Bordeleko antzoki neoklasikoa.

Neoklasizismoa mugimendu artistiko bat izan zen, Europan XVIII. mendean sortu zena. Izen hori du antzinako Antzinako Grezia eta Erromako kultura klasikoa eta haren balio estetikoak "berreskuratu" nahi izan zituelako, aurreko mendean nagusi izandako kultura Barroko eta rokokoaren gehiegikera estetikoen kontrako erreakzio bezala.

Dena dela, neoklasizismoa klasizismoa berritzeko saio bat baino gehiago ere izan zen. Ilustrazio frantsesaren garaian sortu ondoren, garai berri horretako sinpletasun, seriotasun eta arrazionaltasun balioak islatu nahi izan zituen, antzinate klasikoaren bidetik. Hori dela eta, esan daiteke Ilustrazioari lotutako mugimendu artistikoa dela.

Klasizismoak bezala, neoklasizismoak ere eragin nabaria izan zuen hainbat arte-motatan, literatura, margolaritza, arkitektura eta musikan, bereziki. Napoleonen garaiko Frantzian sortu zen eta Erromantizismoaren agerpenarekin hasi zen gainbehera.

Ezaugarri garrantzitsuenakAldatu

  • Haren estetikan giza arrazoia islatu nahi du: forma argiak, kolore neurritsuak, espazio lauak, lerro bertikal eta horizontal markatuak eta, oro har, sinpletasun eta linealtasunarekiko apostua.
  • Barroko garaiko kolorearen garrantziaren aurrean, marrazkiaren, trazuaren eta formaren zuzentasuna nagusitzen da.
  • Garai klasikoko irudi grekoerromatarrak berreskuratzen dira: mitologia, epika, etab. Hala ere, gai historiko garaikideak ere balioesten dira, Frantziako Iraultza, adibidez.
  • Oro har, neoklasizismoak klasizismoaren proposamenen jarraipena egin nahi izan zuen, baina zama politiko handiagoarekin.

Neoklasizismoa literaturanAldatu

Neoklasizismoaren garaiko literaturak garai hartako filosofia nagusiaren eragina izan zuen, pentsamendu erlijioari aurka eginez eta giza arrazoiari lehentasuna emanez.

Entziklopediaren asmo dibulgatibo berberarekin, literatura eskuragarri ago bihurtu zen publikoarentzat, tresna sozioal modura, literatura barroko hermetikoaren aurkako erreakzioz. Generorik landuena saiakera izan zen, jakintza zabaltzeko asmoarekin, baina poesiak ere indar handia izan zuen, bai eta alegiak ere, animaliak islatzen zituztenak bereziki.

Literatura neoklasikoak kritika egiten zien ohiturei, eta hausnarketa egiten zuen emakumearen paperaz eta heziketaren garrantziaz. Irakaskuntza moralak zituzten testuak egiten ziren askotan.

Espainian gehiago kostatu zitzaion neoklasizismoari errotzea literaturan, estilo barrokoak jarraitu baitzuen poesian eta antzerkian. Dena dela, denborarekin, antzerkigile askok jarraitu zioten eredu frantsesari, Aristoteles eta Horazioren printzipioei jarraituz.

Neoklasizismoa margolaritzanAldatu

 
Jacques-Louis Daviden Horazioen zina, 1784.

Pinturaren historian Rokoko eta Erromantizismoaren artean kokatuta egonda, estilo neoklasikoak aurreko eta ondoko bi estiloen oso antzeko ezaugarriak ditu; horregatik, ez da erraza haien arteko muga estilistiko argiak zehaztea. Hala ere, nabarmena da margolaritza neoklasizistan greko-erromatar gaiak nagusitzen direla, bai eta Erdi Arokoak edo Asiako zibilizazioak ere, kutsu exotiko eta antzinakoak diuztelako.

Marrazkiak eta formak garrantzi handia zuten kolorearen gainetik, argi hotz garden batez bustitako lanak sortuz. Historia eta motibo klasikoak izan ziren margotu beharreko gai nagusiak, eta freskoak egon ziren arren, oro har, olio-pintura nagusitu zen.


Neoklasizismoa musikanAldatu

Musikaren kasuan, garaien arteko bereizketa historikoak oso ezberdinak dira. Oro har, "Musika klasikoa" deitzen duguna klasizismoaren musika da (XVIII. mendearen amaiera eta XIX. mendearen hasiera), aldi baterako estilo neoklasikoarekin bat etorri zena.

Hau, neurri batean, greko-erromatar altxor musikalik ez egoteagatik gertatu zen, antzinakoek ez baitzuten izan musika gordetzeko moduko idazketa musikalik. Nolanahi, garai honetako musikan oso funtsezkoak izan ziren nagusitasun formal sendoa, eta emozioen eta teknika musikalen neurritasuna.

Bestalde, XX. mendean, Lehen Mundu Gerraren ondoren (1914-1918), Igor Stravinski eta Paul Hindemith musikagileek "musika neoklasikoa" izeneko mugimendua hasi zuten. Izena, musika klasikoa (Haydn eta Mozart, bereziki) berreskuratzeko nahia nabaria zen lanak konposatu zituztelako da. Hala ere, mugimendu horrek ez du zerikusirik garai neoklasikoarekin.

Autore aipagarriakAldatu

Neoklasizismoko artista eta autore aipagarrienen zerrenda labur batek ondoko hauek izango lituzke:

  • Jacques-Louis David (1748-1825). Margolari frantsesa, garai hartan neoklasizismoari egindako ekarpenarekin ez ezik, Frantziako Iraultzan parte hartzearekin ere zerikusia izan zuena. Robespierreren laguna eta Frantziako Errepublikako artista nagusia izatera iritsi zen.
  • Voltaire (1694-1778). Idazle, filosofo, historialari eta abokatu frantziar hau Ilustrazioko erreferenterik handienetako bat izan zen. Haren lana askotarikoa izan zen, baina gehienbat saiakera eta antzerkia egin zuen.
  • Montesquieu (1689-1755). Filosofo, legelari eta saiakeragile frantsesa, Ilustrazioaren mugimendukoa. Kultura modernoari egindako funtsezko ekarpenengatik da ezaguna, horien artean, Estatuko botereen banaketaren tesia, gaur egungo gure errepubliken ordena erabakitzen duena.
  • Jean-Jacques Rousseau (1712-1778). Idazle, pedagogo, filosofo, musikari, botaniko eta naturalista suitzar hau Ilustrazioaren eta aurre-erromantizismoaren ordezkaritzat hartzen da, mugimendu ilustratuarekin zituen ezberdintasunak nabarmenak izan baitziren eta Voltaire eta beste autore batzuen aurkakotasuna irabazi baitzioten. Haren ideia politikoek ekarpen handia egin zioten Frantziako Iraultzari, eta haren lanik ospetsuenetako bat politikaren funtsezko testu bat da: Kontratu soziala (1762).
  • Denis Diderot (1713-1784). Idazle, filosofo eta entziklopedista frantses hau Ilustrazioaren figura erabakigarria izan zen, bere erudizio eta espiritu kritikoagatik ezaguna. Beren generoetan iraultzaileak izan ziren pieza batzuen egilea, hala nola Jacques le Fataliste eleberria (1780) eta garaiko dibulgazio-proiektu garrantzitsuenarena: Entziklopedia, edo Zientzien, Arteen eta Lanbideen Hiztegi Arrazoitua (1751).