Spiro Agnew
Spiro Theodore Agnew (Baltimore, Maryland, 1918ko azaroaren 9a - Berlin, Maryland, 1996ko irailaren 17a) estatubatuar politikaria izan zen. Aita jatorriz grekoa zuen. Zuzenbide-ikasketak egin zituen Baltimoreko Unibertsitatean. 1944an, Estatu Batuetako armadan egin zuen soldadutza, Frantzian eta Alemanian, eta, Koreako Gerraren garaian, beste urtebetez armadara deitu eta bost domina eman zizkioten. Bizitza zibilera itzuli zenean, Baltimoreko abokatu-bulego batean sartu zen, eta berehalaxe hasi zen politikan lanean. Lehenik Diru Kontuen Elkarte Nazionaleko zuzendaria izan zen, eta bere estatuko gobernadore hautatu zuten 1966an. 1968an, lehendakaritzarako hautagai errepublikanoak, Richard Nixonek, bere lehendakariorde izateko aukeratu zuen. Errepublikanoek hauteskundeak irabazi zutenez, Estatu Batuetako 39. lehendakariordea bilakatu zen Agnew. 1973an, ustelkeria eta zerga-iruzurra egitearen salaketapean, dimititu egin zuen, eta Gerald Fordek hartu zuen lehendakariorde-kargua. Abokatuen Elkargotik ere egotzi zuten. 1995ean, Estatu Batuetako senatuak omenaldi bat eskaini zion, eta marmolezko busto bat ipini zuten haren ohorez senatuaren egoitzan, Estatu Batuetako lehendakariordeari dagokionez senatuko lehendakari izan baitzen.
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Kanpo estekak
aldatu