Teoria Monetario Modernoa

Teoria Monetario Modernoa (MMT, bere ingelesezko siglengatik) azken urteetan garatutako ikuspegi ekonomiko berri bat da. Bere sorrera 1990eko hamarkadan aurkitu daitekeen arren, azken urteetan hartu du pisua arlo akademikoan eta publikoko sektore batzuen arteko eztabaidetan (bereziki Ameriketako Estatu Batuetan). Azken urteetako ortodoxia neoliberalaren aurkako ideiak planteatzen ditu. Teoria honek kritikak jaso izan ditu bai eskuin politikotik bai ezker politikotik (adibidez: marxismotik). Espainia mailan, teoria honen defendatzaile nagusietakoa Eduardo Garzón ekonomialaria da.

Orokorrean, Teoria Monetario Orokorrak austeritatea kritikatzen du Estatuaren kontuak orokortzeko modu gisa. Era berean, ukatu egiten du Estatuak zergak behar dituenik bere gastua finantzatzeko (hau ez litzateke beharrezkoa diru eskaintza kontrolatuko balu). Tesi garrantzitsuenetako bi diru eskaintza handitzeak (dirua "inprimatzeak") ez duela inflazioa zertan ekarri eta Estatuak etxe ekonomia bat bezala funtzionatzen ez duela dira.[1]

Teoria aldatu

Dirua magnitude abstraktu gisa aldatu

MMT-k teoria ortodoxoen aurkako ikuspegi bat du diruaren inguruan. Teoria hauen aburuz, dirua gainerako produktuen balioa neurtzeko tresna da. Historian zehar hainbat produktu erabili dira besteen balioaren neurri komun gisa, famatuenak metal preziatuak izanik (urrea eta zilarra bereziki). Dirua trukeentzako neurri gisa erabiltzeko jaio zen.

MMT-k ez du dirua "gauza" bat bezala ulertzen. Dirua zorrak adierazteko erabiltzen da. Dirua magnitude abstraktu bat da, distantzia edo bolumena bezala. Magnitude hauek ezin ditugu ukitu, gure ideietan existitzen dira soilik. Dirua ez da gauza bat, ideia bat baizik. Distantzia metrotan neurtzen den moduan, dirua eurotan neurtu liteke (txanponetan). Garrantzitsuena, hortaz, ez da instrumentua (txanponak edo billeteak), horren atzean dagoen ideia abstraktua baizik (dirua, zorren adierazpena). 2 euroko txanpon baten ez du txanpon horren materialak balio dutena balio, 2 euro balio ditu. Zigilu bera beste material batean jarriko balitz, material horrek 2 euro balioko lituzke (eta ez material hori ekoiztea berez kostatzen dena).

Adibide argi bat kreditu-txartelen eta kontu-korronteen bidezko eragiketa finantzarioak dira. Hauetan ez dago inolako materialik jokoan, baina dirua mugitzen ari da.

MMT-k, beraz, gaur egun diru sorrera inolako material bati lotuta ez dagoela dio. Internet bidez egiten ditugun truke guztiek ez dute inolako euskarri materialik. Hortaz, diru eskaintza ez da material batera lotuta egon behar. Aitzina, dirua urre erreserben arabera eskaintzen zen (urre patroian), Estatuak urre gehiago bazuen txanpon gehiago sortu zitzakeen (eta aldrebes). MMT-rentzat, gaur egun, dirua sortzeko muga bakarra ekonomiak diru hori xurgatzeko duen ahalmena da. Ekonomiak diru gehiago xurgatu bedezake, ez litzateke inolako arazorik egongo diru gehiago sortzearekin (izatez, onurak ekarri beharko lituzke).

Diruaren sorrera ez dago jada materialek murriztuta. Litroak eta metroak neurtzeko nahi ditugun zenbaki adina sortu ditzakegun moduan, nahi dugun euro kopurua sor dezakegu transakzio eta ordainketak neurtzeko.

