Txantiloi:2007-11eko Euskal Wikiatlas artikulua
Bilboko metro sarea Bilbo hiriko eta ingurune metropolitarreko lurrazpiko garraiobidea edo metroa da. Ingurune metropolitarra Nerbioiko itsasadarraren bi bazterrek osatzen dute, alegia, Bilboaldea eta Uribe Kosta eskualdeek, eta milioi bat biztanle inguru batzen ditu. Geltokiak Norman Foster arkitekto ingelesak diseinatu zituen.
Metroa 1995ean abiatu zen. Gaur egun 43,31 kilometroko luzera eta 75 sarbide ditu, 41 geltokitan banatuta; geltoki horietatik 24, lurrazpikoak dira. Sareak bi linea ditu, Y itxurako ibilbidearekin. L1 (Etxebarri-Plentzia) eta L2 (Basauri-Santurtzi) lineak itsasadarraren bi ertzetatik doaz, eta tarte komun batean batzen dira, hots, San Ignazioko geltokian, Bilbon. Geltoki horretatik Etxebarriko geltokia arte, bi lineak batera doaz. Etxebarritik Basaurirainoko tartea, aldiz, L2 lineak egiten du. Bestalde, L2 linearen mendebaldean anezka trena dago Santurtzi eta Mamariga artean.
2010. urtean metroak zehazki 88.561.281 bidaiari eraman zituen. Horrek esan nahi du Bilboko metroa Espainia osoko metro sareen artean hirugarrena dela, Madrilgo eta Bartzelonako metro sareen atzetik bidaiari gehien garraiatzen dituena.
Etorkizunean L3 linea ere sarearen parte izango da, 2012. urtean martxan jartzea espero baita. Bestalde, 2008ko urtarrilaren 25ean Eusko Jaurlaritzak lehen aldiz argitaratu zituen L4 eta L5 lineen aurreibilbideak.