Musikaire

Musika jaialdi bat uztailean, aire zabalean, Elorrioko parajeak aprobetxatuta

Musikaire musika jaialdi bat da, eta udaro Elorrion egiten da, Bizkaian. Berez, 1998an abiatu zen, Elorrioko Udako Jaialdiak izenarekin, eta Arriola Kultur Elkarteak bultzatuta. 2003an, ostera, jaialdiak beste izen bat hartu zuen: Musikaire, Udako Jaialdiak Elorrion. [1]

Musikaire 2018ko ekitaldi bat, Lariz jauregian, Elorrion

Laupabost asteburutan banatuta, Musikaire jaialdiak dozenatik gora ekitaldi eskaintzen ditu (zenbait musika mota, antzerkia, gaur egungo dantza, kale animazioa…), aire zabalean eta Elorriok dituen paraje eta eraikin ikusgarrietan. [2]

Arriola Kultur Elkarteak antolatzen du urtero Musikaire. Babesleak, berriz, Elorrioko Udala eta Bizkaiko Foru Aldundia dira. Horrez gain, Elorrioko hamar bat enpresak eta elkartek laguntzen dute diruz, Musikaireko ekitaldiak doakoak izan daitezen.

Musikaire dela-eta, herriko hiru jauregi esanguratsuk (Zearsolo, Urkizu-Tola eta Lariz) ateak zabaltzen dituzte, pare bat egunez herritarrek ikuskizunak goza ditzaten bertako lorategietan. Publikoari dagokionez, berriz, elorriarrak dira nagusi, baina Durangaldetik eta Debagoienetik ere hurbiltzen da jendea. Baita urrutiagotik ere. [3]

Historia aldatu

Elorrio klasikoa. Musikaire jaialdien ernamuinean “Elorrio klasikoa” egon zen, Arriola Kultur Elkartearen esperimentu bat musika klasikoa eta Elorrioko zenbait eraikin eta toki esanguratsu uztartzeko. Saio haietako gehienak San Agustin elizan egin ziren, arrakasta handiz.

Elorrioko Udako Jaialdiak. Hura ikusita, 1998an Arriola Kultur Elkarteak Elorrioko Udako Jaialdiak sortu zituen, aurreko esperimentuan sakonduz. Musika klasikoari gehitu zitzaizkion beste musika mota batzuk: folka, flamenkoa, jazza…, baita beste genero artistiko batzuk ere (antzerkia, gaur egungo dantza, kale animazioa…), bai eta beste leku batzuk ere, denak ere ikusgarriak: baselizak, jauregiak, elizak, herriko plaza eta elizpea.

Musikaire, Udako Jaialdiak Elorrion. 2003an Arriola Kultur Elkarteak aldatu egin zion izena jaialdiari, izen erraz bat bilatzen baitzuen, hitz batean adieraziko zuena jaialdien izaera. Horrela, Musikaire sortu zen, azalpen gisa eramango zuena Udako Jaialdiak Elorrion. Musikaire hazi egin zen, herritarren onespenarekin, eta 2006an, adibidez, 15 ekitaldi eskaini zituen, zazpi asteburutan banatuta, 115.000 euroko aurrekontuarekin.

2008a ezkero, krisi ekonomikoarekin, Musikairek murriztu egin zuen eskaintza eta aurrekontua, baina segitu zuen egitarau sendoa eskaintzen. Gaur egun uztailean egiten da Musikaire, hileko asteburuetan.

Agertokiak aldatu

Hasieran Musikaire egin zen leku askotan, aire zabalean batez ere, aprobetxaturik Elorrioko paraje eta eraikin ikusgarriak: baselizak (Gazeta, Argiñeta, Lourdesko koba eta San Jose), jauregiak (Zearsolo, Urkizu-Tola eta Lariz), elizak (San Agustin eta Sortzez Garbiaren parrokia), herriko plaza eta elizpea.

Krisi ekonomikoak eta antolakuntzaren premiek murriztu egin dituzte lekuak, eta gaur egun toki hauetan egiten da batez ere, denak ere hirigunean:

Iruditegia aldatu

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu