Aretxabaletako kuartela

Aretxabaletan kokaturiko guardia zibilaren kuartel ohia

Aretxabaletako kuartela Aretxabaletan (Gipuzkoa) dagoen eraikin bat da, 1936an altxatua guardia zibilaren egoitza izateko. 1989an utzi zuten kuartela guardia zibilek eta gaur egun herriko sortzaileentzako gune garrantzitsua bihurtu da[1].

Aretxabaletako kuartela
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa
UdalerriaAretxabaleta
Koordenatuak43°02′19″N 2°30′16″W / 43.0386068°N 2.5044657°W / 43.0386068; -2.5044657
Map
Historia eta erabilera
Irekiera1936ko urtarrilaren 10a
Arkitektura
EraikitzaileaAretxabaletako Udala

Historia aldatu

Sorrera aldatu

1934ko Iraultza deitu izan zen matxinadak Arrasate eta inguruetan ezinegon handia ekarri zien herriko dirudun eta lantegi jabeei eta hauek Aretxabaletan guardia zibilaren kuartel bat eraikitzeko eskaera egin zuten eta hamar guardia zibilentzako lanpostu finkoa ezartzea ere eskatu zen. Honela zioen eskaera gutunaren hasierak (euskaratuta):

≪ Herriko industrialariek, merkatariek eta gainerako jaun garrantzitsuek, berriki jazotako gertakari iraultzaileek jende zintzoa inolako babesik gabe utzi dutela ikusita, Udalarengana jo dute, guardia zibilen postu iraunkor bat ezartzeko eska dezan. ≫[2]

Udalak orduan 1776 m2-ko orubea 5.461,5 pezetatan erosi eta eraikina altxatu zuen. Aretxabaletako udalaren jabetzako eraikina izaten jarraitzen du. Eraikinaren aurrealdean Espainiako Errepublikaren armarria ezarri zen, oraindik ere bertan dirauena. Eraikina 1936ko urtarrilaren 10ean inauguratu zen[2]. Premiazkoa iritzi zioten eta azkar altxatu zen, ganorazko zimenturik ezarri gabe ordea.

Guardia zibilen aroa aldatu

Esan bezala hamar guardia zibil ezarri ziren bertan, Eskoriatzan zuten egoitza eskasagoa utziz. Hurrengo hamarkadetan haundituz joan zen kopurua eta inguruan etxe berriak eraiki zirenean familiadun guardia zibilak bertan hasi ziren bizitzen, kuartelean ezkongabeak bizi ziren bitartean[3].

Elkarbizitza ez zen bereziki gatazkatsua izan, Pilar egunean jai handia egiten zen kuartelaren inguruan esate baterako[3]. 1970. eta 1980. hamarkadetan euskal gatazka gogortu egin zen eta Aretxabaletan izandako gertakari aipagarriena 1986ko uztailaren 26an kuartelaren aurka egindako atentatua izan zen. Hiru lehergailu ezarri zituzten kuartelaren atzeko aldean eta hirugarrenak Terrorismoaren Aurkako Landa taldeko (GAR) bi guardia zibil hil zituen, Ignacio Mateu eta Adrián Gonzalez[4][5].

1989an guardia zibilek kuarteletik alde egitea erabaki zuten eta eraikina hutsik gelditu zen[3].

1990. hamarkada aldatu

 
Kuartelaren atzealdea. Burdinezko eskailera eta alde biak banatzen dituen horma ikusten dira.

Udalak izan zuen guardia zibilek kuartela utziko zutenaren berri eta herrian haurtzaindegia sortzeko zegoen eskaerari erantzunez kuartela husten zenean toki bat egokitu eta bertan ezartzeko konpromisoa hartu zuen Pausoka taldearekin. Ezustean ordea, kuartela hustu eta hurrengo asteburuan herriko hainbat gaztek eraikina okupatu eta Aretxabaletako Gaztetxea sortu zuten[3].

Negoziazioak abiatu ondoren, kuartelaren beheko solairua bitan banatu zuen udalak; alde batean Pausoka haurtzaindegia ezarri zen eta bestean gaztetxea. Atzeko patioa ere bitan banatu zen, alde bien artean horma bat eraikiz. Aurreneko urteetan ez zen arazorik egon elkarte bien artean. Udaletxeak hasiera hartan lokal biak atondu zituen eta ondoren elkarteek beren egokitzapenak egin zituzten esleitu zitzaizkien geletan[3].

1999. urtean talde berriak ezarri ziren kuartelean, Loramendi dantza taldea eta Leizarra musika eskola. Hauek lehenengo solairuan ezarri ziren, eta Pausokak ere lehen solairu hori konpartitzen zuen, azpiko zatia txiki gelditu baitzitzaion. Pausokak 2002an kuarteletik eraikin berri batera egin zuen alde, kuartel zaharrak ez baitzuen hautzaindegietarako "Gutxiengoen dekretuan" zehazten zena betetzen. Bestalde, 1995etik aurrera Gaztetxearen zuzendaritza aldatu egin zen eta zaratengatik istiluak izaten hasi ziren auzokoekin. Azkenik 2003an itxi egin zen gaztetxea[6]. Gainerako taldeek ere lokal berriak lortu ahala kuartela utzi egin zuten hark zituen baldintzak eskasak baitziren[3].