Dirua magnitude abstraktua bada, ezin da bukatu (matematikari bat ezin da zenbakirik gabe geratu), dirua murrizketarik gabe sor daitekeen zenbaki bat da, ez dago naturaren baliabideen menpe.

MMT-k onartzen du diru gehiegi sortzeak inflazioa ekar dezakeela, baina inflaziora iristeko marra gorria ez dago urre edo zilarrarekin lotuta, ekonomia batek sortu ditzakeen ondasun eta zerbitzuen balioarekin baizik.[2]

Diruaren sorrera aldatu

Diruaren sorreraren teoria hedatuenek antzinako gizarteek trukea erabiltzen zutela diote, hau da, ondasun batzuk beste batzuen truke trukatzen zituztela. Praktika honek arazoak ekartzen zituenez, ondasun bakar bat besteen baliokide komun bezala erabiltzea adostu omen zen. Ondasun honek, denboran zehar, forma ezberdina hartu zituen (maskorrak, gatza, zilarra, urrea...). Hau izan omen zen diruaren sorrera (zure ondasuna diru bezala funtzionatzen zuen ondasunaren truke aldatu beharko zenuke, lortutako ondasun/diru hori nahiko zenukeen ondasunean erabiltzeko; adibidez: garia zilarraren truke saldu, zilar horren bitartez artilea erosteko; garia zuzenean artilearekin trukatu ordez).

MMT-k azalpen hau baztertu egiten du, enpirikoki frogatuta ez dagoelakoan. Zenbait antropologoren iritziz, antzinako gizarteek ez omen zuten trukearen bitartez funtzionatzen eta, hortaz, dirua ezin da hortik sortu. Dirua ez zen inoiz objektu bat izan, magnitude bat baizik, ordainketak neurtzeko magnitude bat. Eliteek gizarteko baliabide garrantzitsuenak bere gain hartzen zituzten (zergen bidez), ondoren erabaki politikoen arabera gizartearen artean modu batean edo bestean banatzeko. Zergen bidez bildutakoa neurtzeko eta banatutako neurtzeko, dirua sortu zen (dirua magnitude gisa). Ezberdinak ziren produktuak neurtzeko eta transakzioak apuntatzeko magnitude bat behar zuten. Adibide bat Sumeriako silas-ak izango lirateke.

Dirua, hortaz, neurketa sistema bezala sortu zen (luzera edo bolumena bezala). Magnitude hori adierazteko txanpona, billeteak eta kontu korronteak erabiltzen ditugu gaur egun (luzera adierazteko metroak eta bolumena adierazteko litroak erabiltzen ditugunez). Magnitude hau gizarteko eliteek inposatutakoa izango zen, gizartearen sorkuntza bat; eta ez naturalki sortutako zerbait.[3]

Baina, nola lortu zuten eliteek haiek zehaztutako dirua gizarte osoan erabili izatea (bai antzinako Sumerian eta bai gaur egun?)

Sumerian, buztin oholtxoak entregatzen ziren silas kopuru jakin bat jasotzeko eskubidea aitortzeko. Oholtxo hauek zergak ordaintzeko aukera ematen zuten. Estatuari zerga produktu batekin ordaindu ordez, oholtxo batekin ordaindu zakiokeen (silas kopuru jakin bat jasotzeko eskubideari uko eginez). Eliteentzat hau metodo baliagarria zen, azken finean, 10 silas irabaztea eta 10 silas galtzeari uztea gauza bera lirateke. Gobernariek, hortaz, haiek sortutako silas oholtxoak onartzen hasi ziren zergak ordaintzeko modu gisa. Dirua ez zen bere materialak zuen balioarengatik erabiltzen, zergak ordaintzeko beharrezkoa zelako erabiltzen zen. Hortaz, jende guztiak nahi zuen dirua eduki.

