Txantiloi:2018-4 Nabarmendutakoa

Eguzki-sistema da Eguzkiaren inguruan orbita ezberdinetan jirabiran dabiltzan objektu ezberdinak (planetak, planeta nanoak, sateliteak, asteroideak, kometak...) biltzen dituen Unibertsoaren zatia. Zentzu hertsian, Eguzkia eta bere inguruan grabitazioak itxita biratzen duten gorputzen multzoa da, biraketa hori zuzenekoa edo zeharkakoa izan daitekeelarik. Eguzkiaren inguruan zuzenean biratzen duten objekturik handienak zortzi planetak dira. Beste objektuak nabarmen txikiagoak dira, izan planeta nano edo Eguzki-sistemako gorputz txikiak. Modu ez zuzenean Eguzkiaren inguruan biratzen ari diren objektuetatik, planeten ilargiak, bi planetarik txikiena den Merkurio baino handiagoak dira.

Eguzki-sistema orain dela 4.600 milioi urte sortu zen, molekula laino baten grabitazio-kolapsoaren ondorioz. Sistemaren masaren zatirik handiena Eguzkian dago eta, ondoren, geratzen denaren gehiengoa Jupiterren. Barneko lau planetak, Merkurio, Artizarra, Lurra eta Marte planeta telurikoak dira, batez ere arroka eta metalez osatuak. Beste lau planetak planeta erraldoiak dira, telurikoak baino nabarmen handiago. Bi handienak, Jupiter eta Saturno gasezko erraldoiak dira, batez ere hidrogeno eta helioz osatuak. Kanpoko bi planetak, Urano eta Neptuno izotzezko erraldoiak dira, batez ere ura, amoniako eta metanoz osatuak. Zortzi planetek orbita ia zirkularrak dituzte, ekliptika deitzen den planoa ia laua jarraituz.