Literatura barrokoa
Literatura barrokoa XVII. mendean Europan garatu zen higikunde literarioa da. Ikusmolde orokorra hartzen badugu, alegia, herrialde jakinetako literaturak aztertzen hasiz gero, barrokoko beste arte moten ondorioa izan zen.
Barrokoaren definizioa
aldatuLiteratura barrokoa arteetako barrokoaren atzetik etorri zen eta, horrekiko analogiaz, 1910etik aurrera bereziki, saiatu ziren adituak literatura hori kokatzen eta definitzen. 1922an, T. Spoerrek Torquato Tassoren «barrokoa» Ludovico Ariostoren «Berpizkunde» estiloari kontrajarri zionean, Heinrich Wölfflinen analisietan oinarritzen zen, esplizituki oinarritu ere; eta, hala ere, Wolfflinek berak bi poeta horien arteko paralelotasun bat egin zuen nolabait ere, bere ikasleen hausnarketak bideratu nahian bezala. Berpizkundea eta barrokoa (1888) eta, batez ere, Artearen historiaren oinarrizko kontzeptuak (1915) obretan, Berpizkundekoei kontrajarririk ahalegindu zen Wölfflin barrokoaren estetikaren ezaugarriak zehazten, batez ere margolaritzan.
Wölfflinek bi forma sistema guztiz desberdinen kontrajartzea azpimarratu zuen:
- Berpizkundeko arte klasikoari dagokion forma sistema, ezaugarri hauek dituena: lerroak bere inguruen eta planoen baitan mugatzen eta zehazten ditu gauzak, ikuspena gainaldekoa da, forma itxia eta simetrikoa da, eta konposizioan argitasuna eta aniztasuna nagusitzen dira. Aniztasun horri esker, parteek osotasun harmonikoa eratzen dute, aldi berean beren izatea gordez.
- barrokoari dagokiona, ezaugarri hauekin: kolorea eta masa lerroari nagusitzen zaizkio, eta era horretara formak iradokitzen ditu; osagaiak sakontasunean ikusten eta antolatzen dira; forma irekia da, eta tentsiorik eta simetriarik ezak forma hori erabidean dagoela adierazten du; artelanak batasuna edo konposizio sintetikoa du, askotan gai nagusi baten mendeko izateak bateratzen baititu parteak; eta argitasuna ez da dagoeneko artelanaren helburu nagusia.
Wölfflinen iritzian, kategoria hori margolaritzatik kanpora ere erabili beharra zegoen, eta bereziki literaturara aplikatzea komeni zen. Hala, lehen esan den bezala, haretxek kontrajarri zituen Ludovico Ariostoren Orlando haserre (1516) Berpizkundeko estiloaren eredu gisa, eta Torquato Tassoren Jerusalem aske (1575), barrokoarena.
Barrokoaren inguruko joerak
aldatuLehen esan den bezala, Europako herri katolikoetan loratu zen gehienbat barrokoa: Espainian, Italian eta Frantzian. Italiak, esana dago, XVII. mendean galdu zuen urte askoan izan zuen kultura gidaritza. Espainian aurkitu zuen estilo honek eremu egokiena, besteak beste, Kontraerreformak bertan izan zuen indarragatik. Espainian, gainera, bat egin zuten barrokoaren garaiak eta Urrezko Mendea deritzanak, espainiar idazle handienak eman zituen hark (nolanahi ere, eta handiak direlako, huts-hutsik barrokoak ez direnak, ezin sailkatuzkoak baizik): Cervantes, Calderon de la Barca, Lope de Vega, Gongora, Quevedo. Espainian sortuak dira ia literatura genero izatera ere iritsi diren idazmolde batzuk; bi dira horietan garrantzitsuenak, kontzeptismoa eta kulteranismoa.