Modu honetan, oholtxoak biztanleria guztiarentzako bihurtu ziren erabilgarri, edonork erabil zitzakeelako zergak ordaintzeko edo beste biztanle batzuekin transakzioak egiteko.

Dirua, honen arabera, estatuak biztanleei emandako kreditua litzateke biztanleentzat, estatuarentzat biztanleekiko zor bat izango zelarik. Estatuak, bere indarraren bitartez, diru horren erabilera inposatu dezake. Adibidez, estatuak zergak soilik eurotan jasoko dituela badio, biztanle guztiak behartuta daude euroak edukitzera (bestela ezingo dituzte zergak ordaindu eta arazo baten aurrean aurkituko dute bere burua).

Gizartea dirua daukan pertsonaren zordun bihurtzen da, bere diruaren truke zerbait zor diotelako. Dirua, izan ere, beste pertsona bati ondasun edo zerbitzu bat eskatzeko eskubidea baita.

Estatua izan da historikoki diruaren sortzailea eta ez merkatua. Estatuak inposatu du diruaren erabilera zergak edo zergak ordaintzeko modu bezala onartuz. Estatuak, zergak eskatzen dituenean, ez du helburu gisa berak sortzen duen dirua berriz jasotzea, biztanleria lanean jartzea baizik. Biztanleek lan egin behar dute dirua lortzeko eta diru horrekin zergak ordaintzeko; bestela, delitu bat egingo lukete eta Estatuak zigortuko lituzke. Horrela, zergen bidez, biztanleek ondasunak eta zerbitzuak ekoiztuko dituzte (zergak, hortaz, ez dira finantziazio bide bat). Estatuak ere, zergak jasoz, jasotakoa beste modu batean esleitu dezake (era ekitatiboagoan edo ez).[4]

Zergak aldatu

Berriki azaldu dugu, estatu batek zergak erabili ditzakeela berak sortutako diruaren erabilera zabaltzeko (zergak diruan eskatzen dituenez, biztanleek bere burua dirua edukitzera behartuta ikusiko dute). MMT-ren arabera, diruak balioa du (jendeak dirua onartu eta erabiltzen du) estatuak zergak diru horretan ordaintzera behartzen dituelako.

Biztanleek, zergak ordaintzeko beharrezkoa den dirua lortzeko, lan egiten dute (ondasun edo zerbitzuak sortuz); diruari balioa ematen dioena, zergak baino, zergen eskaerak dakarren lana da. Ikuspuntu hau nahiko hedatuta egon zen II Mundu Gerra ostean, 70eko hamarkadatik aurrera (pentsamendu neoklasikoaren igoerarekin) indarra galdu bazuen ere. Aipatutako hamarkadatik aurrera zergak, diruari balioa ematen dioten giza-harreman bat direla pentsatu ordez, estatuen finantziazioa bermatzen duten tresnak direla zabaldu zen. MMT-k azken proposamen hau baztertu egiten du. Estatuak bere dirua sortzen duela ulertzen bada, ez du zentzurik estatuak bere finantziaziorako dirua zergen bidez lortu behar duela esateak (dirua beharko balu, sinplemente sortuko luke).

Hau da, Estatuak dirua sortzeko ahalmena badu (izatez dirua Estatuaren asmakizuna delako), ez du zergarik behar dirua lortzeko. Zergak biztanleek lan egiteko eta lanaren fruitu horiek jasotzeko erabiltzen ditu, ez dirua jasotzeko. Bere dirua kontrolatzen duen Estatu subirano batek ez ditu zergak behar finantza-baliabideak lortzeko.

