Wikipedia:Erabakimen aske

Erabakimen Aske

aldatu

Ikusi ere: Askatasun

 
Arrazakeriaren aurkako manifestaldia Madrilen. Bertan parte hartzen dutenen erabakia printzipioz askea da.

Erabakimen askea edo aukeramen askea gizakiok libreki hautatzeko eta ondoren jokatzeko gaitasuna dugula baieztatzen duen doktrina filosofikoa da. Aginpide erlijioso askok doktrinaren alde egin dute. Zenbait pentsalarik, ordea, kontra egin dute ideologia indibidualista dela adieraziz. Azken horien artean Baruch Spinoza, Arthur Schopenhauer, Karl Marx eta Friedrich Nietzsche esanguratsuenak dira. Iritzi kontrajarriak badaude ere, erabakimen askearen existentzia gai zentrala da filosofiaren eta zientziaren historian[1].

Arlo erlijiosoan, etikoan, psikologikoan, juridikoan eta zientifikoan pisu handiko kontzeptua da. Etikak, adibidez, norbanakoen ekintzen erantzunkizunaz mintzatzeko erabiltzen du[1].


Askatasuna eta Erabakimen askea[2]

aldatu

"Askatasun" eta "aske" bezalako terminoak egunerokoan erabiltzen dira, askotan gizakiak ez direnen inguruan mintzatzeko ere. Orokorrean, askatasunaz aritzen garenean ekintza-askatasunarekin lotzen dugu terminoa. Hau da, Hobbesek esango zukeen moduan, oztoporik gabeko mugimendua. Baina, ekintza-askatasuna gaitasun bat besterik ez da, hortaz eduki daiteke edo ez, eta gaitasuna izatekotan erabili daiteke edo ez.

 
Olerkigintzan askatasunaren eta erabakimenaren gaia askotan jorratu izan da: Harekin aurrez-aurrekoan, bereari eusten, berea eraikitzen hasi zen. Beraren kontra baina, nolabait ere, beraren baimenaz, inoiz errieta etorriko ote zitzaion beldurrari ukoaz, bere erabakimena haundituz joan zen. (Esteban, Mari Luz; 2013)[3]

Erabakimen askea, ostera hitz teknikoagoa da eta horren ordez "borondate askea" erabili ohi da. Askatasun eta erabakimen aske kontzeptuen artean lotura badago ere, zenbait ñabardura daude: lehen terminoa animaliei egotz ziezaiekeen, bigarrena, aldiz, gizakien bereizgarri da. Erabakimen askea gainera, konplexutasun maila altuagoa duen gaitasuna da, beste gaitasun batzuen beharra baitu. Hala nola: aukerak irudikatzeko gaitasuna, horien inguruko argudioak eta kontrargudioak imajinatzeko gaitasuna eta hizkuntza eta kontzeptuak erabiltzeko ahalmena.

Laburbilduz, esan genezake askatasuna jokatzeko gaitasuna dela eta erabakimen askea, ordea, jokatzeko aukeren artean erabakitzeko gaitasuna. Hala ere, edozein erabaki ez da erabakimen askeaz baliatzen, horretarako zenbait baldintza bete behar baititu agente moralak.


Kontrola eta Erabakimen askea[2]

aldatu

Erabakimen askearen erabilpenaz mintzatzeko agente moralak hautuen gaineko kontrola izan behar du.[4] Kontrola izateko baldintzen artean bi izan ohi dira esanguratsuenak: autodeterminazioa eta aukera aniztasuna. Hala ere badaude beste baldintza batzuk:

  1. Borondatezko hautua izatea: kontzienteki hartzen ez diren erabakiak edo hartu nahi ez direnak ez dira askeak.
  2. Alternatibarik edukitzea: aukera aniztasunik egon ezean ez da erabaki librerik egongo.
  3. Arrazionaltasuna: argudiorik gabeko eta erabat arbitrarioa den erabakia ez da librea.
  4. Egiletza: erabakiak subjektuarena izan behar du subjektutik at dauden indarrek ezin baitute baldintzatu.