Kontzeptismoa
aldatuGaztelaniazko conceptismo hitzetik dator kontzeptismo hitza, eta orobat kontzeptua. Arrastoa eta puntua, zorroztasuna, bat-bateko burutapena, paradoxa eta anbiguotasuna, ideia distiratsua eta ustekabekoa, hermetismoaren eta sakontasunaren uztartzea, horiek guztiak dira kontzeptismoaren ezaugarriak. Kultismoa edo kulteranismoa ez bezala -honek enuntziatua edo sintaxia nahi adina konplikatzen baitu-, ideiarekin jolasten da idazle kontzeptista. Kontzeptismoak, zeinuen eta gauzen artean, hizkuntzaren eta munduaren artean analogiazko harreman bat dagoelako ustean oinarriturik, munduaren interpretazio bat proposatzen du, ikurrek proposatzen duten bezala. Modu orokorragoan, Ramón Menéndez Pidal espainiar filologoaren arabera, «elkar argitzen duten bi ideien konparazio atsegina eta, oro har, modu laster eta garratzez adierazten den pentsamendu zorrotza dago kontzeptismoaren funtsean».
Alonso de Ledesma (1562-1623) hartzen da genero honetako lehen idazletzat; harenak dira Conceptos espirituales («Kontzeptu espiritualak»), Romancero y el monstruo imaginado («Erromantzeak eta munstro irudikatua»), Epigramas y Hieroglíficos («Epigramak eta Hieroglifoak»). Kontzeptismoak baditu aurrekariak, Erdi Aroan (Cancionero de Palacio, gorteko cancionero edo kantutegia), eta Berpizkundeko poeta handiengan (Garcilaso de la Vega, frai Luis Leongoa, San Joan Gurutzekoa). Geroago, XVI. eta XVII. mendeetako literatura guztira zabaldu zen.
Kontzeptismoa eta kulteranismoa alderaturik, bada xehetasun bitxi bat, alegia, zeinek bere lekua (geografikoa) izan zuela Espainian: Gaztela eta Aragoi kontzeptismoak; Andaluzia kulteranismoak. Alabaina, bi sistema hauek elkarrengana hurbildu ziren, eta baita bat egin ere, Baltasar Gracianen Agudeza y arte de ingenio (1648, «Zorroztasuna eta antzea») obran. Idazlan hori aldi berean da kontzeptismoaren doktrina eta poeta kontzeptisten antologia. Francisco de Quevedorengan (1580-1645), huraxe baita estilo honetako beste irudi handia, isekaren eta txantxaren aldera egiten du kontzeptismoak, satiraren edo umorearen aldera.
Kontzeptismoan edota kulteranismoan oinarrituko ziren geroago espainiar literaturako obra handiak. Hala ere, XX. mendean, honela zioen barrokoaren arerio zen idazle handi batek, Antonio Machadok: «Kulteranismoa eta kontzeptismoa (...) hutsaltasun bat eta beraren bi adierazpen dira».
Kultismoa edo kulteranismoa
aldatuCulteranismo da estilo honen jatorrian dagoen gaztelaniazko hitza, XVII. mendearen hasieran sortua, luteranismo hitza eredutzat erabilita. Hobe da agian kulteranismo esapidea erabiltzea; kultismo kontzeptuak, izan ere, hitz jantzia adierazten baitu, usadiozko lege fonetikoak baztertzen dituena. Kulteranismo hitza, gutxiespenezkoa hasieran, Bartolome Jimenez Paton (1569-1640) humanistak erabili omen zuen aurreneko aldiz. Estilo hanpatua adierazten du, puztua, latinaren sintaxia imitatzen duena, hitz arraro, neologismo edo arkaismoez hornitua.