Hala ere, zergek zenbait erabilera izan ditzakete (biztanleen lana bultzatzeaz gain), adibidez:

  • Dirua zirkulaziotik atera ("dirua suntsitu") biztanleriaren ahalmen ekonomikoa murrizteko. Pertsona batek zergetan erabiltzen duena ezin du beste ezertarako balio. Mekanismo hau diru gehiegi zirkulazioan dagoenean erabili daiteke.
  • Errentaren eta aberastasunaren banaketa aldatzeko.
  • Zenbait jarrera murrizteko. Adibide argiena tabakoarena da, tabakoari zergak jartzearen helburua honen prezioa igotzea eta hortaz kontsumoa murriztea da. Beste adibide bat kutsadura zigortzen duten zergak lirateke.
  • Enpresa batzuei laguntzeko. Arantzelek, esaterako, atzerriko produktuak garestitzen dituzte herrialdeko enpresen lehiakortasuna bultzatzeko.
  • Estatuaren produktu jakin batzuk baloratzeko.[5]

Eremu monetarioa aldatu

Estatu batek hainbat muga edo oztopo aurkitu ditzake bere dirua eremu batean zabaltzeko/inposatzeko orduan. Logikoa den moduan, Estatu batek soilik bere kontrolpean dauden eremuetan edukiko du berak sortutako dirua zabaltzeko ahalmena. Adibidez: Ingalaterran ezin da ezer erosi eurorekin, librak beharko lirateke.

Diru jakin bat onartzen eta erabiltzen den eremua eremu monetario bat da. Eremu monetarioak, berez, ez du zertan Estatu baten eremu legalarekin bat egin (hori baino handiagoa edo txikiagoa izan daiteke, Estatu horren influentzia eta boterearen arabera).

MMT-ren zenbait jarraitzaleren arabera, dirua antzina metal preziatuz egiteak eremu monetario ezberdinen arteko merkataritza bermatu nahi zela da (izan ere, urrezko txanpon batek balioa edukiko luke bere Estatutik kanpo, eremu monetario ezberdinetan onartua izatea baimenduz). Hala ere, haien gizarteetarako balio berdina edukiko zuten beste material batekoak izango balira, Estatua izango bailitz txanponen balioa ezarriko zuena (eta ez txanponen materialak).[6]

Subiranotasun monetarioa aldatu

Orain arte Estatuak diru sortzaile bezala kontsideratu ditugun arren (bi adibide AEB eta dolarra eta Erresuma Batua eta libra lirateke), Estatu guztiek ez dute bere dirua sortzeko ahalmena. Panamak, adibidez, dolarrak erabiltzen ditu baina ezin ditu dolarrak sortu (AEB-ko Erreserba Federalak dauka soilik horretarako ahalmena). Era berean, Espainiak eta Frantziak ezin dituzte euroak sortu. Azken bien kasua batasun monetarioena da. Batasun monetarioetako parte diren herrialdeek ezin (ohi) dute bere diru propioa sortu.

Bere dirua sortu ezin duten herrialdeek familien edo enpresen modura funtzionatzen dute, dirua lortu behar dute (zergen bidez, zorren bidez edo diruaren sortzaileak "oparitu" diolako) bere gastuak finantzatzeko (ezin dute sortu, gainerako estatuek bezala).

Berdina gertatzen da estatuen barneko eremuko administrazioekin. AEB barneko estatuek edo Errusiako probintziek ezin dituzte dolarrak sortu, haien gainetik dagoen batasun monetario baten parte direlako. Azken finean, estatu gehienek batasun monetario baten moduan funtzionatzen dute. Tokian tokiko administrazio hauek ere dirua lortu behar dute (zergak, zorrak...) erabili aurretik.

Hala ere, posible izan daiteke bere dirua kontrolatzen ez duten estatuentzat edo administrazioentzat zergen menpe ez egotea bere gastua finantzatzeko. Californiako estatuak, bere dirua sortzen ez duen arren, oso erraz lortu dezake AEBtatik (kasik berak sortuko balu bezala); era berean, Espainiako autonomia erkidego batek erraz lor zezakeen pezeta euroaren aurretik.

