Muskulu-sistema animalien sistema biologiko bat da, muskuluek eta tendoiek osatzen dutena eta gorputzaren mugimenduak egiten laguntzen duena. Muskuluen mugimendua nerbio-sistemaren bidez kontrolatzen da. Muskuluak mugitu egiten dira haiek osatzen dituzten ehun-izpi edo zuntzek uzkurtzeko gaitasuna dutelako; ehun-izpiak luzaxkak dira, hainbat nukleo dituzte eta luzatu eta uzkurtu daitezkeen zuntzez osatuta daude.
Muskuluek duten beste betekizun edo funtzio bat beroa sortzea da eta gorputzaren tenperatura 37 °C inguruan mantentzea da. Muskulu ildaskatuak dira betekizun hori dutenak.
Giza gorputzaren kasuan, 600 muskulutik gora ditugu.
Muskulu-motak
aldatuGizakion eta gainontzeko ugaztun gehienen muskulu-sisteman hiru muskulu-mota bereiz daitezke:
- Muskulu eskeletikoak: hezurrei lotuta daudenak. Nahita mugitu ditzakegu, gorputzaren mugimenduak bideratzeko. Muskulu ildaskatuak dira (ildaska edo izpi itxurako zuntzez osatuak). Muskulu hauek muturrak hezurretara lotuta daude tendoien bitartez; horrela, muskulu hauek uzkurtzen edo gogortzen ditugunean, hezurra mugitu egiten da hezurren arteko giltzaduraren bitartez. Muskulu eskeletikoek, hezurdurarekin batera, lokomozio-aparatua osatzen dute.
- Muskulu lisoak: barne-organo batzuetan (giltzurrunak, zainak, hesteak, urdaila, maskuria, etab.) aurkitzen direnak. Ezin ditugu nahita mugitu. Muskulu hauek nerio-sistemaren bidez uzkurtzen direnean, organo horiek barruan dutena mugi daiteke. Muskulu lisoak arnasbideetan eta larru-azalean ere baditugu.
- Muskulu kardiakoa: bihotzeko paretak osatzen dituen muskulu ildaskatua da. Mugitu egiten da, odola ponpatzeko, baina bere kasa mugitzen da, ezin dugu mugitu edo erlaxatu gure nahiaren arabera.
Mugimenduko funtzioaren arabera
aldatuMuskuluak sailkatzeko beste modu bat mugimenduetan duten funtzioen araberakoa da. Izan ere, gorputz atalak mugitu ahal izateko, muskuluak uzkurtu eta laxatu egin behar izaten dira; baina mugimendua ez da gertatzen muskulu bakar baten bidez, hainbat muskulu mugitzen baitira aldi berean horretarako. Hortaz, mugimenduan duten parte hartzearen arabera, honako muskuluak daude:
- Muskulu agonistak: mugimendua eragiteko uzkurtzen direnak eta, beraz, mugimendua egiteko behar den indarra ematen dutenak.
- Muskulu antagonistak: muskulu agonisten mugimenduaren kontrakoa egiten dutenak (muskulu agonista uzkurtzen bada, muskulu antagonistak laxatu egiten dira).
- Muskulu sinergistak: agonistei mugimendua egiten laguntzen dietenak, hori izan gabe haien funtzio nagusia.
Adibidez, belaunaren flexioan, adibidez, agonistak uzkurtuta egongo diren iskiotibialak dira (izterraren atzealdeko muskuluak); antagonista, berriz, koadrizepsa izaten da, luzatuta eta erlaxatuta egoten baita, baina nolabaiteko tentsioarekin, gehiegi ez luzatzeko; eta sinergistak abduktoreak dira, bigarren mailako funtzioetako bat belauna malgutzea baita.
Hortaz, gorputzaren mugimenduak ekintza konplexuak dira: hainbat muskuluk parte hartu behar izaten dute, bakoitzak bere funtzioarekin, nahiz haietako bat izan mugimendua eragiten duen muskulu nagusia.