Gosetearen biktima den ume bat 1945ean Indian.

Gosetea gertatzen da pertsona askok denbora luzean janari nahikoa eskuratu ezin dutenean. Gosete batean jendea gosez edo gaixotasunagatik hil daiteke. Mundu osoan egon dira goseteak historian zehar.

Besteak beste, Hondamen naturalek, lehorteek, lurrikarek eta uholdeek eragin ditzakete goseteak, uztak hondatzen direlako edo elikagaien banaketa zailduta gertatzen delako. Goseteak gerta daitezke, baita ere, intsektuek uztak hondatzen dituztelako, ezohiko eguraldi hotz edo beroa edota euri gehiegi egiten duelako eta gaixotasunen batek uztak edo ganadua kaltetzen dituztelako.

Gerrek ere eragiten dituzte goseteak hainbat arrazoirengatik: nekazariak soldadutzara deitzen dituztelako, biltegiratutako elikagaiak soldaduentzat direlako, eta blokeatutako errepideek elikagaien garraioa zailtzen dutelako.

Herrialde batzuetan jende gehiegi dago, eskuragarri dagoen janari kopuruarekin alderatuz. Herrialde horiek pobreak izan ohi dira eta ondorioz, are zailagoa da goseteari aurre egitea, ez baitute dirurik beste herrialdeei elikagaiak erosteko.

Elikagai mota bakarraren menpe egoteak ere gosetea eragin dezake. XIX. mendeko Irlandan adibidez, neurri handi batean, jendeak ia patata baino ez zeukan jateko eta 1845-1849an, pata-uzta guztia hondatu eta galdu zenean, milioi bat pertsona baino gehiago hil ziren gosez. Beraz, nekazaritzaren ikuspuntutik, goseterik ez gertatzeko, beharrezkoa da herrialdeetako elikagai-mota desberdinak ekoiztea.

Goseteak gutxitan hasten dira bat-batean; abisu-momentu bat egon ohi da, eta tarte horretan neurriak har daitezke. Gobernuetako agintariek elikagaiak gorde ditzakete badaezpada, eta ondoren, gose diren pertsonei eman. Beste herrialdeei ere laguntza eska diezaiekete.