Raúl Soldi
Raúl Soldi (Buenos Aires, 1905eko martxoaren 27a - ibidem, 1994ko apirilaren 21a) argentinar margolaria izan zen, Argentinako espresionismoaren ordezkari nagusietako bat.
Raúl Soldi | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Buenos Aires, 1905eko martxoaren 27a |
Herrialdea | Argentina |
Heriotza | Buenos Aires, 1994ko apirilaren 21a (89 urte) |
Hobiratze lekua | Pilar Memorial Cemetery (en) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | margolaria |
Kidetza | National Academy of Fine Arts (Argentina) (en) |
soldi.com.ar | |
Buenos Airesko Arte Ederretako Akademia Nazionalean egin zituen ikasketak, eta Europan, Milango Brera Akademian sakondu zituen. 1932an itzuli zen Argentinara, eta, urtebete geroago, bakarkako bere lehen erakusketa egin zuen. Garai hartan zinemarako antzeztokiak prestatzen hasi zen lanean. Bere lana Argentinatik kanpo ezagutarazteko, Parisko Nazioarteko Erakusketan parte hartu zuen 1937an, New Yorkeko Nazioarteko Erakusketan 1939an, San Franciscoko erakusketa batean ere bai eta abar. Argentinan, ospe handiko margolari bihurturik, margolaritzako bi sari nagusiak jaso zituen: Areto Nazionaleko Lehen Saria (1948) eta Augusto Palanza Saria, Arte Ederretako Akademia Nazionalaren sari nagusia. Bere lanen artean muralak ditu aipagarrienetakoak. Lehenengoak 1953an egin zituen, Glewko Santa Ana kaperan, eta Santa Fe Galerian. 1958an bere obraren lehenengo atzera begirakoa egin zen, 100 obra baino gehiagorekin, Witcomb Galerian. Urte horretan bertan nazioarteko onespena jaso zuen, Sao Pauloko Bienioan sari bat jasota. Lanik aipagarrienak Colon Antzokiko kupulako freskoak (Buenos Aires, 1966) eta Deikundearen Basilikaren kapera bateko freskoak (Nazaret, 1968) ditu. Bere obra munduko museo onenetan aurki daiteke, hala nola New Yorkeko Arte Modernoko Museoan, Florentzian eta Milanen.
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.