Oraingo gazte eroak

liburua

Oraingo gazte eroak Joxe Azurmendi zegamarrak idatzitako saiakera liburua da. Liburuan Euskal Herriko egoera politiko-morala aztertzen da eta, gaiari dagokionez, Demokratak eta biolentoak, Euskal Herria krisian eta Barkamena, kondena, tortura bezalako liburuen multzoan ipini daiteke. Azurmendik, liburu honetan, egoera politiko eta morala tradizioaren apurketaren ikuspegitik azalduko du.

Oraingo gazte eroak
Datuak
Idazlea Joxe Azurmendi
Argitaratze-data 1998
Generoa Saiakera
Jatorrizko izenburua Oraingo gazte eroak
Herrialdea Euskal Herria
ISBN 84-920333-2-0

Oraingo gazte eroak, hasieran, Pako Sudupek Nemesio Etxanizi buruz idatzi behar zuen liburuarentzat hitzaurrea izan behar zuen. Hitzaurre hura, azkenean, gogoeta-liburua bihurtu zen, irakurlea gogoetan jarriko duena, ez besterik gabe irakurleari pentsamendu oso itxi bat eskaini nahi diona. ETA hasi zeneko gizarte eta kultura giroa du abiapuntu, Euskal Herriak oinordekotzan jaso zuena, garai hartako diktadura faxistak bere instituzio guztien bidez moldarazi zuena eta garai hartako euskal abertzaletasunak, oztopoak oztopo -mundu berri bati begira batzuek, galtzer zegoen aurreko munduari begira besteek-, bultzatu nahi izan zuena. Nemesio Etxaniz, bi mundu horien arteko trantsizio-urteak kezkaz beterik bizi izan zituen apaiz abertzalearen inguruko gogoetetatik sorturiko liburua da hau, gurean lekua hartua zuten eta hartzen hasi ziren ideologia eta pentsamoldeak arakatu eta azaldu nahi dituena. "Oraingo gazte eroak" deitu zien orduan Nemesio Etxanizek pentsamendu eta ekinbide-molde berriak bultzatu zituztenei, Txillardegi kasu. Bizirik dirau ETAk egun ere. Parean jar ote daitezke orduko garaia eta egungoa? Pentsamendu bakarreko apostolu berrien eszeptizismo guztien muga da ETA, eta Estatua; bataren arbuioa kontestaezina da, eta bestearen onespena baldintzarik gabea. "Dogmatismoa lehen artxikatolikoa zela eta orain artxidemokratikoa dela, beharbada hortxe dago alde guztia", diosku Joxe Azurmendik eta, egungo egoeraren aurrean, askatasuna aldarrika datorkigu. "Zer ari zaigu gertatzen?", galdetuko dio behin eta berriro bere buruari, eta saiatuko da argia egiten, jakinik inoiz ez duela norberarenak erabateko osotasun biribil hori eskaini ahal izango: "filosofoa guretzat ez da gauzak pentsatu dizkiguna, pentsarazten dizkiguna baizik".

Ikus, gaineraAldatu

BibliografiaAldatu

Kanpo estekakAldatu


  Artikulu hau literaturari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.