Frantziako Kode Zibila, Napoleonen Kodea bezala ezaguna, munduko kode zibilik ezagunenetako bat da. Izen ofiziala 1807an eman zen, ordura arte frantsesen Kode Zibila deitzen baitzen, eta 1804ko martxoaren 21eko Legearen bidez onartu zen; oraindik indarrean dagoena, baina aldaketa asko eta garrantzitsuekin. Frantziako tradizio juridikoa biltzeko ardura eman zitzaion batzorde batek sortua, kode hau Code Civil des Français bezala aldarrikatu zen, Napoleon Bonaparte gobernuan zegoela.

Napoleonen Kodea
Jatorria
Argitaratze-data1804
Honen izena daramaNapoleon Bonaparte
Ezaugarriak
Hizkuntzafrantsesa
Egile-eskubideakjabetza publiko
Emanaldia
Hasiera-data1804
Historia

Ezaugarriak

aldatu

Napoleonen Kodeak 1789ko aldaketa iraultzaileei egonkortasun politikoa eman nahi zien. Napoleon lehen kontsul izendatu zuten, beregain botere guztia bilduz. Beranduago kontsulatuak burutu zuen politikaren artetik ezaugarri aipagarrienetako bat kode zibilaren aldarrikapena izan zen, iraultzaren ideiak jasotzen zituena, nahiz eta oso neurtuak izan.

Frantziako Iraultzaren ondoren, legebiltzarkide eta epaileek legearen interpretazioari amaiera eman eta legea interpretatzeko baimendutako organo bakarra legegilea zela adierazi zuten. Napoleonen kodea izan zen aldaketa hori bertan behera utzi zuena. Aitzin Erregimenarekin amaitu zuen Kode Zibil honek ezinbesteko eragina du mendebaldeko gainontzeko Kode Zibilengan. Frantziako Iraultzaren ondoren hainbat lege finkatu zituen Kode Zibil honek.

Zuzenbide zibila, Kode Napoleonikoan oinarrituta eta kodifikatuta dagoena, jurisdikzio zibil eta penal arruntak dituzten epaitegien eta administrazio auzitegien artean banatzen da. Zuzenbide arrunteko sistemek Ingalaterraren historia dute, eta zuzenbide zibileko sistemek, berriz, Napoleonen Kodearen bidez, Erromako zuzenbidearen Corpus Juris Civilis-era iritsi ziren.

Gaur egun indarrean dagoen Napoleonen Kodeak, Frantziako askatasunaren, berdintasunaren eta lagunartearen iraultzak sustatutako ideia liberalak ezartzeaz gain, eskubide zibilak eta demokrazia ezartzen lagundu zuen. Pribilegioak debekatzen dituen kode hau zuzenbide zibil modernoaren aitzindaria dela esan daiteke.

Testuingurua

aldatu

Frantziako herria aldaketa politiko baten lekuko izan zen, eta aldaketa horrek behin betiko akabatu zituen hilzorian zegoen sistema politiko baten azken aztarnak, Frantzia berri bat sortzeko, non 1789ko Iraultzaren lorpenak, edo horietako batzuk behintzat, behin betiko sendotuko ziren. Izan ere, 1804ko martxoaren amaieran, "Kode Napoleonikoa" edo "Frantziako Kode Zibila" deiturikoa onartuko zen.

Kontsul zen Napoleon Bonapartek zeregin nabarmena izan zuen honetan. Proiektu honen ideologoetako bat izan zen, tradizio juridiko frantses guztia testu bakar batean bateratzea proposatu zuen, estamentu eta eskualde jakin batzuen pribilegio juridikoekin amaitzeko. Horretarako, legedi orokorragoa ezarri nahi zuen, Frantziako biztanle guztientzat berdina izango zena. Lehen zirriborro bat egiteko eskatu zitzaion batzorde bati, ondoren Gorte Nagusiari eta Gorteari bidaltzeko, berrikus zezaten, eta Estatu Kontseiluari, azkenik onar zezan.

Napoleonek idazketan ia parte hartu ez bazuen ere, bere estatus sozial eta politikoak izapidea erraztu eta arindu zuen; hilabete gutxi barru, Frantziak legedi berria zuen. Gainera, kodetze-prozesuan egoteaz arduratu zen.

Politikoki, Kodearen printzipio nagusiak izango lirateke legislatibismoa, nazioarteko esku-hartzea eta kongresuak egitea, potentzien arteko bitartekaritza-modu gisa, orekari eusteko. Gainera, herritarren zenbait eskubide bultzatu zituen, hala nola norbanakoaren askatasuna, kontzientzia-askatasuna edo lan-askatasuna, baina, batez ere, sistema feudalaren abolizioa. Honekin, Antzinako Erregimena eta bertatik zetorren gizarte sistema itzultzea eragozten zen, ondoko herrialdeak garai berri baterantz abiatuz.

