Gómezen espedizioa, 1836an eta Lehen Gerra Karlistaren barnean, Miguel Gómez Damas jeneral karlistak zuzendutako kanpainia izan zen.

Bilakaera

aldatu
 
Miguel Gómez Damas

Lehenengo Karlistadaren borroka gune nagusiak Katalunia, Aragoi eta, batez ere, Euskal Herria ziren. Euskal lurraldeetan egon zen Don Karlos eta bere gortea, euskal herritarrak jasan zutelarik gerraren zama astunena. Karlistek, zama hau arintzearren, gerra penintsulan zehar zabaltzeko ahalegin desberdinak egin zituzten. Hauen artean luze eta garrantzitsuena Gomezen espedizioa izan zen.

Gomez 1836ko ekainaren 26an irten zen Amurriotik, 2.700 oinezko, 180 zaldun eta bi kanoiekin. Asmoa Asturias eta Galizia aldean gerra sustatzea zen, baina 6 hilabete beranduago espedizioa Euskal Herriratu zenean penintsula osoa korritua zuen, hasierako helburua bete gabe ordea. Oviedo, Santiago Compostelakoa, León, Palentzia, Albacete, Kordoba, Almadén, Cáceres eta Algeciras menperatu zituen, batzuetan borroka gogorren ostean, bestetan tirorik bota gabe.

Baina hiri guztietan, Gomezen soldaduak alde egin bezain laster, liberalak nagusitu ziren berriro, espedizioaren helburutzat zuten gerraren hedatzea lortu gabe.

Sei hilabete hauetan borroka ugari egin zuen Gomezek, atzetik zebilzkion liberalekin. Tello eta Lopez menperatu zituen Baranda eta Matillan, Alaix eta Esparterok erretiratzera behartu zuten Escaro eta Villarrobledon. Rodil eta Narváez jeneralak ere atzetik ibili zituen Gomezek. Zenbait momentutan 25.000 liberal mugi arazi zituen bere 6.000 soldaduen atzetik -bidean batu zitzaizkion karlistak kontuan hartuz, Cabrerarekin ere bildu baizen-, baina alperrik, ez baitzuten maiz iragarri zuten espedizioaren suntsiketa lortu.

Dena den, Stendhalek bere eleberri batean idatzi zuen lez, Gomezen espedizioak gauza bat utzi zuen agerian: Espainiarrak ez zirela ez karlista, ez liberal. Karlistak izan balira, ia penintsula osoa menperatu ostean gerra irabazia zutelako eta ez zen hori gertatu. Liberalak izan balira, ez zioten 3.000 karlistek osatutako talde bati honelako ibilbidea egiten utziko.

Gomezen porrotaren adierazgarri Euskal Herrira iritsitakoan karlistek egin zioten epaiketa. Agindutakoa ez betetzea leporatzen zioten, alegia, Asturias eta Galizian gerra hedatu beharrean penintsula osoa bere kabuz zeharkatzea, jasotako instrukzioei jaramonik egin gabe. Prozesua karlistada bukatu arte luzatu zenez, ez zuen zigorrik jaso.

Erreferentziak

aldatu

Kanpo estekak

aldatu