Woolworth Building
Woolworth Building eraikina, 57 solairukoa, New Yorkeko etxe orratzik zaharrenetakoa eta ospetsuenetakoa da. Nahiz eta eraiki zenetik laurogeita hamar urte baino gehiago jadanik igaro diren, oraindik ere Estatu Batuetako berrogeita hamar eraikinik altuenetakoa da, eta New York hiriko hogei eraikin altuenetako bat. 1966an Woolworth eraikina "National Historic Landmark" izendatu zuten (eraikin, toki, egitura, objektu edo distritu bati Estatu Batuetako Gobernuak ematen dion izendapena, duen balio historikoa aintzat harturik).
Woolworth Building | |
---|---|
AEBko Leku Historikoa | |
Kokapena | |
Estatu burujabe | Ameriketako Estatu Batuak |
Estatua | New York |
Ameriketako Estatu Batuetako hiri | New York |
Borough | Manhattan |
Neighborhood of Manhattan | Tribeca |
Koordenatuak | 40°42′45″N 74°00′30″W / 40.7124°N 74.00822°W |
Historia eta erabilera | |
Eraikuntza | 1910 - 1913 |
Eraikuntzaren hasiera | 1910eko azaroa |
Irekiera | 1913ko apirilaren 24a |
Inaugurazioa | 1913ko apirilaren 24a |
Komisarioa | Frank Winfield Woolworth (en) |
Arkitektura | |
Arkitektoa | Cass Gilbert |
Eraikitzailea | Thompson-Starrett Co. (en) |
Egitura ingeniaritza | Gunvald Aus (en) |
Estiloa | arkitektura neogotikoa |
Dimentsioak | 351 () m |
Solairuak | 57 |
34 | |
Ondarea | |
AEBko Leku Historikoa | 66000554 |
Arkitektura
aldatuCass Gilbert arkitektoak eraiki zuen Woolworth Building, estilo neogotikoan.[1] Frank Woolworth-engandik jaso zuen enkargua, 1910ean, konpainiaren egoitza nagusia diseinatzeko. Lower Manhattan-en (alegia, Manhattanen hegoaldean) dago kokatuta, Broadway-n, Park Place eta Barclay Street-en artean, New Yorkeko udaletxearen aurrez aurre.
Nahiz eta hasiera batean 190,5 metroko altuera izan behar zuen, azkenean eraikinaren altuera handitu egin zuten, eta 241 metro garai da. Eraikitzen bukatu zutenean, Woolworth Buildingek "Metropolitan Life Insurance Company Tower" dorreari gaina hartu zion eta munduko eraikinik altuena bihurtu zen. 1913ko apirilaren 24an ireki zen, Woodrow Wilson AEBko presidenteak Washington D.C.tik argiak botoi bat sakatuz piztu zituenean[2].
Eraikin ikusgarria da: arkitektoaren nahia izan zen zenbait elementu gotiko txertatzea etxe orratz moderno batean. Horrela, bada, Woolworth eraikinak badauka antzekotasunik Europako katedral gotikoekin. Eraikinaren irekiera-ospakizunean, S. Parkes Cadman apaizak Merkataritzaren Katedrala deitu zion. Xehetasun gotikoek gehienbat eraikinaren goiko aldea apaintzen dute, eta tamainaz oso handiak dira, espaloitik ongi ikusi ahal izan daitezen.
Eraikinaren lobby-ak sabai gangaduna eta mosaikoak dauzka, bai eta, besteak beste, Frank Woolworth eta Cass Gilberten eskulturak ere. Woolworthek zeukan bulego pribatua oraindik ere bere horretan gorde dute.
Munduko eraikinik altuena izan zen, harik eta 40 Wall Street eraikina eta Chrysler Building egin ziren arte, 1930ean.
1945era arte, eraikinak behatoki bat izan zuen, 58. solairuan.
Dorrearen fatxada nagusiak Brodwayra ematen du. Kanpoaldea kareharri-koloreko terrakota arkitektonikoz estalia dauka.
Azken urteotako historia
aldatuWoolworth konpainia 85 urtez izan zen eraikinaren jabea, 1998 arte, Witkoff Group taldeari 155 milioi dolarrean saldu zitzaion arte.
2001eko irailaren 11ko atentatuan suntsitu zituzten arte, World Trade Center-eko Dorre Bikiei maiz asko ateratzen zizkieten argazkiak halako moduan non, bi dorreen arteko hutsunean, Woolworth eraikina agertzen baitzen, dorreak zeuden tokitik hurbil kokatuta baitago.
2001eko irailaren 11ko atentatuaren ondoren, Woolworth eraikinak ez zuen ez elektrizitate ez telefono zerbitzurik izan zenbait astez, baina ez zuen kalte garrantzitsurik jasan. Atentatuaren ondoren hartutako segurtasun-neurri zorrotzagoen ondorioz, gaur egun ezin da pasa eraikinaren lobby dotoreko puntu askotara, zeinak lehenago ikusgai turistiko erakargarria baitziren.
Eraikinak luzaroko lotura dauka goi-mailako hezkuntzarekin: Fordham University-ko zenbait eskola bertan kokatuta egon ziren XX. mendearen hasieran, eta gaur egun, besteak beste, bertako maizter da New York University-ko Center for Global Affairs.
Ikus, gainera
aldatuErreferentziak
aldatu- ↑ http://www.wdl.org/en/item/11376/
- ↑ (Ingelesez) Study for Woolworth Building, New York. 1910-12-10 (Noiz kontsultatua: 2017-04-24).
Kanpo estekak
aldatu- (Ingelesez) Dorrearen argazkiak.
Aurrekoa Metropolitan Life Insurance Company Tower |
Ameriketako Estatu Batuetako eraikinik garaiena 1913 - 1930 |
Ondorengoa 40 Wall Street |
Aurrekoa Metropolitan Life Insurance Company Tower |
Munduko eraikinik garaiena 1913 - 1930 |
Ondorengoa 40 Wall Street |
Artikulu hau Ameriketako Estatu Batuetako geografiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz. |