Egitura

aldatu

K.a. VI.mendeko Justiniano kodeak eragina izan zuen Napoleonen Kodea osatzerakoan. Kode honek, legea hiru zatitan banatzen zuen: pertsonak, objektuak eta ekintzak. Era berean, Napoleonen Kodeak legegintza lau zatitan banatu zuen: pertsonak, ondasunak, jabetza eskuratzea eta prozedura zibila. Guztira, 2281 artikulu bildu ziren.

Hitzaurrea

aldatu

Kodearen hitzaurreak honela dio:

“Estatu despotikoetan, non printzipioa lurralde osoaren jabe baita, non merkataritza guztia estatuburuaren izenean eta horren onurarako egiten baita, non partikularrek ez duten ez askatasunik ez jabetzarik, epaile eta borrero gehiago daude legeak baino; baina hiritarrek ondasunak gorde eta defendatzeko dituzten lekuetan, eskubide politiko eta zibilak dituztenetan, ohorea beste edozein ongitzat hartzen denean, lege kopuru bat behar da guztiari aurre egiteko. Ondasun mota ezberdinek, industria mota ezberdinek, giza bizitzako egoera ezberdinek, arau ezberdinak eskatzen dituzte.”

Ondorioak

aldatu

Napoleonen Kodeak oso eragin azkarra lortu zuen, berehala inposatu zen napoleondar inperioaren hastapenak izan zuen konkista eskubidearen ondorioz. Batez ere Belgikan, Luxenburgon, Holandan, Italian, Polonian eta Alemanian zabaldu zen. Era honetan, ideia iraultzaileak Europako gizartean finkatzen joan ziren eta burgesiak haien alde egiten zuen, baita Frantziako Inperioaren erorialdian ere. Beraz, esan dezakegu burgesiaren espiritu iraultzailea finkatu zela. Herrialde askok XIX.mendean euren Kode Zibilak garatu zituzten Napoleonen Kodean islatzen diren ideia berrietan oinarrituta. Eta ondorioz, norbanako askatasun ekonomikoak, legearen aurrean berdintasuna, ezkontza zibilak eta dibortzioa legeztatu ziren. Eta hori izan zen gizarte berri baten hasiera.

Kode Zibil Napoleonikoak eragin handia izan zuen Europako herrialde guztietan. Erromatar zuzenbidearen ideiak iraultzako ideia moderatuenekin batu zituen: askatasuna, berdintasuna eta feudalismoaren abolizioa. Zuzenbideko subjektua jada ez zen herria edo kolektiboa, baizik eta gizabanakoa, eta honek, modernitatea eman zion kode napoleonikoari. Kode honen akats handiena emakumea gizonaren menpe jartzen zuela izan zen, ez baitzuen ezkontideen arteko berdintasuna aintzat hartzen.

Kode Zibilaren izaera orokorrak Ipar Euskal Herrian talka egiten zuen behar zehatzei erantzuten zien foru zuzenbidearekin. Adibidez, ondorio kaltegarrien artean, baserriak oinordekoen artean zatitu gabe osorik mantentzea zailtzen zuen.

Bibliografia

aldatu
  • Briceño V., Gabriela. (2018). Código Napoleónico [Kontsulta eguna: 2021/04/23]. Berreskuratua: https://www.euston96.com/codigo-napoleonico/
  • Carrasco, Miguel Vega (2014). El Código Napoleónico [linean]. Descubrir la Historia [Kontsulta eguna: 2021/04/16]. Berreskuratua: https://descubrirlahistoria.es/2014/03/el-codigo-napoleonico/
  • Palanca, Jose (2017). El Código Napoleónico [linean]. La Crisis de la Historia [Kontsulta eguna: 2021/04/23].Berreskuratua: https://www.lacrisisdelahistoria.com/codigo-napoleonico/#Estructura_del_Codigo_Napoleonico
  • Del Rey, Miguel (2017). El libro del soldado napoleónico:La historia, armas y uniformes de los ejércitos de Napoleón. Eskuragarri hemen:
  • Etcheverry-Ainchart, J. (1980): "La transmission juridique de la maison basque. Depuis la Révolution" in Etxea ou la maison basque, Donibane-Lohizune, Les Cahiers de Culture Basque.
  • Urrutia, Andres (2000): "Kode Zibil berriaren abiaburuan: Portalisen hitzaldia" in Jean Etienne Marie Portalis: Frantziako Kode Zibilaren lehen proiektua: Atariko hitzaldia, Donostia, Jakin.

Kanpo estekak

aldatu