Almeneko bertso-eskola

Sortutako lehen bertso-eskola

Almeneko bertso-eskola inoiz sorturiko lehenengo bertso-eskola izan zen, 1974an ALMEN ikastetxean sortu zena, Eskoriatza eta Aretxabaleta artean[1].

Xanti Iparragirre eta alboan Jon Sarasua eta Arantzazu Loidi, besteak beste. 1987ko argazkia.

Historia aldatu

Leintz bailaran ez zegoen zaletasun berezirik bertsolaritzaren inguruan. Eskoriatzako Apotzaga auzoan bazen bertsozaleen taldetxo bat "Hauzo-Etxe" elkartearen inguruan biltzen zena[2].

1974. urtean Patxi Goikolea[3], Xanti Iparragirre eta Joanito Akixu izan ziren ALMENen bertso-eskola sortu zutenak. Ikastetxeari eta gurasoei proposamena luzatu eta larunbat goizetan hasi ziren haur taldeekin biltzen[1]. Lehenengo saioan 120 haur inguratu zitzaizkien eta hiru gelatan banatu zituzten, sortzaile bakoitza gela banatan[4]. Ez zegoen oraindik bertsolaritza klaseak emateko metodo definiturik eta bertso zaharrak ikasten hasi ziren; Txirrita, Xenpelar, Pello Errota, Bilintx… eta abarrenak.

Ondoren gaztetxo batzuek bertsogintzarako erraztasuna zutela ikusita Abel Muniategiri laguntza eskatu zioten, eta hark bertsotarako gida bat egin zien[5]. Orduan hasi ziren bat bateko bertso berriak sortzen eta txapelketetan aurkezten. Bertso-eskola hartatik hainbat bertsolari ezagun atera ziren, hala nola, Jon Sarasua, Aitor Sarasua, Arantzazu Loidi, Danel Goikolea, Jon Iñaki Izarzelaia eta baita Felix Iñurrategi bera ere, gerora mendizale ezaguna izango zena[6].

Berehala hasi zen emaitza politak ematen. 1981ean Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa sortu zen eta lehenengo ekitaldian Jon Sarasua izan zen txapelduna eta Jon Iñaki Izarzelaia txapeldunordea[7]. Jonek bigarren txapel bat eskuratu zuen 1984an eta Arantzazu Loidi ere irabazlea izan zen 1985ean[8]. Danel Goikolea ere txapeldunordea izan zen 1982an.

Bertso-eskolaren balioa Leintz bailaran bertsozaletasuna bultzatzea izan zen ordea, txapelketetako emaitzetatik haratago.

50. urteurrena aldatu

2024ko apirilaren 28an Aretxabaletan Almeneko bertso-eskola omentzeko Gipuzkoako Bertso Eskolen Eguna ospatu zen, hura sortu zeneko 50. urteurrenaren aitzakian[4].

Erreferentziak aldatu

  1. a b «Almeneko bertso eskolak 50 urte - Debagoiena» Goiena.eus (Noiz kontsultatua: 2024-04-25).
  2. (Ingelesez) «Bertsolari aldizkaria - 30. zenbakia by elkarmedia - Issuu» issuu.com 2016-01-08 (Noiz kontsultatua: 2024-04-25).
  3. Elkartea, Xenpelar Dokumentazio Zentroa-Bertsozale. «Patxi Goikolea - Biografiak - BDB. Bertsolaritzaren datu-basea» bdb.bertsozale.eus (Noiz kontsultatua: 2024-04-25).
  4. a b «Berria» Berria 2024-04-27 (Noiz kontsultatua: 2024-04-28).
  5. «Lehen bertso eskola: Euskara herriari eman zioten» Argia (Noiz kontsultatua: 2024-04-25).
  6. «Lehen bertso eskola: Euskara herriari eman zioten» Argia (Noiz kontsultatua: 2024-04-25).
  7. Elkartea, Xenpelar Dokumentazio Zentroa-Bertsozale. «Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa (1. 1981) - Aldizkakoa - BDB. Bertsolaritzaren datu-basea» bdb.bertsozale.eus (Noiz kontsultatua: 2024-04-25).
  8. «El 25 de mayo de 1985 Arantzazu Loidi fue la vencedora en el "Eskolarteko Bertsolari Txapelketa" / El 27 de mayo de 1985 se fundó la Sociedad Vasca de Medicina del Trabajo / 1901eko maiatzaren 28an Justo Maria Mokoroa Mujika Tolosan jaio zen - Euskonews» www.euskonews.eus (Noiz kontsultatua: 2022-04-12).

Kanpo estekak aldatu