Santiago Salvador
Santiago Salvador Franch (Castelserás, Teruel, 1862 – Bartzelona, 1894), 1893ko azaroaren 7an, Bartzelonako Lizeoaren Antzoki Handiaren audientziaren kontrako bi lehergailu bota zituen anarkista izan zen. 1894ko azaroaren 21ean exekutatu zuten.
Santiago Salvador | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Castelserás, 1864 |
Herrialdea | Espainia |
Heriotza | Montjuïc, 1894ko azaroaren 21a (29/30 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania |
Jarduerak |
Biografia
aldatuSantiago Salvador Franch Castelserásen, Teruelen, jaio zen 1862an. Gurasoak nekazari aberatsak zituen eta 16 urte besterik ez zituen Bartzelonara joateko erabakia hartu zuenean. Hiru urtez bizi izan zen han eta hara ezkonduko zen gero. Taberna jarri zuen, baina porrotera joan zen negozioa eta jornalari lanetan hasi zen. Alkohola saltzen ere aritu zen, estraperlon.
Gaztetatik izan zuen talde anarkistekiko lotura eta biolentziazko ekintza iraultzailetan hartu zuen parte.
« | Anarkismoari aurre egiten dion gizarte burgesa suntsitu nahi nuen. Eta gizartearen gaurko antolakuntzari erasotzea pentsatu nuen, komunismo anarkikoa ezartzeko xedean. Ez nuen pertsona konkreturik hil nahi. Berdin zitzaidan hauek ala besteak. Beldurra eta izua nagusitzea nahi nuen...[1] | » |
Atentatua
aldatu1893ko azaroaren 7an, El Liceuren neguko sasoiaren hasiera zen eta, Gioachino Rossiniren Gilen Tell operaren bigarren ekitaldian, Santiago Salvador Franchek bi Orsini lehergailu bota zizkion ikuslegoari antzokiko bosgarren pisutik. Ikuslegoa kataluniar burgesiako kidez osatuta zegoen gehien bat, anarkistek proletargoaren esplotatzaile nagusi ikusten zuten haietakoa. Lehergailu bakar batek egin zuen eztanda eta 22 hildako eta 35 zauritu eragin zituen. Nahaste-borraste hartan, Salvador Franchek antzokitik ihes egitea lortu zuen.[2]
Lehen lehergailuak hil zuen emakume baten gorputzak galarazi zuen bigarrenaren eztanda. Ikerketen ondoren, gerora benetakotasunaren gaineko zalantzak piztu baziren ere, Bartzelonako Historia Museoan gorde zuten betirako bigarren Orsini bonba hau.[3]
Atxiloketa eta heriotza
aldatuGerra-legea ezarri zuten Bartzelonan segituan eta ehundaka anarkista hartu zituzten atxilo eta torturatu zituzten. Hasiera batean, José Codinari egotzi zioten errua eta Mariano Cerezuelari gero, 1894ko maiatzaren 21ean bi anarkistak hil zituztelarik.
1894ko urtarrilaren 2an atxilotu zuten Salvador Franch Zaragozan. Harrapatua izateari ekidin nahian, bi aldiz saiatu zen bere buruaz beste egiten, baina ez zuen lortu. Montjuïceko gazteluko kartzelara eraman zuten eta ez zuten uztailaren 11ra arte epaitu. Epaiketan, Paulino Pallásen exekuzioaren mendekua egin nahi izan zuela deklaratu zuen, ezagutzen zuela eta miresten.
1894ko azaroaren 21ean garrotea eman zioten Santiago Salvador Franchi Bartzelonako enparantzan, Nicomedes Méndezen eskutik. 32 urte besterik ez zituen eta bi alabaren aita zen.
Atentatuak garrantzi handiko ondorio politiko eta sozialak izan zituen. Eskubide eta askatasun asko eten zuten eta gerra-legea izan zen Bartzelonan urtebetez. Erasoa anarkisten prentsa, sindikatu eta beste erakundeak jazartzeko aitzakia izan zen.
Erreferentziak
aldatu- ↑ https://www.sigloxxieditores.com/libro/el-nacimiento-del-terrorismo-en-occidente_17673/
- ↑ (Gaztelaniaz) Torrente, Ramón. (1994-2-1). EFE ed. «La historia negra del Gran Teatro del Liceo» El Norte de Castilla.
- ↑ Permanyer, Lluís. (1990-11-6). «La bomba que desgarró la Barcelona de fin de siglo» La Vanguardia.