Azken aroa aldatu

Hurrengo urteetan herriko sortzaileak hasi ziren hutsik zeuden gelak erabiltzen, musika taldeak, eskultoreak, antzerki taldeak... Lokalak txukundu zituzten gelak insonorizatuz eta eskonbro piloa ateraz. Sortzaile guzti hauek 2019an "Kuartela Kultur Elkartea" osatu zuten eta inauguratzeko Kuartel zaharra sekula baino gazteago! jaialdia antolatu zuten[7]. Hilabete batzuk beranduago ordea COVID-19 pandemiaren harira kuartelaren itxiera etorri zen. Pandemia luzatzen ari zen, eta bestelako eraikinen jarduera berraktibatu zenean kuartelak itxita jarraitzen zuela salatzeko hainbat manifestazio antolatu ziren[8]. Dagoeneko martxan jarri da berriz[9].

Eraikina zaharra da ordea, egiturazko arazoak izateaz gain hezetasun, segurtasun eta abarren baldintza kaskarrak ditu. Hainbatek eraitsi eta berria egin nahi duten arren, kuartelaren erabiltzaileek mantentzearen aldekoa apustua egiten dute[10].

Eraikina aldatu

 
Kuartelaren aurrealdea, balkoitxoa eta Errepublika garaiko armarria.

Bi solairu dituen eraikin arrazionalista da kuartela, oinplano errektangularra duena.

Kuartelak aurrealdean bederatzi leiho ditu solairu bakoitzean. Sarrerako ate bikoitzaren gainean balkoitxo bat dago eta haren gainean II. Errepublika garaiko Espainiako armarria ikusten da. Atzealdeak diseinu bera jarraitzen du, gaur egun kanpoaldean burdinezko eskailera bat ezarrita dago. Teilatua laua da.

Otalora 27 dokumentala aldatu

Aretxabaletako kuartelaren historia azaltzeko dokumentala egin zuten Huheziko (Mondragon Unibertsitateko) Ikusentzunezko 3. mailako ikasle batzuek. "Otalora 27" izena eman zioten, hori baita kuartela kokaturik dagoen helbidea[10][3].

Kuartela Kultur Elkartea aldatu

Arte diziplina ugari jorratzen dituzten hainbat taldetako 100 kide inguruk osaturiko elkartea da. Musika, dantza, margolaritza, antzerkigintza, eskultura, serigrafia, eskulangintza eta beste hainbat arte espresio lantzen dira bertan[1].

Musika taldeei dagokienez 25 talde inguruk entseatzen dute bertan eta 2023an hauetako hemezortzi taldek "Kuartela" izeneko diskoa osatu zuten, herriko hainbat tokitan salgai jarri zena[11]. Kuartela Herrira! ekimenaren barnean urriko hiru asteburutan kontzertuak antolatu zituzten herrian[12][13].

Erreferentziak aldatu

  1. a b «Kultura propiorik gabeko herri bat? -» Goiena.eus (Noiz kontsultatua: 2022-04-22).
  2. a b Jose R. Intxauspe Lopez, Arantza Berezibar Galdos, Aitor Atxia Leturia, Kepa Antxia Leturia. (2011). Gerra Zibila Aretxabaletan. Ezin ahaztu!. Eusko Ikaskuntza, 32 or. ISBN 978-84-8419-225-1..
  3. a b c d e f g Otalora 27. (Noiz kontsultatua: 2022-04-22).
  4. (Gaztelaniaz) Intxausti, Aurora. (1986-07-26). «Dos guardias civiles mueren en un atentado en Aretxabaleta» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2022-04-22).
  5. «Epaiketa hasi da Aretxabaletako kuartelaren aurkako 1986ko atentatuagatik - Aretxabaleta» Goiena.eus (Noiz kontsultatua: 2022-04-22).
  6. «Gaztetxea edo lokalak gura dituzte herriko gazteek - Aretxabaleta» Goiena.eus (Noiz kontsultatua: 2022-04-22).
  7. «Kuartela, sortzaileen gune - Aretxabaleta» Goiena.eus (Noiz kontsultatua: 2022-04-22).
  8. KUARTELA BIZIRIK!. (Noiz kontsultatua: 2022-04-22).
  9. dantzancom. «Kuartelak hartu du martxa, itxialdia atzean utzita» dantzan.eus (Noiz kontsultatua: 2022-04-22).
  10. a b «Otalora 27» Argia (Noiz kontsultatua: 2022-04-22).
  11. «Kuarteleko sortzaileen lana diskoan batuta - Aretxabaleta» Goiena.eus (Noiz kontsultatua: 2023-10-21).
  12. «Kuartela Herrira! ekimena martxan da - Aretxabaleta» Goiena.eus (Noiz kontsultatua: 2023-10-21).
  13. «Kuarteleko doinuak kalera atera dituzte - Aretxabaleta» Goiena.eus (Noiz kontsultatua: 2023-10-21).

Kanpo estekak aldatu