Portaleta (Donostia)
Portaleta edo Portaletak garai batean Donostiako harresietan zegoen sarrera nagusietariko bat zen. Garai haietan Itsasoko Atea izenarekin aipatzen da. Alde Zaharrean sartzeko beste ate nagusia Lurreko Atea zen, egungo Boulevardean kokatzen zena.[1]
Portaleta (Donostia) | |
---|---|
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Gipuzkoa |
Udalerria | Donostia |
Koordenatuak | 43°19′23″N 1°59′14″W / 43.323051°N 1.9873°W |
Ezaugarriak
aldatuPortaleta izenez ezagutzen den Itsasoko Ateak Donostiako Parte Zaharra eta Kaia banatzen ditu. Erdi Arotik dokumentatuta dago, eta harresitutako esparruaren mendebaldean kokatzen da. Lurreko Atearekin batera, Parte Zaharrera sartzeko erabiltzen zituzten bi ateetako bat da. Áncora elkartearen arabera, hasieran defentsarako eraiki zuten, eta espazio gutxi zuen kanpotik iristen ziren merkantziak Lonjara garraiatu ahal izateko.
XIX. mendearen erdialdean, 1856an zehazki, berritu egin zuten, monumentalagoa eta zabalagoa egiteko. Eraberritze hori Peironcely ingeniariak (Madril, 1818-1884) Donostiako kaia handitzeko proiektuaren testuinguruan egin zuten. Joaquin Ramon Etxebeste udal arkitektoak egin zuen atearen diseinu berria, eta garai hartan modan zegoen itxura neoklasikoa eman zion.
Itsasotik ikusita, teilapez estalitako bost aldeko poligonoaren itxura hartu zuen. Hirigunetik begiratuz gero, ordea, Garaipen Arku bat zirudien. Gaur egun, arku formako erdiko baoa hiriaren inizialak dituen burdinazko hesi baten bidez ixten da; albokoak, berriz, neurri txikiagoko pasabideak dira, oinezkoentzat eginak.
1921ean, Juan Rafael Alday arkitektoak esku hartu zuen berriro, eta haren estalkia bertatik igarotzeko moduko terraza zabal bat bihurtu zuen, harresiaren gaineko pasabidearekin lotuz. Arrantzaleentzako “oso erabilgarria” zen barometro bat jartzeko aprobetxatu zuten (1970. hamarkadan lapurtua izan zena), alboetan bolutak zituen hormigoizko frontis batean txertatuz. Dekorazio hori kendu egin zuten gero, eta 1967an arrantzale kementsuen omenezko inskripzio bat jarri zuten.[2] Urte horietan oraindik ere arrantzaleen topalekua zen.
Tradizionalki hemen jartzen da urtero, maiatzaren 22an, itsasoan aurkitutako Santa Rita eta Santa Kiteriaren irudia.[3]
Iruditegia
aldatu-
Portaleta atzean, 1917an, Ricardo Martínen argazkian.
-
Portaletak Alde Zaharretik ikusita.
-
Portaletetan arrantzaleei eskainitako oroigarria (1967).
-
Santa Rita eta Santa Kiteriaren irudia Portaletan jartzen da maiatzaren 22an.