Bere dirua kontrolatzen dute estatuek ere ez dute zertan subiranotasun monetarioa eduki. Estatu batzuek bere diruaren balioa atzerriko diru baten baliora (zein ezin duten kontrolatu) lotzen dute, beste estatuak egiten duenaren menpe geratuz. Kasu hauetan, beharrezkoa izan liteke gastuak finantzatzeko dirua sortu ordez dirua zergen bidez lortzea. Beste aukera bat bere diru propioa "askatzea" litzateke, berriz ere dirua nahieran sortu ahal izateko.

Azkenekoen egoera antzekoa da bere dirua metal bati lotzen dioten estatuen kasuan (adibide nagusia urre-dolar patroia da, zeinari AEBk askotan muzin egin zion, dirua nahieran sortuz).

Subiranotasun monetario osoa duten estatuek bere buruari mugak jar dakizkieke. AEBk, adibidez, zor muga bat jartzen dio bere buruari, bere gasutei muga jarriz (teorian dirua sortuz finantzatu litezkeenak). Autoinposatutako mugak izango lirateke.[7]

Defizit publikoa aldatu

Sektore publikoaren gastuak sarrerak baino handiagoak direnean, defizit publikoko egoeran dagoela diogu. Teoria neoklasikoen arabera, Estatu bat defizit publiko egoeran dagoenean zorpetu beharra dauka defizit hori finantziatzeko, sektore pribatuari baliabideak kenduz (aurrezki pribatua murriztuz). Honek jarduera ekonomikoen beherakada ekarriko luke, defizit publikoak enpresen eta familien jarduera oztopatuko luke. Honetaz gain, biztanleriak Estatua defizit egoeran dagoela jakingo balu, etorkizunean zergak igoko liratekeela suposatuko luke (hau da, Estatuak zergak igoko dituela defizitak eragindako zorrak ordaintzeko) eta etorkizuneko zergen horiek ordaintzeko aurrezteari ekingo lioke (bere jarduera ekonomikoa oraindik gehiago murriztuz).

MMT-ren ikuspegia ezberdina da. Teoria honen jarraitzaileentzat, Estatu baten gastuak estatu horrek sortutako diruaren kopurua baino ez dira. Gastuak sarrerak baino handiagoak izateak hurrengoa esan nahi du: Estatuak ekonomian sartu duen dirua (berak sortua) bertatik atera duena (zergen bidez) baino txikiagoa dela. Hau da, Estatua defizit egoeran dagoenean, ekonomian dagoen diru kopurua igotzen ari du (superabit egoeran kontrakoa litzake). Ikuspegi honen arabera, defizit-aren finantziazioaz aritzeak ez du zentzurik, defizita soilik Estatuak ekonomian sartu duen diruaren neurketa delako, ez besterik.

Izatez, defizit publikoak ekonomian diru gehiago dagoela suposatzen badu, familiek eta enpresek bere poltsikoetan diru gehiago edukiko dutela suposatu dezakegu (teoria neoklasikoak dioenaren aurka). Norbaiten gastuak beste baten sarrerak badira, Estatuaren gastua familien eta enpresen sarrerak dira (superabit egoera, berriz ere, kontrakoa litzateke). Superabit piblikoek sektore pribatutik dirua aterako lukete.

Sektore pribatuak aurreztu nahi badu, kasik derrigorrezkoa litzateke defizit publikoa egotea (Estatuaren gastuak aurrezki hori bermatzeko). Defizit publikoak ez du zertan txarra izan.

Subiranotasun monetarioa ez duten herrialdeetan ere, Estatuen defizitak ekonomiarako onuragarriak izan daitezke, Estatuaren gastuak finantzatzen dituztelako (gastu hauek ekonomia bultzatzen dutelarik, funtzionarioen soldaten bidez adibidez) eta hartzekodueni interesak ematen dizkielako. Azken finean, defizit publikoak sektore pribatuak diru gehiago edukitzea dakar.[8]

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu