Txantiloi:2012-42 Nabarmendutakoa

Donostiako setioa Espainiako Independentzia Gerra garaian gertatu zen gudua izan zen, 1813ko uztailaren 7 eta irailaren 8 artean hain zuzen ere. 1813ko ekainaren 21ean Gasteizko guduan garaipena lortu ondoren, Wellingtonen armada mendebaldeko Pirinioetara joan zen Nicolas Soult mariskalaren tropei aurre egiteko. Baina erretagoardian etsairik ez izateko eta baita hornigaiak lortzeko portua izateko, Wellingtonek Donostia setiatzea erabaki zuen. Erasoaldiak uztailaren 7an hasi ziren. Wellingtonek berak zuzendu zuen erasoa uztailaren 25ean. Hala ere, garaipena lortu ez eta Soultek armada berrantolatzeko denbora izan zuen. Aliatuek setioa utzi eta Nafarroara joan ziren Pirinioetako guduan parte hartzeko. Lehendabiziko setioan britainiarrek 693 erori eta 316 preso izan zituzten, Louis Emmanuel Rey jeneralak berriz 58 hildako eta 258 zauritu izan zituen bere tropan. Soult Ipar Euskal Herrira bidali eta gero, Wellington abuztuaren 8an itzuli zen Donostiara bigarren setio baterako. Hiriko harresiaren aurkako artilleria eraso baten ondoren, ingelesek hiria hartu eta frantziarrek Urgullen zuten gotorlekura joan ziren. Urgull eraso bitartean, ingeles-portugaldar armadak, tartean ofizialek ere, astebete eman zuten hiria arpilatzen eta erretzen. Hiriak zituen 600 etxeetatik 35 besterik ez ziren zutik geratu; 1.000 donostiar inguru babesik gabe tiroz edo baionetaz erail zituzten; tropek eta haien ofizialek emakumeak —zahar nahiz neskatoak ere— sistematikoki bortxatu zituzten. Sarraskia gogoratzeko, urtero abuztuaren 31n kandelak pizten dituzte Donostian.