Karabakh Garaia
Karabakh Garaia[1] (armenieraz: Լեռնային Ղարաբաղ, translit.: Leṙnayin Ġarabaġ, azerbaijaneraz: Dağlıq Qarabağ edo Yuxarı Qarabağ, errusieraz: Нагорный Карабах, translit.: Nagornyj Karabah) Azerbaijango errepublikaren barruan dagoen eskualdea da. Karabakh Beherea eta Zangezurren artean dago, Kaukaso Txikiaren hego-ekialdean. Eskualde menditsua da, baso askorekin.
Sobietar garaian, Azerbaijango Sobietar Errepublika Sozialistaren barruko Karabakh Garaiko Oblast Autonomoa zen gehiena. Lurraldea Azerbaijango lurren barnean dago gaur egun. 1991tik 2023ra, Azerbaijanek ez zuen botererik izan lurraldean, Armeniaren kontrolpean baitzegoen, Artsakheko Errepublikaren bidez. 1988az geroztik, hiru gerra izan dira bertan, lehena armeniarrek irabazia, bigarrena azerbaijandarrek, eta hirugarrena azerbaijandarrek berriro ere; azken gerra horrekin, Artsakheko Errepublika desegin zen eta Azerbaijanek Karabakh Garaiaren gaineko erabateko kontrola eskuratu zuen.
Eskualdearen mugak ezartzeko, lehengo Karabakh Garaiko Oblast Autonomoaren mugak erabiltzen dira. Horrela, 4.400 km2 ditu, nahiz eta historikoki 8.223 km2 izan zituen. 2023rarte, 138.000 bat pertsona bizi ziren, gehienak armeniar jatorrikoak.
Etimologia
aldatuEuskaraz "Garaia" hitza erabiltzen dugun arren, mundu osoan zehar hizkuntza askotan "Nagorno" erabiltzen da. Nagorno hitza errusierazko adjektiboa da, нагорный (nagorny) hitzetik eratorria, eta goi(ko) lurraldea esan nahi du. Azerbaijanerazko izenak dağlıq eta yuxarı dira, menditsu eta goikoa esan nahi dutenak. Hitz horiek ez dira erabiltzen armenierazko izenean, baina sobietar garaian agertzen ziren izen ofizialean. Beste hizkuntza batzuetan ideia hori itzultzen da, euskaraz eta edo frantsesez bezala (Haut-Karabakh).
Karabakh izena agian bi hitzetatik dator: kara eta bagh (edo bakh), turkiar hizkuntzetatik eta pertsieratik hurrenez hurren. Hitzez hitz, "zelai beltza" esan nahi du. Izena lehenengo georgierazko eta pertsierazko testuetan agertu zen, XIII. eta XIV. mendeetan.
Karabakh-Garaia batzuetan Artsakh gisa izendatzen dute armeniarrek (armenieraz: Արցախ), Armeniako Erresumako 10. probintziaren izenaz. Urartieraz aurkitutako inskripzioetan (K. a. IX-VII. mendeak) Urtekhini esaten zitzaion eta antzinako Grezian, Orkhistene izena zuen.
Geografia
aldatuLurralde menditsua da, belardi eta baso askokoa. Haren hedadura 4.400 km2-koa da eta 2006an 138.000 biztanle zituen. Hiriburua Stepanakert da.
Historia
aldatuSobietar Batasunaren desegitearen garaian, eskualdea tentsio motibo izan zen armeniar eta azerbaijandarren arteam. 1991. urtean Artsakh izenaren errepublika independente bat aldarrikatu zuten bertako armeniarrek, eta 1992-1994 urteen artean gerra batean, Armeniarekin bat egitea lortu zuten Azerbaijango terreno gehiago okupatiuz. 1994an lerro militarrak geldi geratu ziren, baina tentsioek jarraitu zuten.
2014ko irailaren 12an, Eusko Legebiltzarreko Europako Gaietarako eta Kanpo Ekintzako Batzordeak Nagorno Karabakh eskualdearen autodeterminazio eskubidea babestu zuen, EAJk eta EH Bilduk hitzartutako ebazpen batean. Errusiako Kaukaso hegoaldean zegoen eskualdea, eta 1988tik gatazka armatua zuen. Onartutako testuak zioen Nagorno Karabakhen erabakitzeko eskubidea zela gatazkaren konponbidea[2].
2020an Azerbaijan indartu batek Karabakh Garaiko Bigarren Gerra probokatu eta irabazi zuen, armeniarren Lehen Gerrako okupazioetan atzerakada bultzatuz. Hala ere, Karabakh Garaiko lurrik gehienak kontrol armeniarraren pean geratu ziren, eta korridore bat osatu zen gainerako Armeniarekin (Latxingo korridorea), errusiar bake indarren kontrolpean geratu zena.
2023an Artsakh eta Azerbaijan arteko enfrentamenduen ondorioz, armeniarrek lurraldean zuten boterea galdu eta Azerbajanen txertatu zen. Guda eta gero Azerbajango gobernuak agindu ahal zituen ekintzen beldur, eskualdeko armeniar gehienak Armeniara alde egin zuten.
Ekonomia
aldatuEkonomian garrantzi handia dute abere-hazkuntzak eta laborantzak. Maila apalagoa du industriak; ehungintza da industria-alorrik garrantzitsuena.
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Kanpo estekak
aldatu- Adrian, GARCIA, Karabakh Garaiako egoerari buruzko elkarrizketa, Berria, 2014-09-14