Kausalitatea eta Askatasuna[5]

aldatu

Gizkakiak joera dauka gertakarien arteko harreman kausaletan arakatzeko. Zer edo zer gertatzen denean, ohikoa izaten da zergatik? galdera egitea. Gertakarien zergatia edo kausa ezagutu nahi dugu, gertakariak berak ulertzeko edo hobeto ezagutzeko, eta gertakarien gaineko kontrola lortze aldera. Mundua, gertakarien mundua, kausalitatean blaituta ikusten dugu. Humek zioen bezala, kausalitatea unibertsoaren porlana da. Kausalitateari esker gertakariak elkarren artean lotzen dira. Eta kausalitatea ez da soilik kontu zientifikoa. Esan bezala, kausalitatea eguneroko bizitzaren ikerketan txertatuta dago. Rusellek dioen eran, propaganda politikoak, zuzenbide penalak eta jendearengan eragiteko idatzitako liburu orok zentzu osoa galduko lukete kausatzeko ahalmenik ez balute. Hortaz, kausalitatea kontzeptu zentrala da munduaren gaineko ikuskeran. Arazoak kausalitatea askatasun kontzeptuarekin elkartu nahi denean sortzen dira eta hori da hain zuzen, erabakimen askearen eztabaidaren sorburu.

Erantzunkizun morala eta Erabakimen askea[5]

aldatu

Erabakimen askearen auzia funtsezkoa da Etikaren arloan; izan ere, erantzunkizun moralak erabakimen askearen kontzeptuarekin lotura zuzena du. Erantzunkizun morala horrela definitu daiteke: agente morala bere ekintzekiko erantzule izatea da. Era berean, erantzunkizunak lotura zuzena du sari eta zigor sistemarekin.

 
Ordenagailu baten barnealdea. Richard Dawkinsen arabera, gizaki baten garunaren modukoa.

Erabakimen askearen existentzia ukatzen duten pentsalarien artean, joera handia dago baieztatzeko gizakiek sari-zigor sistematik at egon beharko luketela. Horren adibidea da Richard Dawkins biologoa; izan ere, honelako ideiak defendatzen ditu: giza garunak eta ordenagailuak desberdin funtzionatzen badute ere, biak ala biak fisikaren legeek arautzen dituzte. Ordenagailua puskatzen denean eta gaizki egiten dituenean bere eragiketak, ez da zigortzen. Normalean konpondu egiten da. Modu berean, pertsona batek gaizki jokatzen duenean edo delitu edo hilketa bat egiten duenean, ez du ez gaitzespenik ez zigorrik merezi. Inork ez du saririk edo zigorrik merezi.

Dawkinsen arabera, giza garuna lege fisikoen menpe egoteak gizakion ohiko praktika batzuen desagerpena dakar: besteak beste, erabakiei edo ekintzei egozten dizkiegun merituak eta demerituak ez dira egokiak, askatasuna desagertu baita. Egin behar dena, aldiz giza garuna konpontzea da.

Hortaz, Dawkinsek ere, beste bide batetik, askatasunaren intuizioa zalantzan jartzen du, bide batez pertsona, garuna eta ordenagailua identifikatuz edo elkarrengandik gertu jarriz. Hortaz, zalantzan jartzen du sistema etiko-moral judiziala, ez baitago lekurik sari eta zigorrarentzat. Hala ere, Dawkinsena ez da aukera bakarra, erantzunkizun moralaren auziak ez baitu oraindik irtenbide behin-betikorik.

Determinismoa eta Erabakimen askea[2]

aldatu

Determinismoa gertaera guztiak aldez aurretik existitzen diren kausengatik erabat determinatuta daudela defendatzen duen teoria filosofikoa da. Horrela, dena kausa-efektu kate batez gertatzen da, erabakimen askea eta zoria ukatuz. Horren haritik, hainbat pentsalari deterministak (Spinoza, Hume, Locke…) defendatu izan dute gizakiok huts egiten dugula askeak garela uste dugunean, askatasun edo ausazkotasun hori gertaera eragiten duten kausa eta faktoreak ez ezagutzeagatik sortzen den irudipena baino ez baita[6].

Inkonpatibilismoa

aldatu

Inkonpatibilisten arabera, erabakimen askea eta determinismoa ez dira bateragarriak. Hortaz, erabakimen askea egiatzat jotzeak determinismoaren teoria ukatzen du eta determinismoa egiazkotzat jotzeak erabakimen askea ukatzen du. Teoria inkonpatibilista frogatzeko honelako argudiaketak erabili dira:

 
Entxufe ezberdinak, horietatik bat ere ez da bateragarria.

