Rhin ibaiaren mapa.

Rhin ibaia erdialdeko Europako ibai bat da. 1.300 km baino gehiagoko luzera du. Suitzako Alpeetan hasten da eta Austria, Liechtenstein, Alemania (ibilbidearen zatietako batean Frantziaren eta Alemaniaren arteko muga da) eta Herbehereak zeharkatzen ditu, Ipar Itsasoan amaitzen den arte, delta bat sortuz. Estrasburgo, Bonn, Kolonia eta Rotterdam hirietatik igarotzen da, besteak beste.

Ibaiadar nagusiak Aar, Mosela eta Main ditu.

Ibai nabigagarria da eta askotan lehengaiak eta salgaiak garraiatzeko erabiltzen da, industria eta meatzaritza ugariko lekuetatik pasatzen delako. Salgaietako eta lehengaietako asko Rotterdameko portura iristen dira, ondoren munduko beste hirietara esportatzeko. Beste salgai eta lehengai batzuek, berriz, alderantzizko bidaia egiten dute; hau da, munduko beste hirietatik Europara iristeko Rotterdameko portua erabiltzen dute. Horregatik, Rhin ibaia oso garrantzitsua da ekonomiarentzat, baina baita turismoarentzat ere, ibaiaren zatiren batetik ontziz ibiltzeko eta hurbileko hiriak ezagutzeko aukera dagoelako.

Ibaia oso kutsatuta dago, gai kaltegarri asko aurkitu ditzakegu uretan. Gainera, zuzenak ez ziren ibai-zati batzuk aldatu edo kendu dira ontzien zirkulazioa ahalbidetzeko. Kanal edo ubideak eraiki dira, Rhin ibaia Rodano edo Danubio ibaietara, besteak beste, lotzeko helburuarekin, arrazoi ekonomikoengatik.

Historia

aldatu

Rhin ibaia merkataritzarako eta gerrarako erabili izan da historian zehar. Erromatar inperioaren eta tribu germaniarren arteko muga ere izan zen. Horregatik, gudu asko gertatu ziren ibai horren ondoan. Julio Zesar general erromatarrak zubi batzuk eraikitzeko agindu zuen K.a. I. mendean germaniarrak menderatzeko.

Aro Modernoan, Frantziako erreinuaren eta alemaniar herri batzuen arteko muga izan zen. Horregatik, haien arteko gatazka asko ezagutu zituen, bereziki XX. mendean gertatutako bi mundu gerretan.

Ikusi hau ere

aldatu

Argazki batzuk

aldatu