Armada liberala (Lehen Karlistaldia)

Armada liberala Lehen Karlistaldian liberalismo eta Elisabet II.a Espainiakoaren eskubideen alde borrokatu zuen armada izan zen.

"Albúm de las Tropas Carlistas del Norte". Madril. 1840ko hamarkada.

Infanteria aldatu

 
"Albúm de las Tropas Carlistas del Norte". Madril. 1840ko hamarkada.
 
Txapelgorriak Miranda Ebron.

Armada liberala Fernando VII.ak zeukan berbera izaten jarraitu zuen, Zumalakarregi eta haren antzera agintetik kendutako ofizial gutxi batzuk kenduta, errege hori hil aurretik kide absolutistak kanporatu egin baitzituzten. Horrekin batera, erbestean zeuden zenbait militar ere, Espoz Mina nafarra adibidez, armadan sartu ziren, Maria Kristina erreginordeari altxamendu karlistari aurre egiten laguntzeko.

Elisabet II.ak tronurako zuen eskubidea defendatzen ibilitako soldaduen kopurua kalkulatzea ez da erraza, gerrak iraun zuen bitartean armadara joateko hainbat deialdi egin zituztelako, baina 300.000 gizon inguru mobilizatu omen zituzten denera. Noski, den denak ez ziren aldi berean gobernu liberalaren esanetara egon.

Iparraldeko armadak, euskal lurraldeetan borrokatu zenak alegia, 18.000 soldadu besterik ez zituen gerra hasi zenean eta 1835ean, aldiz, 120.000tik gora. Bitartean kopuru horrek gorabehera handiak izan zituen, gobernuen kudeaketa txarraren ondorioz, gehienbat. Nolanahi ere, gehiengo kopuru hori lortu zenetik aurrera Don Karlosen jarraitzaileak menderatzeko ahaleginetan ibilitakoen kopurua ez zen inoiz 70.000tik jaitsi.

Armada hark gehienak aurka zituen herri batean borrokatu behar izateaz gain, kudeaketa politiko ezin txarragoaren ondorioz, horniduren eskasia eta ordain murritzak jasan zituen gerra osoan zehar. Fernández de Córdova gerrako ministroak honela azaldu zuen egoera 1835eko azaroan:

« Hobe da soldadu gutxiago eta diru gehiago edukitzea, soldaduen kopurua handitu eta haiei ordaintzeko esku dirurik edo laguntzeko bitartekorik ez edukitzea edo egiteko hain luze, zail eta garestiak bezain ezinbestekoak diren gotorlekuak ez edukitzea baino, gotorleku horiek gabe 300.000 gizonek ezingo lukete eta denok hainbeste nahi dugun bakerik lortu. »


Bestalde, armada liberalean ibilitako Milizia Nazionaleko boluntarioak, txapelgorriak alegia, eta nazioartetik iritsitako laguntza ere gogoan izan behar ditugu. Azken horien artean Britainiar Legio Laguntzailea, Frantziako Atzerritar Legioa eta Antaseko baroiak gidatutako portugaldar gudarostea zeuden.

Zalditeria aldatu

 
"Albúm de las Tropas Carlistas del Norte". Madril. 1840ko hamarkada.

Gerraren hasieratik bertatik, gobernuak garrantzi handia eman zion zalditeria handitzeari. Honela osatuta zegoen zalditeria: lerroko bost errejimentu zeuden, zortzi arin eta Madrilen zegoen eskuadroi solte bat, gehi Erreginaren Guardiako lau erregimentuak. 1835ean onartutako errege dekretu batez geroztik, errejimentu bakoitzak 800 soldadu eta 700 zaldi inguru izango zituen.

1836ko urrian, Madrilgo, Mantxako eta Cuencako zaldi erabilgarri guztiak konfiskatzeko agindu zen, bai zalditeria liberalean erabiltzeko, bai karlisten eskuetan erortzea galarazteko.

