Orreagatik Larrasoañara (Donejakue bidea)

Donejakueren Frantses Bideko bigarren etapa aldatu

 
Erromesa, aldapan gora.

Nafarroako Pirinioetako profil leuneko mendiak, pago, haritz eta pinuen baso alpinoen eta hezeen artean dira gaurko etaparen eszenatoki bikainak. Mendi erdiko berezko ibilbidea da, eta bidexkak, lurrezko bideak, batzuetan lokaztuak eurite handien ondorioz, tarte harritsuak, eta kontutan hartzeko aldapa zein jaitsierak. Hori dela eta adi ibili behar da, baina ez dago pasabide arriskutsurik edo zailik.[1]

Orreagatik Larrasoañara: 21,4 km. aldatu

 
Mezkiritz mendatean, estela hau ikusgai.

Orreagako Erromesen Aterpetxean Donejakue bideko egiaztagiria lehen zigiluarekin hartu ondoren, irteeran errepidearen eskuinaldetik doan lur-bidea hartuko dugu, harizti, pago eta hirusten baso polit batetik, Auritzera ailegatu arte.

2,8. Auritz. Kale nagusitik gurutzatuko dugu, eta eliza pasa ondoren, banku-bulego baten parean eskuinera hartuz, pista basotsu batetik igotzen gara. Gainalde batean pista asfaltatura iristsi ondoren, bertatik joko dugu beherantz, Aurizperrira ailegatu arte.

6,5. Aurizperri. Herria zeharkatuko dugu errepidean, eta pista bat hartuko dugu ezkerretara, gorantz. Kilometro erdi baino gehixeago egin, eta eskuinera joz Mezkiritz gainera ailegatuko gara (924 m). Bertan Orreagako Andre Mariaren omenezko estela ikus liteke. Ondoren, N-135 errepidea gurutzatuko ondoren, bide basotsu batetik jaitsiko gara kontuz, zati batzuetan zorua hondatuta baitago, Bizkarretaraino.

11,5. Bizkarreta. N-135 errepidearekiko paralelo atera, eta Lintzoainera jaitsiko gara.

13,4. Lintzoain. Atera, eta 850 metroko altueraraino igotzen hasten gara, eta ondoren pista onetan lautu, igoera eta jaitsiera txikiak eginez. Erroko portuan (803 m) N-135 errepidea gurutzatuko dugu. Era desberdinetako bidetatik jarraituz, Zubirira jaisten gara. Herrira sartzeko, Arga ibaiaren gaineko zubia zeharkatuko dugu.

 
Arga ibaiaren gaineko zubia.

21,4. Zubiri. Berriro zubia zeharkatuz, ibilbideak Arga ibaiaren aldamenean jarraitzen du. Laster magnesita-fabrika handi bat inguratuko dugu, ondoren bide atseginetatik jarraituz Ilarratz baserriraino ailegatzeko. Bide beretik jarraitu eta Ezkirozko baserritik pasatuko gara, Larrasoañara iritsi baino lehen. Larrasoañan sartzeko Arga ibaiaren gainean dagoen Bidelapurren zubia zehartzuko dugu.

26,9. Larrasoaña.

Larrasoaña aldatu

Esteribarreko 135 biztanleko kontzejua da, bertako ondarerik bereziena Bidelapurren zubia izanik.[2]

Aterpetxeak aldatu

Ezagunena “Larrasoaña erromeses aterpetxea” da, udaletxekoa eta herriaren erdigunean dagoena. Bertan 32 lagun sartzen dira bi logela partekatutan. Gidetako beste aterpetxe batzuk honakoak dira: San Migel aterpetxea, Tau ostatua, Erromesen ostatua, eta Elita Etxea ostatua.[3]

Erreferentziak aldatu

  1. Done Jakue bidea. Bi ibilbide Euskadin zehar. Eusko Jaurlaritza ISBN 978-84-457-2423-1..
  2. (Gaztelaniaz) Contreras Gil, Francisco. (2021). Guía mágica del Camino de Santiago. Luciérnaga ISBN 9788418015571..
  3. (Gaztelaniaz) Mencos Arraiza, Carlos. (2018). Cien cosas que hay que saber del Camino de Santiago. Lectio ISBN 9788416918393..

Kanpo estekak aldatu