Txantiloi:2015-45 Nabarmendutakoa

1955 urtetik 1968 urtera bitartean gauzaturiko afroamerikarren eskubide zibilen aldeko mugimendua Estatu Batuetan izandako gizarte mugimendu eraldatzaile zenbaiten multzoa izan zen, helburu gisa zeukatenak afroamerikarrek pairatzen zuten arraza-diskriminazioa legez kanpo uztea eta Estatu Batuen Hegoaldeko estatuetan boto-eskubidea berrezartzea. Black Power Movement delakoaren agerpenarekin, zeinak gutxi gorabehera 1966tik 1975era bitartean iraun baitzuen, eskubide zibilen aldeko mugimenduaren helburuei gehitu zitzaizkien arraza-duintasuna, buruaskitasun ekonomiko eta politikoa, eta zuriengandiko zapalkuntzatik askatzea. 1955-1968 epean, desobedientzia zibileko eta indarkeriarik gabeko protesta-ekintzek krisi-egoerak sortu zituzten aktibisten eta agintarien artean. Gobernuek, negozioek, hezkuntza-erakundeek eta erkidegoek, hala maila federalekoek nola estatukoek eta udalerrietakoek, sarritan berehalako erantzuna eman behar izan zieten afroamerikarren berdintasunik eza agerian uzten zuten krisi-egoerei. Protesta egiteko eta desobedientzia zibilerako baliatu ziren, besteak beste, boikotak, hala nola Montgomery-ko Autobusen Boikota (Montgomery, Alabama, 1955-1956); eserialdiak, hala nola Greensboro-ko eserialdi eraginkorra (Greensboro, Ipar Carolina, 1960); martxak, Selma-tik Montgomery-rako martxak (Alabama, 1965) bezalakoak; eta indarkeriarik gabeko mota askotako beste zenbait jarduera.