Erreferentzia mitologikoak, aipamen pedanteak, literatura klasikotik eta literatura atzerritarretatik hartutako maileguak, horiek guztiak dira espainiar barrokoaren baitako genero honen ezaugarriak. Horren kideko izan ziren Ingalaterrako eufuismoa, eta orobat Italiako marinismoa. Eufuismoa ingelesezko euphuism hitzetik dator, eta hitz hori berriz John Lylyren Euphues obratik (1580) eratorria da; ezaugarri nagusiak ditu italiar eta espainiar humanistetatik hartutako egitura latinzalea, bitxikeria erretorikoz, adjektibo nahasiz eta metafora zailez apaindua. Marinismoak berriz Giambattista Marino (1569-1625) italiar olerkaria hartzen du gogoan; Adone du lan nagusia, 45.000 bertsoz osatutako mitologiako olerkia.
Metaforak, ikuspen eta entzumenezko irudiak, gai bitxiak, ugariak dira kulteranismoaren literatura honetan. Luis Carrillo y Sotomayorren Libro de erudicion poetica (1611, «Erudizio poetikoaren liburua»), kulteranismoaren manifestu moduko bat da: «Poesiaren lanak arruntasunerako jaioak direla uste duenak huts egiten bide du» dio bertan. Carrilloren Fabula de Acis («Azisen elezaharra») obrak gauzatu zituen printzipio horiek. Baina Luis de Góngora (1561-1627) da, ezbairik gabe, kulteranismoaren irudi nagusia; haren Polifemo-k eraman zuen estilo hau bere gailurrera. Satira olde izugarria eta errukirik gabea iritsi zitzaion ordainetan: Quevedok nahi adina iseka eta irri egin zion; hiperbatonaren kontrako borrokari heldu zion Lope de Vegak. Humanistek ere, Pedro de Valencia eta Francisco Cascales ordezkari harturik, gogor ekin zioten Góngoraren kontrako erasoari. Alabaina, aldezle sutsuak ere izan zituen kulteranismoak: Francisco de Trillo y Figueroa, Juan de Espinosa Medrano, José García de Salcedo Coronel.
Góngoraz gainera, bigarren mailakoak ere ez ziren idazleek ere landu zuten kulteranismoa: Juan de Tassis y Peralta (Faetonen elezaharra, Nikeako aintza), Pedro Soto de Rojas (Paradisu askorentzako itxia, lorategi gutxirentzako irekiak), Salvador Jacinto Polo de Medina, Gabriel Bocángel... Areago, sarritan landu zuten estilo hau, eta bikain gainera, estilo horren berorren etsai gogorrenek. Espainiako poesia modernoaren joera aberatsenen jatorrian -27ko belaunaldiarenean adibidez- garrantzizko osagaia izan da.
Barrokismoa
aldatuBerpizkundeko estiloaren aldaketa gisa definitzen bada barrokoa -hasieran, Berpizkundekoak berak ziren barrokoaren gaiak eta adierazmoldeak, baina gehiegikeriara jo zuten pixkana-pixkana-, barrokismoaz esan daiteke «klasizismoaren orekaren, harmoniaren, argitasun arrazionalaren galera dela» (Emilio Orozco). Helmut Hatzfeldek barrokoaren bihurritze baten moduan interpretatu du, manierismoa «Berpizkunde bihurritua (amaneratua)» den bezala. Zentzu honetan, barrokismoaren adibidetzat aipatzen ditu Giambattista Marino (1569-1625) Italian, Calderon de la Barca (1600-1681) Espainian, eta François Fénelon (1651-1715) Frantzian. Aldi berean, barrokoaren eredutzat hartzen ditu, hurrenez hurren, Torquato Tasso, Miguel de Cervantes eta Jean Racine.
Barrokismo hitzaren balioa, literatura estilo bat eta horri dagokion garaia izendatzen duen neurrian, maiz eztabaidatu da. Izan ere, Espainian Cervantes barrokoaren baitan sailkatzea eztabaidagarria den bezalaxe, era berean izan daiteke eztabaidagarria barrokismoa barrokoaren bihurritze gisa hartzea.
