Aberri (EAJ)
Aberri (EAJ) 1921 eta 1930 bitarteko euskal alderdi politiko abertzale bat izan zen. Garai hartan eta 1915an abertzaletasunak krisi larri bat jasan zuen, eta EAJ alderdian bi joera nagusi nabarmenduz joan ziren:
- Lehena, eskuinaldeko korronte moderatu eta estatutistak osatzen zuen, eta honen buruzagi nabarmenena Engrazio Aranzadi Kizkitza izan zen.
- Bigarrena, erradikalagoa eta independentista zen, eta Luis Arana Goiri (Sabin Aranaren anaia) eta Eli Gallastegi zituen buruzagitzat.
Aberri (EAJ) | |
---|---|
Buruzagia | Elias Gallastegi |
Sorrera | 1921 |
Desegitea | 1930 (EAJ alderdiaren berrelkartzea) |
Egoitza nagusia | Bilbo |
Ideologia politikoa | Abertzalea, independentismoa, eskuin moderatua eta aranismoa |
Aurrekaria: CNVren sorreraAldatu
1916ko apirileko Donostiako kongresuan moderatuen joera garaile atera zen, EAJ alderdian eskuinaldeko korronte moderatuei alderdi politiko horretako boterearen atea zabalik utziaz zteko batez ere, ondorioz EAJ izena aldatu eta Comunión Nacionalista Vasca izena hartuz alderdi abertzale berria osatu zuten. Gainera egoera nahasi honen ondorioz 1916an ordurarte EAJko presidentea zen Luis Arana bere aurkarien ezkutuko barne-mugimenduen ondorioz EAJ alderditik kaleratua izan zen.
Aipatzekoa da Lehen Mundu Gerrako garai hartan euskal foru alduendietatik Euskal Estatutu bat lortu eta Espainiaren batasunaren barnean jarraitzeko proiektu bat lantzen ere ari zirela, hortaz, joera kontserbadore horrek euskal gizartean indar handia zuen.
Bi joeren arteko desadostasunakAldatu
Euzko Gaztedi erakundeko kideen ustez CNV alderdiko joera berri hori moderatuegia zela eta jatorrizko pentsamolde sabindar eta independentista mantendu beharra zegoen, hortaz Aberri aldizkaria sortu eta CNVko jarrera ofizialaren aurkako ikuspuntu ezberdinak argitarartzen hasi ziren. Joera honetako buruzagi nabarmenena Elias Gallastegi izan zen (1930eko hamarkadak EAJtik berriz ere atera eta Jagi-Jagi aldizkaria eta talde independentista sortu zituen).
Bai CNV nahiz EAJ (Aberri) alderdien arteko liskarrak latzak eta luzeak izan ziren, hauek nagusiki Euzkadi (CNVren egunkari ofiziala) eta Aberri egunkarien iritzi artikulu eta eztabaidagune orrialdeetan ederki asko ikus daitezke. Eztabaida edo liskar honen punturik gorenena 1921eko udan eman zen, batez ere Kizkitza eta Gallastegik euskal gizartearen barnean zeuden gizarte klase ezberdinen arteko ikuspuntuen harira.
Aberri (EAJ) alderdiaren sorreraAldatu
Liskar edo eztabaidagune honen ondorioaren inguruko bertsio ezberdinak daude: batzuen arabera CNVko buruzagitzak Euzko Gaztedi eta Aberri aldizkariko kide independentistak CNV alderditik kaleratu zituzten, aldiz, beste batzuen ustez, Euzko Gaztedi eta Aberri aldizkariko kideek euren kaxaz eta alderdi berri bat sortzeko asmoz CNV alderdia utzi zuten.
Dena dela, ondorioz Euzko Gaztedi eta Aberri aldizkariko kide hauek jatorrizko alderdi politikoaren EAJ (Aberri) izena berreskuratu eta euskal alderdi independentista abertzale berri bat sortu zuten. Garai honetako erakunde honetako buruzagi nabarmenena Elias Gallastegi izan zen. Alderdi berri honek, gerora Espainiako Bigarren Errepublika garaian abertzaletasunaren barnean garrantzi handia izango zuten bi erakunde sortu zituen: Emakume Abertzale Batza eta Euzko Mendigoxale Batza (gerora, Euskal Mendi Federakundea izango zenaren jatorrizko erakundea).
BerrelkarketaAldatu
Primo de Riveraren diktaduraren amaiera aldera Euzko Gaztedi erakundeak eta Euzkadi egunkariak abertzaletasunaren batasunaren aldeko kanpainia burutu zuten. 1930ko apirilean helburu horretarako batzorde bat sortu eta horretarako adostasun akordio baten hastapenera ailegatu ziren.
1930eko azaroaren 16an Bergarako zineman ospatutako Batasun Biltzarra Nazionalean antzinako Euzko Alderdi Jeltzalea izena berreskuratzea erabaki zen. Abertzaletasunaren gehiengoaren batasuna lortu zen, halere aipatzekoa da sektore bat desadostasunengatik kanpoan gelditu (batez ere erlijioa eta akonfesionatasun edo laizismoaren inguruko joera ezberdinak eta euskal gatazkaren arazoa konpontzeko espainiar ezker alderdi politikoekin akordioetara iristeko aldeko zituela eta), eta handik gutxira Eusko Abertzale Ekintza alderdi berria sortu zuen.