Odolaren zirkulazioa: zainak urdinez, arteriak gorriz.

Odola gorputzeko likido gorri bat da, gorputzeko odol-hodietan (arteria, zain eta kapilarretan ibiltzen dena.

Odolaren osagai nagusiak hauek dira:

  • Alde batetik, odol-plasma: gehienbat ura duen likido horixka da. Odol-zelulek flotatzen dute bertan, eta mantenugaiak eta hondakin-substantziak ere badaude.
  • Bestetik, odol-zelulak: globulu gorriak (edo hematie edo eritrozitoak), globulu zuriak (edo leukozitoak) eta plaketak.

Globulu gorriak aldatu

Globulu gorriek gorputzarentzat funtsezkoak diren gasak garraiatzen dituzte: oxigenoa eta karbono-dioxidoa. Oxigenoa biriketatik gorputzeko organoetara eramaten dute; karbono dioxidoa, berriz, organoetatik biriketara.
Hain zuzen ere, globulu gorriek ematen diote odolari kolore gorria, odolean globulu gorriak baitira nagusi. Globulu gorriek, barruan, hemoglobina izeneko proteina bat daramate, eta hori da kolore gorri-gorria duena.

Globulu zuriak aldatu

Globulu zuriak gorputzaren babesleak dira. Globulu gorriak baino handiagoak dira, eta haien eginkizuna gorputza birusen eta gaitzen aurrean babestea da.

   Ba al dakizu   
Odola sei aldiz lodiagoa da ura baino.

Plaketak aldatu

Plaketak odol-zelula oso txikiak dira, odola koagulatzeaz edo pilatzeaz arduratzen direnak, zauri txiki bat egitean odol guztia ez galtzeko.

Odol-taldeak aldatu

Odol guztiak ez dira berdinak; lau odol-talde daude: A, B, O eta AB.
Odol talde bakoitzaren barruan, gainera, Rh positiboak (+) eta negatiboak (—) bereizten dira.

Odolaren zirkulazioa aldatu

Odolak, bihotzak bultzaturik, gorputz guztian egiten duen ibilbideari deitzen zaio zirkulazioa. Ibilbide hori bikoitza da:

  • Biriketako zirkulazioa: Odolak biriketatik pasatzeko egiten duen ibilbidea da. Fase honetan, bihotzean karbono dioxidoZ kargaturik dagoen odola birika-arteriatik atera eta biriketara heltzen da; han, karbono dioxidoa uzten du eta arnasketan hartu dugun oxigenoaz kargatzen da; azkenik, bihotzera itzultzen da birika-zainetik.
  • Zirkulazio orokorra: Odolak organismo osoan zehar (biriketan izan ezik) egiten duen ibilbidea da. Fase honetan, oxigenoz betetako odola bihotzetik irteten da aorta izeneko arteriatik eta gure gorputzeko atal eta zelula guztietara iristen da, oxigenoa garraiatuz; handik, karbono dioxidoa jaso eta bihotzera itzultzen da.

Odolaren ibilbidea aldatu

  1. Karbono dioxidoa daraman odola bihotzera heltzen da, eskuineko aurikulara; ondoren, bihotzak kaba zainetik barrena punpatzen du biriketaraino.
  2. Biriketan, odolak daraman karbono dioxidoa geratzen da, arnasketaren bidez gorputzetik kanporatzeko; eta arnasbideetatik iritsitako aireko oxigenoa hartzen du. Odol hori bihotzera doa gero, birika-zainetatik.
  3. Bihotzak odol "garbia" gorputz osora punpatzen du aorta izeneko arteriatik.
  4. Oxigenoa daraman odola heste meharretik pasatzen denean digestioan lortu ditugun mantenugaiak jasotzen ditu, oxigenoa eta mantenugaiak banatzen ditu gorputzeko zelulen artean, eta zelulek sortzen duten karbono dioxidoa eta hondakinak jasotzen ditu.
  5. Ondoren, Giltzurrunetara iristen da eta han iragazi eta garbitu egiten da; han utzitako hondakin gehienak gernu edo txizaren bidez kanporatzen ditugu, baina oraindik karbono dioxidoa darama. Odol "zikin" hori bihotzera doa gero, berriro zirkulazioari ekiteko.