(P1) Erabakimen askea izateko alternatibak edukitzea ezinbestekoa da.

(P2) Determinismoa egiazkoa bada aukera bakarra dago kausalitateak eraginda.

(O) Determinismoa egiazkoa bada ez dago aukeramen askerik.


(P1) Erabakimen askea izateko agente moralak bere ekintzen eta erabakien egiletza izan behar du.

(P2) Determinismoa egiazkoa bada, agente morala ez da bere erabakien egile.

(O) Determinismoa egiazkoa bada ez dago aukeramen askerik.

Inkonpatibilismoaren baitan bi joera oinarrizko daude: determinista hertsiak eta libertaristak. Lehenengoek determinismoa egiazkotzat jotzen dute eta hortaz erabakimen askea ukatu. Bigarrenek aldiz, erabakimen askea jotzen dute egiazkotzat edonolako baldintzapena ukatuz. Hala ere, badaude bi korronte hauen barruan ñabardurak dituzten zenbait bertsio.

Konpatibilismoa

aldatu

Inkonpatibilismoa ez da aukera bakarra determinismoaren eta erabakimen askearen harremana finkatzerako orduan. Izan ere, Hobbes eta Humeren eskutik beste irtenbide bat proposatu da: konpatibilismoa. Izenari erreferentzia eginez, teoria honek determinismoaren eta erabakimen askearen bateragarritasunaren alde egiten du. Pentsalari hauen aburuz, hein handi batean askeak izan gaitezke determinaturik egonda ere. Hortaz, konpatibilistentzat ekintza libre bat ez da kausarik gabe gauzatzen dena, gure desirek bultzatuta dagoena baizik. Hala ere, desirek ez dute zertan ekintza gauzatu, hori subjektuaren esku geratuko baita. Beraz, desiratzen den hori gauzatzeko erabakitzeko gaitasuna da askatasuna.

Aurreko baieztapenek konpatibilismo klasikoarekin bat egiten dute, hau da, Hobbesek, Humek eta Stuart Millek defendatu zuten teoriarekin. Baina, Harry Frankfurt bezalako autoreek zenbait akats dituen teoria dela baieztatu dute. Izan ere, konpatibilismo klasikoak ekintza askatasunaz mintzatzen da, ez, ordea, erabakimen askeaz. Frankfurtek konpatibilista klasikoekin bat etorriko litzateke aukeramen askea desira batek bultzatutako jokabidea dela esanez, baina desira horrekin subjektua identifikatu beharko litzatekeela gehituko luke. Hortaz, ez da jada ekintzari lotutako teoria, borondateari lotutakoa baizik. Laburbilduz, Frankfurtek maila psikologiko desberdinetan gertatzen diren desiren antolaketan eta desira horien gaineko gogoetan oinarritzen du teoria konpatibilista.

 
David Hume. Konpatibilismoaren aintzindarietako bat.

Hala ere, Harry Frankfurt ez da konpatibilismoaren baitan alternatiba bat proposatu zuen bakarra. Izan ere, John Fischerrek eta Mark Ravizzak argudiaketa irizpide gisa izango duen konpatibilismo baten alde egin zuten. Hau da, agente moralak argudiaketa sendoena duen aukeraren alde egingo du. Gainera, azken hauek determinismoaren eta erantzunkizun moralaren arteko lotura ezarri zuten.[7] Izan ere, aukera ezak ez du zertan erantzunkizun morala baztertu. Hori frogatzeko, "Frankfurt kasuetan" oinarritu ziren, non agente moral batek libreki eta boluntarioki jokatzen duen eta hortaz erantzule morala den nahiz eta hark ez jakin ez zuela jokatzeko beste aukerarik.

Azkenik, egiletza argudioaren inguruan (vid. Kontrola eta Erabakimen askea), konpatibilistek agente moralak bere desirak bultzaturik jokatzen duela baieztatuz, determinismoa eta aukeramen askea bateragarriak direla baieztatu dute berriz ere. Baina, azken argudiaketa honi inkonpatibilistek kritika egin diote konpatibilisten egiletzaren ideia oso azalekoa dela esanez.