Barrokismoa, azken finean, barrokoaren inguruko joera da, eta kontrasteen bategitea du ezaugarri nagusia, Damaso Alonsok dioen bezala: «Barrokismoa coincidentia oppositorum handi bat da», eta orobat da errealitate desberdinen talka, «izadiaren eta artearen, grinaren eta balaztaren, bultzada nahasiaren eta arauaren, argitasunaren eta iluntasunaren talka». Kritikari horren beraren arabera, badira barrokismoaren adibideak ez bakarrik Calderónengan (bera da barrokoaren «indarkeria eta joritasuna» sistematizatzeko egin zen ahaleginaren ikurra), baita Lope de Vegarengan ere (zeinak estilo horretan parte hartzen baitu «Góngorak baino ugaritasun handiagoz eta are indar handiagoz»), eta orobat Góngorarengan eta Quevedorengan, zeinak estetika molde honen bi aurpegiak osatzen baitituzte: «Barrokismoak, alde batetik errealitatea goresten badu ere, mundu ideal argitsu bat bihurtzen duen arte (Góngorarena), beste alde batetik lurpeko munstro moduko batean murgilarazten du errealitatea (Gongoraren alderdi ilunena, eta areago Quevedorena)».
Ez da harritzekoa Polifemo-n estilo horren sintesi bat ikusi izana. Poema horretan, Europako tradizioko edertasunaren kontzeptuaren aurrez aurre -Petrarcarengandik zetorren kontzeptu hori- ikusmolde berri bat ekarri zuen barrokoak. Góngoraren ikusmolde berrian, tradizio hori «mehatxuzko erauntsi zurrunbilotsu batean dago bildua, Ziklopearen maitasun erraldoiak Galatearen gozotasuna eta grazia biltzen zuen bezala. Bultzada hori nondik datorren ez dakigu: paisaia ilunetan adierazten da, eta harritzen arteko leku mortuetan, Ziklopearen leize-zuloan bezala. Oldar izugarrietan lehertzen da, Polifemoren maitasuna eta gorrotoa bezala. Siziliako emankortasun izugarrian irakiten du, hango gari eta mahasti alorretan. Polifemoren elezaharra, bere munstrokerian eta bere edertasunean, barrokismo trinkotua da, haren erakusgarri ereduzkoa».
Rokokoa
aldatuFrantsesezko rocaille hitzetik («harrikozkor» esangura du) dator rokoko hitza. Jatorrian, arkitekturan eta arte plastikoetan harkaitzaren itxura edo imitatzen duen arte lana adierazteko erabili zen; hortik soini zen architecture rocaille esapidea. XIX. mendean hasi zen kontzeptu hau artearen historian erabiltzen, eta geroxeago igaro zen literaturaren historiara, XVIII. mendeko idazle batzuek landu zuten estilo jakin bat izendatzeko. Hauek dira idazle horien lanetan nagusi diren gaiak eta ezaugarri estilistikoak: lasaitasun, bakuntasun eta tolesgabetasunaren iturri izanik izadia, izadiarekiko harremanak dakar zoriona; intimitatea defenditu beharra dago, maila pertsonalean nahiz arte lanetan; izadiko bizimodu naturalak eskaintzen dituen gozamenak balioesten dira; samurtasunez, eztitasunez eta orobat erotismo fin batez adierazten dira adiskidetasuna eta maitasuna. Rokoko joerako idazleengan, gai horiez gainera, estilo preziosista bat sumatzen da, halako dotoretasun azaleko bat, ironiaren zaletasuna, nolabaiteko sentimentalismoa, eta malenkoniazko tonu arina.
Joera hau Frantzian zabaldu zen aurrena, Pierre de Marivauxen (1688-1763) obra dramatikoaren bidez (maurivadage hitzak rokokoaren sentikortasun hau aipatzen du hain zuzen), eta Claude Crebillonen eleberrien bitartez (Sofa, ipuin morala, 1745). Rokokoaren estetikaren alderdi batzuk (ironiaren zaletasuna, sentimentalismoa eta malenkoniazko tonua), sumatzen dira halaber Voltaire, Rousseau eta Prevosten lanetan, hurrenez hurren.
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2014/8/30 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.