Ireki menu nagusia

Virgil Thomson estatubatuar musikagilea izan zen (Kansas City, 1896ko azaroaren 25a - New York, 1989ko irailaren 30a). Ikasketak Harvarden egin zituen, Edward Burlingamen Hill, A.T. Davison eta S. Froster Damonekin, 1919. urteaz geroztik, eta pianoa Heinrich Gebhardekin, eta organoa Wallace Goodrichekin ikasi zituen Bostonen. 1920tik 1925era bitartean, Harvardeko irakasle izan zen. Tarte horretan, egonaldi bat egin zuen Parisen, eta Nadia Boulangerrekin ikasi zuen. Harvardera itzuli zenean, King´s Collegeko organo-jotzaile izan zen, 1922tik 1923ra bitartean. Ondoren, New Yorken konposizioa landu zuen Rosario Scalerorekin (1923-1924). 1925. urtetik eta 30eko hamarraldiaren bukaera arte, Parisen bizi izan zen, eta han Erik Satie, Six taldea, Jean Cocteau eta Pablo Picassorekin izan zituen harremanak. Stravinskik izugarrizko eragina izan zuen Thomsonengan. Bestalde, Gertrude Steinekin lan egin zuen. Hark bi operatako libretoak eman zizkion, Four Saints in Three Acts (1928) eta The Mother of Us All (1947). 1940an New Yorken hartu zuen bizilekua, eta New York Herald Tribuneko musika-kritikariaren kargua onartu zuen. Lan horretan aritu zen 1954. urtera arte, eta Estatu Batuetako kritikari entzutetsuenetakoa izatera iritsi zen. 1948an Pulitzer saria lortu zuen Richard Flahertyren Louisiana Story filmeko musikagatik. Frantziako Institutuko kide urgazle eta Amerikako egile eta musikagileen elkarteko buru (bi alditan, 1960-1968 eta 1975-1983) izan zen. Azken urteetan musika idatzi eta bere lanak zuzendu besterik ez zuen egin. Hainbat unibertsitatetan honoris causa doktore izendatu zuten: Syracusa, New Yorkeko Estatala, 1949; New York, 1971; Columbia, 1978; Harvard, 1982; New England Conservatory, Boston, 1986. Thomsonek beti baztertu zituen garai hartako joera modernistak. Nahiago izan zuen musikaren unibertsalismoaren ideian oinarritzea. Bere musikak ia genero eta estilo guztiak ukitu zituen.

Virgil Thomson
Virgil Thomson by Carl Van Vechten.jpg
Bizitza
Jaiotza Kansas City1896ko azaroaren 25a
Herrialdea  Ameriketako Estatu Batuak
Heriotza New York1989ko irailaren 30a (92 urte)
Heriotza modua : eritasuna
Hezkuntza
Heziketa Harvard Unibertsitatea
Hizkuntzak ingelesa
Irakaslea(k) Nadia Boulanger
Jarduerak
Jarduerak orkestra zuzendaria, musikagilea, musika-kritikaria, soinu banda konpositorea eta kazetaria
Lan nabarmenak Lord Byron Itzuli
Jasotako sariak
Kidetza Ameriketako Estatu Batuetako Arte eta Letren Akademia
Arteen eta Zientzien Ameriketako Estatu Batuetako Akademia
Genero artistikoa opera
Sinfonia
Musika instrumentua organoa
IMDb nm0861110

ErreferentziakAldatu