Konpatibilismoaren aurkako argudioak[2]

aldatu

Bi dira konpatibilismoa ukatzeko erabili ohi diren argudioak: Manipulazioaren argudioa (Derek Perebom) eta Zigotoaren argudioa (Alfred Mele). Konpatibilistek erantzunkizun moralaren inguruan ematen dituzten baldintzak eskasegiak direla frogatu nahi dute bi argudioek. Gainera, konpatibilistek egiletzaren baldintza ere kostata frogatu dezaketela diote.

Manipulazioaren argudioa:

aldatu

Adibide batean oinarritutako argudioa da hau: Plum irakasleak ekintza inmorala egitea erabakitzen du boluntarioki. Alegia, bere lankidea den White irakaslea akatzea.

Ekintza hau lau eskenatoki deterministan kokatzen dute egileek. Lehendabiziko kasuan, neurozientzialari batzuek Plum irakaslearen garunean White irakaslea akatzeko arrazoia atzematen dute, hortaz kostata baieztatu daiteke Plumek libreki erabaki zuenik bere lankidea akatzea. Bigarren kasuan, zientzilariek Plum irakasleari jaiotzetik programa bat ezartzen diote, halabeharrez etorkizunean White lankidearen akatzea ondorio izango duena. Behin ere, kostata baieztatu ahalko litzateke Plum dela erantzule. Hirugarrenik, Plum bere izaera eta ahalmenen ondorioz ekintza aurrera eramatera dago bideratua. Hirugarren kasu honetan familiak eta sozializazio prozesuak du eragina, eta hortaz, askoren aburuz ez litzateke errudun izango. Azkenik, determinismo hertsiaren markoan jartzen da Plum irakaslea eta hortaz, erahilketa iraganetik zegoen idatzita kausalitate saihestezinen katearen bitartez. Beraz, aurreko kasuen emaitza bera lortzen da.

 
Emakume bat haurdun. Mundu determinista batean haurrak etorkizuna idatzirik izango du.

Zigotoaren argudioa:

aldatu

Argudio honek ere adibide bat hartzen du irizpide. Dianaren adibidea hain zuzen:

Diana mundu determinista bateko jainkosa da. Berak iraganeko eta lege naturalen gaineko jakintza du, hortaz aurreikusi dezake zer gertatuko den. Dianak etorkizunean ekintza bat gerta dadin, emakume baten baitan zigoto bat ezarri egiten du, eta denborarekin zigoto hura Ernesto izeneko gizaki bilakatzen da. Dianak hura sortzean ezarritako baldintzen ondorioz, Dianak eragin nahi zuen ekintza burutzen du Ernestok. Beraz, Ernesto ez da librea, ez baitu bere ekintzen egiletza.

Bi argudio hauek onargarriak badira ere, honek ez du esan nahi aukeramen askearen auzia konpondu dutenik; izan ere, oraindik irekita dagon eztabaida da.

Inkonpatibilismoaren aurkako argudioa[2]

aldatu

Inkonpatibilismoari kritika egiteko argudiorik ohikoena zoriaren argudioa da. Hau da, erabakimen askearen existentziarako egoera indeterminatuen beharrak egoera zorizkoak sortzen ditu eta hortaz, ezin daiteke jakin erabakiak libreak diren edo zortearen ondorio besterik ez. Honen arabera, inkonpatibilismoa faltsua izango litzateke erabakien gaineko kontrola eta zoria ezin baitira elkartu.

Bestetik, Neil Levy[8] ikerlariak erabaki libre bat hartzeko gutxienez bi erabaki posibleen artean aukeratu behar zela zioen. Bi hauek kontrastatzea eta argudiaketa egitea ezinbestekotzat jotzen zuen. Baina, egoera indeterminatu batean ez legoke arrazoirik bata edo bestea hautatzeko eta erabakia zorizkoa izango litzateke. Hortaz, kostata baiezta daiteke erabaki askea dela.