1837ko abenduan, zalditeriak 10.600 gizon eta 9.000 zaldi inguru zituen. Agintari liberalek zaldiak konfiskatzen jarraitu zuten 1838ko urrian eta hurrengo urteko urtarrilean, eta beste 4.000 zaldi inguru gehiago lortu zituzten horrela.

Gerra honetako gorputz militar garrantzitsuena ez zen zalditeria izan, gerraren kokaleku nagusiak aurrera egitea oztopatzen ziolako. Halere, zalditeriaren ekintza nagusietako batzuk aipatuko ditugu hemen. Nafarroan izan zen eraginkorren gorputz militar hori.

Erregearen Guardia zalditeria karlistarekin Vianan borrokatu zen lehenbiziko aldiz, 1834ko uztailean, eta haien mende gelditu ziren Zumalakarregik berak gidatutako erasoaldi baten ondoren. 200dik gora zaldun galduta, Logroñon babestu behar izan zuten.

Mendigorriko gudua izan zen gerrako borrokaldirik handiena erabilitako tropa kopuruagatik, eta zalditeria liberalaren nagusitasunari esker haiek irabazi zuten gudua.

Azkenik, espedizio karlistek -Gómezena 1836an eta Errege espedizioa hurrengo urtean- penintsulan izandako porrotak ere zalditeria liberalak karlistenaren aurrean zuen nagusitasunari zor izan zitzaizkion, hein batean.

Artilleria aldatu

 
"Albúm de las Tropas Carlistas del Norte". Madril. 1840ko hamarkada.

Artilleria izan zen gerra honetan eboluziorik handiena izan zuen arma. Gerra hastean ez zegoen mendiko artilleriarik Espainian, baina handik hamar hilabetera armada liberalak 16 pieza zeharo osatuak zituen. Zortziko kanoiak eta zazpiko obusak ziren pieza haiek, suntsitzeko indar handirik gabekoak guztiak ere.

Euskal frontea hornitzeko, arma lantegi bat eratu zen Burgosen, eta Gasteizen, Logroñon, Bilbon eta Donostian lantegi haren atal txikiagoak jarri zituzten.

Artilleriako gorputzean izandako aldaketa handienak 1838an gertatu ziren, Alaix jeneralaren agintaldian. Hamabiko obusen erabilera ezarri zen, Frantziako Atzerritar Legioak erabiltzen zituenak bezalakoak.

Gerra amaitzear zegoenean, armada liberalak pieza arin ugari, bizkar gaineko artilleriako 104 pieza eta herrestan eramateko 64 pieza zituen.

Pieza finko gehien gehienak liberalek zituzten, goarnizio militar nagusiak haien esku egon baitziren gerra osoan zehar.

Artilleria liberalaren nagusitasunak berebiziko garrantzia izan zuen Bilboko setioen porrotean eta gerraren garapen osoan ere, hiriaren babesleek setiatzaile karlistek beraiek baino artilleria hobea izan baitzuten beti.

Osaera aldatu

  • Lerroko infanteria-errejimentuak
  • Infanteria arina-errejimentuak
  • Probintzietako soldadutza infanteria-errejimentuak
  • Infanteriazko errege-guardia. Batailoi bina zituzten lau errejimentuak
  • Errege-guardiaren probintzietako granadari-errejimentua
  • Errege-guardiaren probintzietako ehiztari-errejimentua
  • Errege-guardiaren ingeniari-errejimentua
  • Errege-guardiaren zaldizko artilleria
  • Errege-guardiaren lerroko artilleria
  • Errege-guardiaren zaldizko granadari-errejimentua
  • Errege-guardiaren lantzari-errejimentua
  • Errege-guardiaren ehiztari-errejimentua
  • Errege-guardiaren korazari-errejimentua
  • Printzesaren husarrak
  • Lerroko zalditeria edo dragoiak
  • Zalditeria arina
  • Elisabet II.aren saihetsetik erasotzaileak
  • Zalditeriaren franko-nafar gorputza
  • Txapelgorriak
  • Burgosko boluntarioak. 1200 lagun.

Ikus, gainera aldatu

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu