Ireki menu nagusia

Atseginen baratzea[1] Jeronimo Bosch margolariak eginiko triptikoa da, gaur egun Madrilgo Pradoko museoan dagoena. Margolariaren lanik ezagunena eta asmo handikoena da.

Atseginen baratzea
Jheronimus Bosch 023.jpg
Jatorria
Sortzailea Jeronimo Bosch
Sorrera-urtea 1490 (egutegi gregorianoa)
Jatorrizko izenburua The Garden of Earthy Delights
Mugimendua Primitibo flandestarra
Ezaugarriak
Materiala(k) olio-pintura eta mihisea
Zabalera 389 zentimetro
Altuera 220 zentimetro
Genero artistikoa arte sakroa
Deskribapena
Oinarritua Hasiera
Iconclass 71A352, 11T1 eta 11N361
Kokapena
Lekua Pradoko Museoa
Bilduma Pradoko Museoa
Inbentarioa P002823

Erdiko panela karratua da (220 × 195 cm) eta alboetako panelak angeluzuzenak (220 × 97.5 cm). Alboetako panelak erdikoaren gainean toles daitezke, lana erabat itxiz. Ezkerreko panelean Jainkoa Adam eta Evarekin batera agertzen da, erdikoan gizaki biluzi andana sexua egiten, eta eskuinekoan infernuratutakoen tormentuak.

Gehienetan, bizitzaren tentazioen arriskuez ohartarazten duen margolan didaktikoa dela irizten diote arte historialariek eta adituek. Hala ere, sinbolismoen ugaritasunak, batez ere erdiko panelekoak, bidea utzi du interpretazio gehiago egiteko mendeetan zehar, paradisu galduaren panorama izan zitekeelakoan.

HistoriaAldatu

Bosch margolariaren obra gehienetan bezala, lan honen sorkuntza garaia eztabaidatua da. Batzuek lan goiztiartzat daukate eta 1480ko hamarkadan kokatzen dute. Beste batzuek lan berantiatzat dute, eta 1500-1510 urteen artean kokatzen dute.

Norentzat pintatua izan zen ere ez da argi, nahiz eta Nassauko Enrike III.ak aginduta egin zela den usterik zabalduena. Edonola ere, lanaren lehen jabea Nassauko etxea izan zen, eta lan horri buruzko lehen erreferentziak familia horrek Bruselan zuen jauregian kokatzen du artelana, 1517an.

Gilen I.a Orange-Nassaukoa zen artelanaren jabe 1568an. Urte hartan Albako dukeak artelana konfiskatu zuen, Gilen I.a Herbeheretako matxinadako buruetako bat zela eta. Dukea hiltzean, haren semeak eskuratu zuen, eta gerora Felipe II.aren eskutik El Escorial monastegian ezarri zen.

1939an, artelanaren egoera kaxkarra zela medio, Pradoko museora eraman zuten berritzeko, eta geroztik bertan dago ikusgai.

DeskribapenaAldatu

 
Margolana itxita

Margolana itxitaAldatu

Bi alboetako panelak erdikoaren gainean itxita daudenean kanpoaldeko margolana ikus daiteke (220 x 195 cm). Irudi honek Lurraren sorrerari egiten dio erreferentzia, ziurrenik sorreraren hirugarren egunari.

Kanpoaldeko margolan honetan ez da oraindik gizaki edo animaliarik agertzen, landare eta mineralak ikus daitezke soilik, eta dena inguratzen duen itsasoa ere bai.

Barruko hiru paneletan ikus daitezkeen margoekin alderatuta, kanpokoak askoz ere kolore gutxiago du, gris tonoetan egina dago batez ere, Eguzki eta Ilargirik gabeko mundu bati dagokion moduan. Koloreen erabilera ezberdin honen bidez barrukoak eta kanpokoak irudikatzen duenaren arteko kontrastea nabarmenagoa da.

Goiko aldean, ezkerretara, Jainkoaren irudi txiki bat ere agertzen da.

Margolana irekitaAldatu

Margolana irekita dagoenean hiru atal bereiz ditzakegu: Paradisua, Infernua eta Delizien lorategia.

 
Atseginen baratzea. Margolana irekita.

Ezker panela: ParadisuaAldatu

Ezkerreko panelean Paradisuaren irudikatzea ikus dezakegu, zehazki Adam eta Evak Jainkoaren bidez (Jesusen bidez irudikatua kasu honetan) elkar ezagutzen duten momentua. Eskuinean ikusten den palmondoak ongiaren eta gaitzaren zuhaitza irudikatzen du, tentazioaren sugea kiribilduta agertzen da bertan. Lehen begiradan bake eta lasaitasunez beteriko Paradisu perfektua ikusten ari garela dirudien arren, hobeto begiratuz gero, perfekzio hori apurtzen duten hainbat seinale ikusiko ditugu: animalien arteko borrokak, adibidez. Deabrua bera ezkutuan agertzen da panel honetan, urmaelean edo arroketako formetan antzeman daiteke.

Eskuin panela: InfernuaAldatu

Eskuineko panelak infernua irudikatzen du. Goiko aldean infernua modu klasikoan irudikatzen da: kea, sua, tortura... Erdiko aldean Erdi Aroko torturetan ohikoa zen praktika ikusten dugu, hau da, hotza eta beroaren nahasketa. Beheko zatian musika instrumentu ugari agertzen dira, horregatik Infernu musikala bezala ezagutzen da zati hau; instrumentuak sarritan sexuarekin lotutako elementu bezala erabiltzen dira. Sinbolismoz beteriko hainbat figura agertzen dira.

Erdiko panela: Delizien lorategiaAldatu

Erdiko panelean Paradisu faltsua agertzen zaigu, humanitateak bekatuan aurrean amore eman eta galbiderantz doanekoa. Gorputz biluzi ugari agertzen dira eta mota guztietako sexu harremanak ikus ditzakegu, baita animalia eta landareen artekoak ere.

Beheko zatian fruitu handiak jaten dituzten talde edo bikoteak ikus ditzakegu; fruituek sexuari eta lizunkeriari egiten diete erreferentzia. Hemen pertsonak giltzapetzen dituzten egitura bitxiak ere ikus ditzakegu; bekatuan eta lizunkerian betirako harrapatuta geratu direla ikusarazi nahi digu honek. Lakuak ere ez dira garbiak, bekatu guztiak bertatik sortzen baitira. Lakuaren inguruan persona biluzi asko animalien gainean agertzen dira lizunkeria irudikatuz.

Deigarria da zenbait animalia eta landareren tamaina, batzuetan gizakiak baino handiagoak baitira. Alderantzizko munduaren ideiaren erakusgarri da hau. Honekin batera, beste ezaugarri nabarmen bat da ez direla gizon eta emakumeak elkarren artean ondo bereizten, baliteke modu honetan egileak esan nahi izatea humanitate osoa zegoela bekatuan.

ErreferentziakAldatu