Inkonpatibilistak hala ere, ez dira besoak gurutzaturik geratzen argudioaren aurrean eta zenbait aukera proposatzen dituzte haien teoriari eusteko:

  1. Kontrastea ez da beharrezkoa, hautatutako erabakiari zenbait arrazoi egoztea nahikoa da eta hori kontrol arrazionalaren adierazgarri denez erabakimen askea existitzen da.
  2. Subjektuak arrazoiei pisua ematen die aktiboki, ez du horien pisua hark pasiboki jasaten. Hortaz, erabakitzeko askatasuna du.
  3. Argudio pisutsuak dituzten bi aukeren kasuetan determinismoak ezin du azaldu zer dela eta baten alde egiten den, ezta zalantza eragitearen zergatia ere.
  4. Erabakiak ezin dira zoriarekin alderatu, zoria kontroletik at dagoen egoera delako eta erabakiak beti subjektu baten esku egongo dira.

Eszeptizismoa[2]

aldatu
 
"Egoismoaren aurka borroka ezazu". Inposibilistek erabakimen askea egoa puzturik duten gizakien burutazioa dela diote, nolabait gizakiek sentitu nahi dutelako haien ekintzen egile direla.

Erabakimen askearen auzian badaude ere horren existentzia ukatzen dutenak, alegia eszeptikoak. Azken urteetan defendatzaile ugari izan duen jarrera da eszeptizismoa, batez ere Derek Pereboom filosofoaren eskutik, baina baita Spinozaren jarraitzaileak izan direnen artean ere.[9] Jarrera honi inkonpatibilismo hertsia deitu izan zaio ere.

Eszeptizismoaren arabera, erabakimen askea ez da bateragarria ez determinismoarekin ezta indeterminismoarekin ere. Izan ere, erabakimen askearen lekua oraindik ezagutzen ez ditugun gertakari neuronal eta psikologikoek betetzen dute soilik. Gainera, azken urteetan egin diren jokabidearen inguruko zenbait ikerketa zientifikok kanpoko baldintzen eragina azpimarratu dute, gizakion kontrol arrazionala ukatuz.

Honez gain, korronte inposibilista aipatu beharra dago. Hain zuzen, erabakimen askea gizakion handinahiak sortutako inkoerentzia dela dioen jarrera. Nietzsche izan da ordezkari nagusia eta gaur egun G. Strawson-ek eta S. Smilansky-k defendatzen dute gehien bat.


Irakurketa gomendatuak

aldatu
  • Arrieta Urtizberea, Agustin. (2019). Gogoeta-bide irekiak. Euskal Herriko Unibertsitatea,185-201or. ISBN 9788413190907.
  • Galcerán, Monserrat. (2009). Deseo y Libertad. Traficantes de Sueños ISBN 9788496453340..
  • Moya Espi, Carlos. (2017). El libre albedrío: un estudio filosófico. CATEDRA ISBN 9788437637143..
  • Muñoz Ortega, José Manuel. (2015). Libre albedrío y responsabilidad moral: una aproximación desde la neurociencia. UNED.

Erreferentziak

aldatu
  1. a b (Gaztelaniaz) Libre albedrío. 2021-01-25 (Noiz kontsultatua: 2021-04-06).
  2. a b c d e f (Gaztelaniaz) Libre albedrío | SEFA. (Noiz kontsultatua: 2021-04-07).
  3. «Euskal Poesiaren ataria - AMAREN HERIOTZAK LIBREAGO EGIN ZUEN - Mari Luz Esteban» www.basquepoetry.eus (Noiz kontsultatua: 2021-04-07).
  4. O'Connor, Timothy; Franklin, Christopher. (2021). Zalta, Edward N. ed. «Free Will» The Stanford Encyclopedia of Philosophy (Metaphysics Research Lab, Stanford University) (Noiz kontsultatua: 2021-04-07).
  5. a b Arrieta Urtizberea, Agustin. (2019). Gogoeta-bide irekiak: Fikzio, egia, balio eta hezkuntzari buruzko saiakera filosofiko bat. Euskal Herriko Unibertsitatea, 185-201 or. ISBN 9788413190907..
  6. Determinismo. 2021-03-14 (Noiz kontsultatua: 2021-04-08).
  7. (Ingelesez) John Martin Fischer. 2021-02-26 (Noiz kontsultatua: 2021-04-08).
  8. (Ingelesez) «Neil Levy» www.philosophy.ox.ac.uk (Noiz kontsultatua: 2021-04-09).
  9. (Ingelesez) Derk Pereboom. 2020-01-02 (Noiz kontsultatua: 2021-04-11).