Txikipedia:Kate trofikoa» orritik birbideratua)
Kate trofikoaren azalpen grafikoa

Kate trofiko edo elika-kate batek deskribatzen du organismoek nola jaten duten elkar, landare batetik hasi eta animalia batekin bukatu arte. Ondoko irudian duzu kate trofikoaren adibide bat.

Bizirik dauden landare eta animalia guztiek energia behar dute bizirauteko. Landareek lurra, ura eta eguzkia behar dituzte energia hori lortzeko. Animaliek landareak eta beste animalia batzuk behar dituzte elikagaiak lortu eta horrela bizirauteko energia lortzeko. Ekosistema batean, landareek eta animaliek elkarren beharra dute bizitzeko. Zientzialariek harreman hau kate trofikoaren edo elika-katearen bidez azaltzen dute. Kate horretako maila bakoitza aurreko mailaz elikatzen da.

Kate trofikoen mailakAldatu

Kateko maila bakoitzari maila trofiko deitzen zaio, eta maila trofiko bakoitzeko espezieek harreman zuzena dute katean gorago edo beherago dauden espezieekin. Goian daudenak azpian daudenen harrapariak dira (azpikoak jaten dituzte), eta azpian daudenak goian daudenen harrapakinak dira (goikoek jaten dituzte).

Kate trofikoak hiru maila ditu:

  • Ekoizleak: eguzkiaren energia fotosintesiaren bidez lortzen duten landareak dira, horrela gainerako kate trofikoarentzat energia hori sortzeko.
  • Kontsumitzaileak: energia kontsumitu bakarrik egiten dute, sortu gabe. Landareak jaten dituzten animaliak lehen mailako kontsumitzaileak edo belarjaleak dira, eta beste animalia batzuk jaten dituztenak bigarren mailako kontsumitzaileak edo haragijaleak dira; haragijale batek beste haragijale bat jaten duenean, hirugarren mailako kontsumitzaile deitzen zaio. Badaude hiru mailatan sartzen diren animaliak ere, landareak, animalia belarjaleak eta animalia haragijaleak jaten dituztelako; orojaleak deitzen zaie. Goiko mailan dauden espezieak ez dira gainerako espezieen elikagai izaten normalean, eta horregatik deitzen zaie super-harrapariak.
  • Deskonposatzaileak: usteltzen edo deskonposatzen ari den materia jaten dute (hildako landareak eta animaliak, esaterako). Mantenugaiak lurrera itzultzen laguntzen dute, landareak elika daitezen. Deskonposatzaileak dira, adibidez, zizareak, bakterioak eta onddoak.

Kate trofikoan sortutako energia guztia ekoizleengandik dator, landareetatik alegia, eguzkiaren argiaren bidez fotosintesia egindakoan sortzen dutelako energia hori. Kate trofikoko gainerakoek energia erabili baino ez dute egiten. Beraz, zenbat eta maila gehiago igo kate trofikoan, orduan eta energia gutxiago egongo da erabilgarri. Horregatik, zenbat eta altuago kate trofikoan, orduan eta organismo gutxiago daude. Adibidez, zebra baino belar gehiago dago, eta lehoi baino zebra gehiago. Zebrek eta lehoiek energia kontsumitzen dute korrika egitean, ehizean aritzean edo arnastean.

Desorekak kate trofikoanAldatu

Tarteko elementu edo katebegi bat desagertzen denean, ekosistema desorekatu daiteke: espezie batzuk desager litezke, eta beste batzuk, aldiz, ugariegiak izan. Horrek ekosistema horren oreka biologikoa galtzea eragingo luke.

Horregatik, kate trofikoko maila guztiak dira garrantzitsuak: goiko mailek behekoak behar dituzte; nahiz eta lehoiek belarrik ez jan, ez lukete asko iraungo belarrik ez balego, orduan zebrek ez luketelako jatekorik izango.

Sare trofikoaAldatu

Ekosistema guztietan kate trofiko edo elika-kate bat baino gehiago dago; landare eta animalia gehienak kate trofiko askoren parte dira, hau da, kate horiek elkarrekin lotuta daude sare moduko bat sortuz. Horregatik, sare trofikoak esamoldea erabiltzen da.