Momo Michael Ende izeneko alemaniar idazleak idatzitako eleberri bat da, fantasiazkoa; haur eta gazteentzako liburua da, eta 1973an agertu zen lehen aldiz alemanieraz, eta 40 hizkuntza baino gehiagotara itzulita dago. Euskaraz, 1998an argitaratu zen lehen aldiz, Agustin Otsoa de Eriberen itzulpenarekin, Alfaguara-Desclée de Brouwer argitaletxearen eskutik; bigarren itzulpen bat egin zuen Ainhoa Basterretxeak eta 1998. urtean argitaratu zuen Alfaguara-Zubia argitaletxeak; 2019an, hirugarren itzulpen bat argitaratu zen euskaraz, Mikel Babianok egina eta
Michael Endek Italian, Erroma inguruko Genzano di Roma herrian bizi zela idatzi zuen liburu hau. Gazte Literaturako Alemaniako Saria irabazi zuen 1974an eta, harrezkero, haren liburu saldu eta itzulienetarikoa da, Amaigabeko istorioaren atzetik. Film batzuk egin dira liburu honetan oinarrituta (Johannes Schaaf, 1986; Enzo d’Aló, 2001); azkenengoa italieraz egin zen, eta euskaraz ere ikusi ahal izan zen.
Liburuak zer kontatzen du?
aldatuLiburuko pertsonaia nagusia Momo izeneko neskato bat da; ez du gurasorik, eta antzinako anfiteatro baten hondakinetan bizi da, bere kontura, hiri handi baten kanpoaldean. Auzokideek asko maite dute eta lagun asko ditu, baina bi dira haren adiskide minak: Beppo eta Gigi. Beppo kale-garbitzailea da, eta Gigik gidari lanak egiten ditu turistentzat eta ipuinak kontatzea gustatzen zaio; berarekin doazen turisten arabera egokitu edo asmatzen ditu ipuinak, antzokiaren historiari buruz. Momori lagunekin jolastea gustatzen zaio, eta, gainera, badauka dohain berezi bat: isil-isilik entzutea. Horri esker, auzokide eta lagunen arazoak konpontzea lortzen du.
Bigarren atalean, Momoren bizitza hankaz gora jarriko duten pertsonaia batzuk agertuko dira: jaun grisak. Izaki dotore bezain beldurgarriak dira, beti eta beti traje, kapela eta puru grisa daramatzatenak. Hiriko biztanleekin elkartzen direnean, Denboraren Aurrezki Kutxatik datozela esan eta bizimodu moderno eta erosoagoa eskainiko diete. Horren truke, biztanleek lan handiagoa egin beharko dute, nekatu egingo dira, eta, beraz, jaun grisek denbora lapurtuko diete. Gutxinaka, Momok lagun gehienak galduko ditu, denak lanean ari direlako eta berarekin egoteko astirik ez dutelako. Hori dela eta, Momok eta hiriko umeek jaun grisen aurkako manifestazio izugarri bat antolatuko dute, baina helduek ez diete jaramonik egingo. Kasiopea izeneko dortokari esker, Momok Ordu izeneko maisua ezagutuko du, eta hark denboraren sekretua kontatuko dio, bai eta esan ere jaun grisek denbora preziatua zergatik lapurtu nahi dieten gizakiei.
Hirugarren atalean, Momok borroka egin beharko du jaun grisen kontra. Baina bakarrik dago, Beppo eta Gigi ere haien atzaparretan erori baitira. Neskatila jaun grisen lurpeko Aurrezki Kutxara joango da, haiek gizakiei lapurtu zieten denbora topatu eta "askatzeko". Momok jaun grisak menderatuko ditu eta, horri esker, jaun grisek lapurtutako denbora berreskuratuko du hiriko jendeak.