraken, tartean Reuters agentziako bi kazetari.
  • Ainhoa Alberdi, 2010ean abokatu arabarrak estortsioagatik salatu zituen Alfredo de Miguel eta Aitor Telleria, garai hartan EAJko kargu politikoak Arabako Foru Aldundian. Salaketaren ondorioz De Miguel auzia zabaldu zen, ustelkeriagatik Euskal Herrian inoiz irekitako sumariorik handiena, 26 inputaturekin. [4]
  • Edward Snowden, AEBetako kontsultore teknologikoa eta CIAko eta NSAko enplegatu ohia, zeinak 2013an filtratu zituen goi sekretuko dokumentuak NSAren zenbait programaren gainean, PRISM zaintza masiboko programa barne. [5] 2016an Oliver Stonek Snowden filma zuzendu zuen, haren kasuan oinarrituta.
  • Christopher Wylie, 2018ko martxoan ikerketa-zuzendari kanadar honek dokumentuak eman zizkion The Guardian egunkariari, non azaltzen ziren Cambridge Analytica enpresaren lan ezkutuak, eta zelan lortu zituen AEBetako 50 milioi lagunen datu pribatuak Facebook plataformatik, Donald Trump presidentegaiaren kanpaina indartzeko. [6]

Erreferentziak aldatu

  1. Company, Houghton Mifflin Harcourt Publishing. «The American Heritage Dictionary entry: whistleblower» www.ahdictionary.com (Noiz kontsultatua: 2018-03-24).
  2. (Ingelesez) Jensen, Christopher. (2015-11-26). «50 Years Ago, ‘Unsafe at Any Speed’ Shook the Auto World» The New York Times ISSN 0362-4331. (Noiz kontsultatua: 2018-03-24).
  3. (Ingelesez) Chokshi, Niraj. (2017-12-20). «Behind the Race to Publish the Top-Secret Pentagon Papers» The New York Times ISSN 0362-4331. (Noiz kontsultatua: 2018-03-24).
  4. Berria.eus. «Epaileak 26 lagun inputatu ditu 'De Miguel auzian'» Berria (Noiz kontsultatua: 2018-03-24).
  5. (Ingelesez) Bowcott, Owen. (2014-12-08). «Mass surveillance exposed by Snowden ‘not justified by fight against terrorism’» the Guardian (Noiz kontsultatua: 2018-03-24).
  6. (Ingelesez) Summers, Hannah; Slawson, Nicola. (2018-03-24). «Investigators complete seven-hour Cambridge Analytica HQ search» the Guardian (Noiz kontsultatua: 2018-03-24).

Bibliografia aldatu

  • Nader, Ralph (1991) Unsafe at Any Speed. Knightsbridge Pub Co Mass. ISBN 9781561290505.
  • Ellsberg, Daniel (2003) Secrets: A Memoir of Vietnam and the Pentagon Papers. Penguin Group. ISBN 978-0142003428.
  • Bernstein, Carl & Woodward, Bob (1974) All the President's Men. New York: Simon and Schuster. ISBN 978-1476770512.
  • Greenwald, Glenn (2014) No Place to Hide. Edward Snowden, the NSA, and the U.S. Surveillance State. Signal. ISBN 978-0771036781.

Kanpo estekak aldatu